Iñigo Etxezarreta: “ETSren formatu ezberdinak egongo dira etorkizunean”
Gero eta egonarri eta segurtasun handiagoz egiten die aurre Iñigo Etxezarreta En Tol Sarmiento (ETS) taldearen buruak (Gasteiz, 1988) formatu handiko kontzertuei, BECen 2025eko martxoan eskaini zituen hiru emanaldien, duela bi aste Palau Sant Jordi Bartzelonako kiroldegian zabaldutako ikuskizunaren eta larunbat honetan, hilak 25, Madrilgo Movistar Arenan emango duen kontzertuaren muntakoei.
Halako erronkak martxan jartzeko urratsa egiteagatik pozik dago musikaria, ikasteko eta “erokeriak” egiteko parada ematen diotelako eta “artistago” sentitzen delako aupada horiei esker, baita gaualdi berezioi esker taldearen izena hazi egin delako ere.
Nolanahi den, bihar, larunbatarekin, ETB1en eta ETB ONen zuzenean (20:45) jarraitu ahalko den kontzertuaren gisako ikuskizunek ordenagailuaren aurrean edo telefonoa eskuan duela egotera behartzen dute Etxezarreta musikagintza lanetan baino are luzeago, gitarra soinean duela edo mikroaren aurrean melodiak entseatzen baino denbora gehiagoz; zuzendari artistiko lanak musikari lanei gailentzen zaizkie tamaina horretako emanaldietan: “Nire denbora eta energia gehiena zuzendaritza artistikoan ematen dut”, azaldu digu Iñigok.
“Astebete edo bi aste gelditzen direnean jartzen naiz pentsatzen horra gora igo behar dena ni naizela; are gehiago, lasaiago egongo nintzateke beste norbait bat igoko balitz oholtzara. Proposamen aberatsa da, eta gauza asko daude atzean: erabaki musikalak, noski, baina baita ere argiekin zer egin, bisualekin zer egin, kantuak nola lotu, eszenografia, errealizazioa…”.
Nolanahi den, zuzenekoez gehiago gozatzen ikasteko bidean da arabar musikaria, eta sentitzen du aldaketa bat egongo dela aurten, alde horretatik: “Normalean ez dut kontzertuez jendeak uste duen bezainbeste disfrutatzen; presio handia izaten da. Eszenatoki gainean lasai egon nahi dut, eta seguru. Baina Bartzelonakoa inoiz gehien disfrutatu dudan hiru kontzertuetako bat izan zen, seguru asko, eta pozik nago. Orain arte, asko sufritu dut, eta, kontzertuak bukatutakoan ere, jendea negarrez-eta ikusten dut, baina ni plano arrazional batean gelditzen naiz. Bada, hori aldatzen saiatzen ari naiz”, azaldu digu Etxezarretak.
Hamaika aukera izango ditu Etxezarretak aurrerantzean, eraldaketa hori gauzatzeko, ETSk plazetan jarraituko baitu –“taldeak orain arteko ibilbideari uko ez egitea eta plazetan jotzen jarraitzea gustatuko litzaidake”, esan digu musikariak–, baita, tarteka, “kontzertu bereziak” eskaintzen: “ETSk aurrera jarraitzen du, gauza asko egiteke daude oraindik eta formatu ezberdinak izango dira etorkizunean”, azaldu digu.
Kontzertu berezi horiek, esan gabe doa, ahalegin gehigarria eskatzen dute, baliabide eta sormen aldetik, baina publikoari “nazioarte mailako emanaldi profesionalak” prezio “ez oso altuan” (pistako sarrerak 46,20 euroan zeuden Movistar Arenarako, eta 31 euroan , BECen) proposatzeko eta galerarik ez izateko bidea zabaldu diote taldeari, besteak beste, babesleen ekarpenari esker; Eusko Jaurlaritzak, berbarako, 300.000 euroko dirulaguntza zuzen batez lagundu du “Bihotzen konkista” proiektua "euskara eta euskal kultura Euskaditik kanpo zabaltzeko", Jaurlaritzak iragarri duenez.
“Konkista”
Esparru musikalean, nolanahiko ikuskizun horietarako lehengaia, errepertorioa, luzatu eta aniztu du ETSk, “Konkista” 2025eko amaieran kaleratutako diskoan. “Disko oso eklektikoa” da, laburtu digu Etxezarretak, “kaos emozional batetik sortutako kantuak, bizitza bera bezala, kontrastez eta kontraesanez beteriko hamaika abesti” biltzen dituen lana.
Ebasioaz, zauriez eta kontraesanez hitz egiten du lau-bost hiletan, “barrenak hustu arte”, ondutako diskoak (“Egoera emozional konplikatu batetik, norabide galera batetik, pasatu naiz azken bi urteetan”, azaldu digu Etxezarretak), pop-rockaren estandarretan zein erritmo latinoetan bermatzen diren istorioen bidez.
Fernando Boix valentziarra (David Bisbal, Dani Fernández, Ana Guerra, Alfred García…) eta Felipe González Abad Nabalez (Morat, Sebastián Yatra, J Balvin…) arduratu dira Etxezarretak sortutako doinu horiek doitzeaz, Boix pop anglosaxoiarekin lerrokatuago dauden lau kantutan eta Nabalez kolonbiarra kutsu latino argiagoa duten gainerako zazpietan.
Miami eta Ekora artean joan-etorrian mamitu dira besteak beste batxata eta Argentinako cuartetoak oinarri dituzten kantuak, Luck Ra musikariaren (“La morocha”, “Luck Ra: BZRP Music Sessions, Vol. 61”…) zein estilo urbanoa deritzonaren eta oihartzun tropikaleko doinuen bidegurutzean dauden beste proposamen batzuen soinu unibertsoan kokatuta eta, Etxezarretaren harridurarako, “abiadura bizian”: “Diskoaren sortze prozesua inoiz baino gehiago gozatu dut, batez ere ikusi dudalako erabakiak, erabaki onak, oso azkar hartzen dituzten pertsonak. Egun bat, abesti bat esaten zuen Nabalezek, eta gustatu zait lan egiteko modu hori”.
“Bihotzen konkista”
Kantu horietako asko, zuzenekoetarako moldatuta (“gauza bat da diskoan dagoena, eta beste gauza bat zuzenekora nola eramaten dituzun gauza horiek”, diosku ETSko konpositoreak), larunbatean izango dira entzungai “Bihotzen konkista” ikuskizunaren Madrilgo kontzertuan.
Sorpresak ere egongo dira, nola ez, baina taldeak ez du askorik aurreratu nahi izan, eta Movistar Arenako pista-harmailetan lekua hartuta edo ETB1en zein EITB ONen emankizunei adi egon beharko da, ezustekoetarako prest.
Ezustekoez ari garela, hain zuzen ere, Etxezarretak aurreratu digu ETSren hurrengo pausoetako baten berri kontzertuan bertan izango duela publikoak.
Orduan jakingo dugu “eta, orain zer?”.
Klisk
Zure interesekoa izan daiteke
Zita bikoitza etxean
“Tantas cosas que contar” Amaia Montero abeslaria La Oreja de Van Gogh taldera itzuli izana ospatzen duen bira Donostiara iritsiko da asteburuan. Iluben, Donostia Arenan, dago jarrita hitzordua, ostiral-larunbatetarako.
Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin
Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.
Ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan den Miguel Martin omendu dute Donostian
Donostiako Jazzaldia saria eman zioten bart Miguel Martini, ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan denari. Orain arte berak ematen zien Trinitate Plazan sari hori musikariei, eta aurten berak jaso du errekonozimendu gorena. Jon Insausti Donostiako alkateak eman zion saria.
ETSk hasiera bikaina eman dio Donostiako Jazzaldiari
En Tol Sarmiento talde arabarrak Donostiako Jazzaldiaren 61. edizioa inauguratu du bart. Kontzertuaren irudiak zuzenean proiektatu zituzten Kursaaleko fatxadan.
Adele, Raye, Sienna Spiro…: 15 urte Amy Winehouseren oinordekoaren zain
Duela 15 urte Camden Towneko bere etxean hilda aurkitu zuten Amy Winehouse; ordutik, Erresuma Batuko musikagintzak ez du haren parekorik aurkitu.
Jazzaldia abiatzeko ETSk gaur hondartzan emango duen kontzertu jendetsua Kursaaleko fatxadan ikusi ahal izango da
Asteazken honetan ekingo diote doako kontzertu jendetsuei, Keler Gunean. Arabako talde ezagunak joko du 23:30ean, eta, aurretik, LP artista estatubatuarraren musika izango da protagonista. Datorren egunetan Danielle Nicole, Kokoshca, Emma-Jean Thackray, Nøgen eta HOFE igoko dira Zurriolako oholtzara, besteak beste.
Bilbao Blues jaialdiak doako kontzertuekin beteko du Areatza
Uztailaren 24tik 26ra egingo den jaialdiaren bosgarren edizioak Travellin' Brothers Bizkaiko taldeari emango dio urteko saria.
Jazza ozen Donostian, Pat Metheny, Diana Krall eta Marcus Millerren eskutik
Donostiako 61. Jazzaldiak 77 kontzertu eskainiko ditu uztailaren 22tik 26ra, horietako 47, doakoak. David Murrayk, Joe Lovanok eta, jaialdia gidatuko duen azken urtean, Miguel Martín zuzendariak jasoko dituzte Donostiako Jazzaldia sariak.
Madonna, Shakira, Ronaldinho edo Ronaldo Nazario, izar nagusiak Super Bowl kutsuko Munduko Kopako finalean
Justin Bieberrek Everyyhing Hallejujah interpretatu zuten, gitarraz lagunduta. Harmailetan beste izar batzuk zeuden; hala nola Beyonce, Dua Lipa, Rihanna, Timothée Chalamet eta Matt Damon.
The Bad Plus taldeak bere agur-birako azken kontzertuetako bat eskaini du Gasteizko Jazzaldian
The Bad Plus taldeak Gasteizko Jazzaldian eskaini zuen bere agur-birako azken kontzertuetako bat. Talde estatubatuarra 26 urte, 16 disko eta milaka emanaldiren ibilbideari amaiera ematean ari da, eta jaialdiaren 49. edizioko azken eguneko hitzordu hunkigarrienetako baten protagonista izan zen. Giant eta Anthem for the Earnest kantek Mendizorrotzako publikoa hunkitu zuten.