Kode: “Mugatuak sentitzen ginen hastapenean genuen rock estiloan”
“Atzera goaz, aurrera ez bagoaz” kantatzen zuen Berri Txarrakek (besterik da zerk bultzatzen gaituen aurrera, erants daiteke); Kode Azkaine eta Urruñako taldeak, Eki Arizagak eta David Lakarrak osatzen duten bikoak, zalantza izpirik gabe babestuko zuen baieztapen hori, eta gorpuztu ere egin du esaldia, bizitzara ekarri, beren musikak bi urtean egin duen aurrerakadak erakusten duenez.
Hardcore melodikoa, rock klasikoa eta grunge ukitu batzuk nahasi zituen Kodek, artean hirukote zela, Desioen bidean 2024ko diskoan, baina, soinu hori eta hirukote formatua desagerrarazi dituzte Suntsitu.001 EP fresko askoan, bere proposamen melodiko eta rockeroa soinu elektronikoekin aberastu eta hedatuta.
“Arnasgunerik ote?”, “Itzalen artetik”, “Oroitzapen galduak” eta “Batzutan” kantuak entzuten dituenari Bring Me The Horizon, Ezpalak, Dupla edo Turnstile etorriko zaizkio burura, agian, baina, zirena suntsitu eta gero, Eki eta David bide oso interesgarrian ari dira eraikitzen egun direna eta izango direna, eraginak gorabehera, indarra, melodia eta sofistikazioa lagun.
Beraiekin hitz egin dugu.
Zein da Koderen jatorria, zein da taldearen iturburu kodea?
David: Kode 2023an lagun artean sortutako taldea da. Sorreran hiru ginen, orain Eki Arizagak eta David Lakarrak osatzen dugu. Lapurdikoak gara, zehazki Azkaine eta Urruñakoak.
Eki: Kode izena ez da musika soilik. Betitik izan dugu audio- eta argi-programazioaren gustua. Azkenean, denbora anitz pasatzen dugu automatizatzen, kodifikatzen, kode artean berrikuntzen xerka. Ingurukoekin aipatzean, anitzetan frikiak garela erraten digute, umorez.
Zergatik dator orain Suntsitu eta zergatik lau kantuko EP formatuan?
David: Poliki-poliki kantuak atera nahi genituen, bakoitzari bere inportantzia emanez, bere momentua eta dagokion bisuala landuz.
Eki: Album osoaren formatuan, kantu batzuk oharkabean pasatzen dira, eta gure asmoa bakoitzari bere nortasuna ematea da.
EP berrian, lehengo Koderen zer alde suntsitu nahi izan duzue eta taldearen bertsio horren zer alderi eutsi nahi izan diozue?
David: Mugatuak sentitzen ginen hastapenean genuen rock estiloan. Gure asmoa zerotik abiatzea zen, estilo berri batean.
Aldi berean taldearen hiruko formatua ere hautsi genuen, ordura arte eginikoa Suntsituz.
Suntsituren ifrentzua, Eraiki bigarren EPa, laster etorriko omen da. Zertan da?
Eki: Bigarren EPa jadanik konposatua eta grabatua da. Suntsitu trantsiziozko EPa da, rockaren eta elektroaren arteko oreka. Eraiki elektronikoagoa izanen da.
David: Ez dugu musika estilo hetsirik, heldu denari irekiak gara. Libre izan nahi dugu momentuan sentitzen duguna sortzeko, gogoaren arabera, estilo anitzetan nabigatuz.
Elektronika erdiz erdi sartu da lehen rock klasikoaren estandarretan sar genezakeen zuen proposamenean. Nolakoa izan da kantuetan elektronika sartzeko prozesua?
David: Nire aldetik, Koderen hastapenean, rock anitz entzuten nuen garaian nintzen. Aspalditik amesten nuen rock album bat egitea, nahiz eta betitik entzun izan ditudan musika estilo ezberdinak.
Aldaketa honetan, detaile elektroniko txiki batzuk gehitzea zen hasierako ideia, eta, hasi orduko, aldaketak egitekotan bete-betean egitea atera zitzaigun.
Konposizio garaian, Ekiren rock maketa batzuk hartu genituen, eta elektronika gehitu. Orain alderantziz egin dugu: maketa elektroei rocka erantsi.
Oihartzun batzuk daude Suntsitun: Turnstile, Bring Me The Horizon, Asking Alexandria, Enter Shikari… Zer taldek eraman zaituzte egun egiten ari zareten soinuetara?
Eki: Nahi gabean, posible da talde horien influentzia izatea; nahasketa badugu, mutur batetik bestera.
David: Nik K-pop anitz entzuten dut: Blackpink, Le Sserafim, Aespa.
Eki: Aldi berean, berdin House of Protection, Electric Callboy, Linkin Park, Bring Me The Horizon…
David: Elektro aldetik, Fred Again, Skrillex… Anitz, baina artista zehatzik ez.
Eki: Hemengoei dagokienez, Merina Gris, Bengo, Nakar, Naxker…
Nola baldintzatu du elektronika erabiltzen hasteak kantu berrien konposizioa eta interpretazioa?
David: Horrek erabat aldatu du sorkuntza prozesua eta albumak egiteko moldea. Kantuak sortzeko, zuzenean ordenagailuan grabatzen dugu dena. Batek izan duen ideia partekatuz ala elkarrekin sortuz, landuz. WhatsApp audio baten bidez partekatutako ideiak edo melodiak izan daitezke abiapuntu, kar kar.
Lehengoko formatuarekiko erregulartasunean eta bat-batekotasunean sortzen dugu.
Leloak oso nabarmengarriak dira EPko lau kantuetan. Nola bilatzen edo aurkitzen da lelo eraginkor bat? Zeren bila joan behar da edo nola agertzen da?
Eki: Beti saiatu gara lelo eta melodia eraginkorrak egiten, errimei edo sonoritateei kasu emanez, erranahia edertuz.
Batzuetan, lehen kolpean ateratzen da. Beste batzuetan, saiakera anitz galdetzen du, guretzat egokia izan arte lantzen dugulako, kantua abantzu osoki aldatu behar bada ere.
Nola eramango dituzue edo eramaten dituzue kantu berriak eta alde elektroniko hori zuzenekora?
David: Ekik kantatu eta gitarra jotzen du. Synthe parte batzuk ere baditugu, denborarekin gehiago sartuko ditugunak, “duel” moduko bat egiteko.
Nik nahasketa bat egiten dut bateria akustikoa eta elektronikoaren artean, pad batzuen laguntzaz. Dena osatzeko audio bandak bidaliko ditugu.
Nolakoa izan behar du zuretzat Koderen kontzertu batek, lasai geldituko bazarete?
Eki: Jendea gure musikan sartzea nahiko genuke, kontzertuaren momentua baliatzea eta guk sentitzen dugun zoriontasuna transmititzea.
David: Gustatuko litzaiguke Koderen kontzertuak ihesbide gisakoa izatea, jendeak ordubetez bere kezkak ahantzi eta gurekin gozatzeko aukera izatea.
Zer asmo dituzue hurrengo hilabeteetarako? Nora eraman nahi duzue edo non gelditzea nahi duzue Kode epe labur, ertain eta luzean?
Eki: Gure asmoa musikarekin segitzea da, horretaz bizitzea helburu, zailtasunak zailtasun. Garbi dugu, halere, maite duguna egiten segituko dugula.
David: Konposizioak sortzen lan eta lan segitzeko asmoa dugu, beti berrikuntzak aurkezteko helburuarekin.
Eki: Kontzertuen aldetik, Hegoaldean gehiago jo nahiko genuke, gure proiektua zabaldu, Euskal Herriko eszenan leku bat egin.
Orokorrean, Euskal Herria oso aberatsa da sorkuntza musikalean. Baina erranen nuke musika sorkuntza geroz eta gutiago baloratzen dela, eta sorkuntza berriek tokia atzematea zaila dutela.
Bloñ, Habia, Kuartz, Odei, Mairu, Orbel, Maskak, Ztah, Xak… Badago ildo komunik Ipar Euskal Herriko musikagintzaren oparotasun pozgarriaren atzean? Zeri egozten diozu aberastasun eta ugaritasun hori?
Eki: “Iparraldea” askotan modu sinplean erabiltzen da, bereziki Hegoaldetik. Ipar Euskal Herria hiru lurralde dira, eta bakoitzak errealitate ezberdina du, Hegoaldeko lurralde bakoitzak duen moduan.
Betitik izan dira taldeak hemen, azken urte hauetan talde berri zonbat ere sortu dira. Jende gutiago gara hemen, eta horrek publikoa hertsitzen du eta Euskal Herria osotasunean ikustea ezinbestekoa zaigu.
Muga pasatzea ez da berdina bi aldeentzat: Lapurdiko talde batentzat Bizkaian, Nafarroan… jotzea zailagoa da anitzetan, gipuzkoar, arabar… batentzat Euskal Herri osoan aritzea baino.
Beharrez Hegoalderantz zabaldu behar da. Iparraldetik Hegoaldera gehiago begiratzen da alderantziz baino. Nere iduriko, paradoxa da: Iparraldean jotzeko, Hegoaldean ezaguna izan behar da.
Zure interesekoa izan daiteke
Erramun Martikorenak "Atzar Gaiten" diskoa aurkeztu du Baigorrin
"Atzar gaiten" bere azken albumeko abestiak kantatzen entzun dugu igande honetan Erramun Martikorena Baigorrin Osasun arazoak dituen arren, 83 urterekin pozik agertzen da beti taula gainean. Ia mende erdiz, Euskal Herri osoan ibili da, baita Estatu Batuetan ere. Garai batean 35 kantaldi eskaini ohi zituen urtero, baina orain askoz gutxiago. Horregatik publikoak ez du huts egiten bere emanaldietan.
Silvio Rodriguezek Bilbo liluratu du bere abestiekin
Silvio Rodriguez kubatar musikariak kontzertua eman du larunbat honetan Euskalduna Jauregian, Bilbon. Bere ibilbide musikalaren zati bat errepasatu du bertan bildutakoen aurrean.
Silvio Rodriguezek geldialdia egin du Bartzelonan, Euskal Herrirako bidean
Kubatarrak kontzertua egin du bart Liceun, irailaren 12 eta 13an Bilboko Euskaldunan aritu aurretik.
Zuzenean: Basking Beat & Bite
Basking Beat & Bite jaialdiaren edizio berri bat egingo da abuztuaren 29an, Miami, Santiago de Chile, Helsinki eta Tbilisin aldi berean eskainiko diren kontzertuekin. Euskal musikaren egungo lau proposamen bilduko ditu programazioak: Merina Gris, Mirua, Sua eta Idoia.
ETS taldeak hankaz gora jarri du Europa parkea, "Badator Marijaia" abesten
37.000 lagun inguru Arabako taldearen kontzertuan izan dira, eta aho batez abestu dituzte kanta guztiak. ETSk harrituta utzi ditu Europa parkera joandakoak, Aste Nagusiko Badator Marijaia jo dutelako.
Dolly Parton hil da, country musikaren izar ospetsua
Abeslari eta konpositore estatubatuarra 80 urte zituela hil da. Azken hilabeteetan gaixorik ibili zen eta kontzertu batzuk bertan behera utzi zituen.
Zea Mays, Leire Martinez, Bebe, M-Clan... Aste Nagusiko kontzertu guztiak
Aste Nagusiak musikaz beteko du Bilbo aste osoan zehar, hiriko hainbat agertokitan banatutako kontzertu-programazio zabalarekin. Hauek dira jaietako musika-eskaintzaz gozatzeko emanaldi eta ordutegi nagusiak.
ETS taldeak dantzan jarriko du gaur Bilbo, Europa parkeko kontzertuen lehen gauean
Hitzordua 00:00etan da, Europa Parkean. Horrez gain, beste musika proposamen batzuk ere izango dira, besteak beste, Bilboko Udal Bandaren emanaldia, Serafin Zubirirekin batera, 23:30ean, Abandoibarran.
Leire Martinezek 13.000 lagun bildu ditu Abandoibarran, gau ahaztezin batean
Abeslari donostiarrak bere bakarkako ibilbidearen lehen lana aurkeztu du Aste Nagusian: “Historias de aquella niña”. Emozioz eta nostalgiarako tartez betetako kontzertua izan da, aro berri bati ekiteko.
Zea Maysek jendetza bildu du Abandoibarran rock doinuekin
Elektrizitatea abestiak jendea saltoka eta kantuan jarri du, gaueko unerik txalotuenetako batean. Kontzertuak Francis Diez Doctor Deseo taldeko abeslariaren parte-hartzea izan du, eta elkarrekin abestu dute Corazón de tango abestia.