Ezpalak: "Diskoa kolpe bat bezalakoa izatea nahi genuen"
Play botoia sakatu eta “Zatoz” kantuak Kolpatu Topatu Ezpalak taldearen diskoa zabaltzen duen lehen unetik, bateria boteretsu eta lehorrak eta baxu distortsionatu gaitzak argi uzten dute: indartsu dator Zestoako laukotea.
Eñaut Gaztañaga (gitarra), Juanjo Berasain (ahotsa), Unai Eizagirre (baxua) eta Janardana Iglesias (taldeko bateria berria da, Xabi Arrietaren tokia hartuta) ez dira otzandu, ezta hurrik eman ere, Oso Polita diskoetxeak binilo eta CD formatuetan eta plataforma digitalean argitaratu duen lanean, beren ibilbide labur baina nabarmengarriko bigarren diskoan.
Soinu garratz eta puntadunak, nolanahi den, kontrapuntu argia erakusten du gitarra arinetan zein Juanjo Berasainen ahots lakar baina modulatuan. Entzuleak nekez garaituko du, diskoko bigarren kolpea jotzen duen “Itzala” kantuan, “Hegan edo hilik”en eta “Denbora”n adibidez, abeslariari oihuka batzeko tentazioa, lelo itsasgarriek eta suspergarriek ahotsa jasotzeko xaxatuta.
Lehenengo diskoan jada bazeuden melodiak beste elementu batzuez jantzita ageri dira oraingoan. Grungearen edo behinik behin grungearen alderik melodikoenaren (Alice in Chains…) oihartzunak nabarmen apaldu dira, eta punk garaikidearen soinuak gailentzen dira Kolpatu Topatu-n: Idlesen laztasuna eta nerbioa, Frank Carter & the Rattlesnakesen ahots melodia biribil eta ekoizpen neurritsuak, Fontaines DC irlandarren freskotasuna…
Eñaut Gaztañaga taldeko gitarrista eta diskoaren ekoizlearekin hitz egin dugu, honetaz guztiaz gehiago jakiteko.
Aurreko lana baino zorrotzago dator “Topatu Kolpatu”. Nondik dator laztasun hori?
Lehenengo lana oso azkar eginda dago, eta, musikalki, laukoteko kideok ez genuen elkar ondoegi ezagutzen. Gero, disko hori zuzenekora eramaten hasi ginenean, konturatu ginen soinu gogorragoa genuela, Juanjok jarrera eta ahots punkagoa erakusten zuen zuzenean, eta taldeak soinu indartsuagoa zuen.
Eta oraingoan, zuzeneko izaera hori diskoan islatu nahi izan dugu, diskoa kolpe bat bezalakoa izatea. Hortik dator bai oldarkortasun puntu hori baita “Topatu Kolpatu” izenburua ere.

Argazkia: Josu Torrealday
Ez dakit diskoa pandemiaren aurretik edo ondoren grabatu duzuen eta, hortaz, egoerak eraginik izan ote duen. Dena dela, nola eragiten du aldarteak, egoera emozionalak, konposatzeko orduan?
Disko honetako hiru abesti aurreko diskoa kaleratu eta berehalaxe ateratakoak dira; errepertorio txikia genuen, eta kantu gehiago behar genituen. Aspaldi sortu ziren.
Baina beste denak itxialdian zehar atera genituen, etxean geundela. Hortaz, bai, nik uste eragina izan duela alde horretatik. Badago irteteko, kontzertuetan eztanda egiteko irrika bat, eta abestiak bat-batekoagoak dira.
Kontzertu pila bat jotzen ari ginenean harrapatu gintuen honek denak, gure onenean, eta igartzen da gure gogo hori, hitzetan ere. Ez dago horren inguruko hitzik bere horretan, baina igartzen da.
Gaztain estudioan grabatu duzue diskoa, zeure zuzendaritzapean, noski. Nola aldatzen da nork bere taldea grabatzeko lana? Zer arrisku eta abantaila ditu horrek?
Niretzat erosoagoa da, nik buruan oso argi izaten dudalako zer nahi dudan egin nire musikarako, zer soinu nahi dudan.
Beste talde bat grabatzen duzunean, beraien gustuak eta ibilbidea kontuan hartu behar dituzu, eta guztiz ados egon zaitezke edo ez. Azkenean, bere helburua lortzen lagundu behar diozu musikariari.
Kasu honetan, berriz, gure kantuak izanda, oso argi dugu nora eraman ekoizpena, eta nik erraz egiten dut lana. Asko gustatzen zait neure kantuekin lan egitea.
Arriskua, berriz, noiz bukatu erabakitzea da. Nahi adina buelta eman diezazkiokezu proiektuari, eta nahasketak bukatzea gehiago kostatzen zait; beti pentsatzen dut hobe daitekeela. Eta batzuetan bukatzen jakin behar da, infinitua baita, bestela.
Masterizazioa Estanis Elorzaren esku utzi duzue, Doctor Master estudioan. Zelan azalduko zenioke horretaz ezer ez dakienari masterizazio prozesuak estudiotik ateratako nahasketari zer ekartzen dion?
Masterraren kontua ere aldatzen ari da azkenaldian, CDa desagertzear baita, eta hori zen estandarra, CDrako bolumen egokiak lortzera begira egiten ziren masterizazio prozesu guztiak. Ez dago oso argi zer gertatuko den.
Baina, era klasiko batean, masterra honetan datza: bolumenaren sabaia 0 puntu batean badago, CD potente baten bolumena 0tik oso gertu dago.
Masterraren prozesua da estudioan pistaz pista grabatu eta gero egin dugun nahasketa puntu horretara gerturatzea. Estudioan lortu dugun bolumena -8 puntuan badago, esaterako, masterrak 0tik ahalik eta gertuen utzi behar du nahasketa hori, soinu dinamikak puskatu gabe.
Estudioan egindako nahasketa eta horren dinamikak errespetatuta, horren bolumena igotzeko soinu prozesua da masterizazioa, oso-oso labur azalduta.
Soinuan aditu gisa, nola ikusten duzu euskarri fisikotik digitalerako saltoa? Kontuan izaten da entzuleak non eta nola entzungo duen diskoa?
Egia da gero eta gehiago entzuten dugula musika digitalean eta gero eta denbora gutxiago daukagula CDak osorik entzuteko. CDa, gainera, desagertzen ari da, euskarri bezala. Biniloa, aldiz, goraka doa, agian gordetzeko, objektu bezala, gustagarriagoa delako. Niri, musika entzuteko erriturako eta gordetzeko, asko gustatzen zaidan formatua da.
Kasu honetan, Estanisek bi master egin zituen, bata CDrako eta streamingerako eta beste bat binilorako, desberdintasun batzuekin: grabe batzuk moztu egiten dira…
CDa desagertzen den momentuan, master eta nahasketa prozesuak aldatuko direla imajinatzen dut. Gero eta gehiago egiten da, adibidez, batera nahastu eta masterizatu, eta streamingaren bolumenak ere begiratzen dira, bakoitzak bere mailak dituelako.
Ez dakit nola eboluzionatuko duen honek. CDaren estandarra mantentzen da oraindik, baina aldaketa etorriko da.
LABUR-LABUR
Euskal talde edo bakarlari bat: Willis Drummond
Atzerriko talde edo bakarlari bat: Smashing Pumpkins
Inoizko eta inongo zein talde (ahotsa, gitarra, baxua eta bateria) batuko zenuke estudiora eraman eta zuk kantu batzuk grabatzeko?
Bada, batuko nituzke John Frusciante (gitarra), Steve Shelley Sonic Youthekoa (bateria), Mike Kerr Royal Bloodekoa (baxua) eta abeslaria Yannis Philippakis Foalsekoa. Talde frankenstein samarra da, baina, tira. Eta beste gitarrista bezala Dinosaur Jr.-eko J Mascis sartuko nuke.
Zer gomendio emango zenioke instrumentu-jotzaile edo kantari bati estudioan ondo molda dadin?
Azkenean, orduak sartzea bere tresnarekin, eta, talde bezala, bestea zer egiten ari den entzutea, riff-ak-eta koordinatze aldera. Askotan, lokalean ez da besteak jotzen duena entzuten, eta, grabatzera etortzen direnean, modu ezberdinean jotzen dute zati bera.
Horretarako, interesgarria da etxean grabatzea edo, etorri aurretik, entsegu batzuk akustikoan egitea. Eta gero, noizean behin, ondo etortzen da klaketarekin entseatzea.
Eta musikari, soinu teknikari eta ekoizle batek nola hartzen du publikoak bere obra baldintza kaskarretan entzutea?
Tira. Nik uste streamingen plataforma batean, Spotifyn esaterako, ez dela gaizki entzuten. Azkenean, prozesu baten bidez eskuragarri dituen kantu denen bolumena berdintzen du, baina ez du artxiboa horrenbeste hondatzen.
Egia da jendeak mobilean aurikular gabe entzuten duenean, oso era kaskarrean entzutera ohitzen dela, erdi monoan…
Lehen diskoa autoekoizpena izan zen, eta bigarren hau Oso Politak atera du, Last Tour promotora erraldoia atzean duen diskoetxeak. Zelan sortu zen aukera hori eta zerk konbentzitu zintuzten?
Gure ideia, aurrekoan bezala, autoekoiztea zen hasiera batean, baina Ayuken management etxea sartu genuen ekuazioan. Eta diskoa grabatuta genuenean, beraiek proposatu ziguten Oso Politari erakustea.
Asko gustatu zitzaien diskoa, eta beraiek argitaratzea proposatu ziguten, dena eginda zegoenean: ekoizpena, grabazioa…
Nahiko bukaeran sartu da, oraintxe hasi gara eta itxura ona du oraingoz. Gustura gaude sortu dugun taldearekin.

Argazkia: Josu Torrealday
“Euskal Herriko mugetatik haratago” iristeko asmoa erakusten duzue promozio orrian. Nora eta noiz iritsi nahi duzue?
Tira, nik ez dut lehentasun modura jartzen. Nik Euskal Herrian ahalik eta kontzertu gehien eman nahiko nituzke, disko honekin jendearengana iritsi eta prozesu horretan guk asko disfrutatzea. Gero, ametsak betetzen diren edo ez eta bakoitzak noraino iritsi nahi duen…
Egia da Ayuken managementetik bai esaten digutela Euskal Herritik kanpora ere joko dugula, irten egingo garela, eta taldekide batzuk oso gogotsu daude horrekin. Unai eta biok helduagoak gara, baina Juanjo eta Janar gazteak dira oraindik, eta gogo handia dute jotzeko Madrilen edo Bartzelonan, esate baterako.
Eta badaukagu zerbait baieztatzear, udari begira. Zenbat eta ate gehiago jo eta toki gehiagotara iritsi, hobeto. Ez dugu lehentasun bezala jarri, baina irteten bagara oso gustura joango gara.
Zuzenekoei dagokienez, zer moduz moldatzen ari zarete pandemia garaiko kontzertu hauetara? Nola bizi izan dituzue orain artekoak?
Hasieran pixka bat harrigarria da jendea eserita ikustea. Etapa ezberdinak ere izan dira. Aurreko diskoko biraren bukaera aldera harrapatu gintuen kontzertu formatu honek, eta hasieran jendeak zerbezatxoa zeukan eta mahaietan eserita egoten zen. Nahiz eta eserita izan, antz handiagoa zuen kontzertu normal bateko giroarekin.
Gero, edan gabe eta distantzia handiarekin, hotzagoa eta gogorragoa zen gurea bezalako talde batentzat, energia handia daukagulako eta publikoarekin feedbacka bilatzen dugulako.
Baina zortea izan dugu, jo ahal izan dugulako. Ez gara kexatuko, baina badaukagu gogoa betiko kontzertuetara itzultzeko.

Argazkia: Josu Torrealday
Non eta zein baldintzatan izango litzateke zuretzat Ezpalaken kontzertu ideala?
Niri gustatzen zaidana kontzertu zoroa da, edozein tabernazulotan, irekita eta jendez goraino: jendea eta gu agertokian saltoka… Buruan hori daukat: halako irekiera bat, Ondarroako Portuko Ranpin edo.
Ilusio hori daukat ea noiz egin ahalko den horrelako kontzertu bat. Agian ezin da gehiago egin taldeak ez duelako funtzionatzen edo jendeak halakoetara joateari uzten diolako. Baina nire ilusio pertsonala horrelako kontzertu batera itzultzea da.
“Hauxe naiz ni” kantatzen duzue diskoko kantu batean. Zer da Ezpalak zuentzat? Zein da Ezpalaken esentzia?
Nik uste rock aternatiboko taldea garela. Esentzia grungea daukagu, zuzenekoen aldetik. Talde rockeroa gara, baina leloetan 90eko hamarkadako pop melodia malenkoniatsuen puntu bat daukagu.
Oreka daukan taldea gara. Zati batzuetan oso biolentoak izan gaitezke, baina gero melodia ere lantzen dugu. Eta oso harro gaude egin dugun disko honekin; horregatik “Hauxe naiz ni”.
Zure interesekoa izan daiteke
Natxo de Felipe berriro oholtzara igo da da Oskorrirekin argitaratu gabe geratu ziren abestiak berreskuratzeko
Natxo de Felipe musikari beteranoak abesti horiei hautsa kendu eta bizitza berri bat eman die "Abandonatuak" ikuskizunean, Arantzazuko Santutegian. Hitzordua Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan txertatu da, eta EITBren parte-hartze eta babesarekin eraman da aurrera. Emanaldian, taldearen diskoetan sekula lekurik aurkitu ez zuten kantu horiek entzun ahal izan dira berriro, formatu berritu eta elektriko batean.
Zea Mays, Leire Martinez, Bebe, M-Clan... Aste Nagusiko kontzertu guztiak
Aste Nagusiak musikaz beteko du Bilbo aste osoan zehar, hiriko hainbat agertokitan banatutako kontzertu-programazio zabalarekin. Hauek dira jaietako musika-eskaintzaz gozatzeko emanaldi eta ordutegi nagusiak.
Juan Diego Florez tenor perutarraren emanaldia eta 9 ikuskizun Donostiako Musika Hamabostaldia abiatzeko
Gaur hasi eta abuztuaren 30era arte, 60 kontzertu baino gehiago izango dira Kursaalen, Victoria Eugenian eta Tabakaleran. Ikuskizun aipagarrien artean, "Arriaga harrigarria", Arriagaren heriotzaren bigarren mendeurrena gogoratuko duen kontzertua, eta Natxo de Felipek agertokietara egingo duen itzulera, Arantzazun izango den emanaldiarekin.
Zita bikoitza etxean
“Tantas cosas que contar” Amaia Montero abeslaria La Oreja de Van Gogh taldera itzuli izana ospatzen duen bira Donostiara iritsiko da asteburuan. Iluben, Donostia Arenan, dago jarrita hitzordua, ostiral-larunbatetarako.
Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin
Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.
Ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan den Miguel Martin omendu dute Donostian
Donostiako Jazzaldia saria eman zioten bart Miguel Martini, ia 50 urtez Jazzaldiko buru izan denari. Orain arte berak ematen zien Trinitate Plazan sari hori musikariei, eta aurten berak jaso du errekonozimendu gorena. Jon Insausti Donostiako alkateak eman zion saria.
ETSk hasiera bikaina eman dio Donostiako Jazzaldiari
En Tol Sarmiento talde arabarrak Donostiako Jazzaldiaren 61. edizioa inauguratu du bart. Kontzertuaren irudiak zuzenean proiektatu zituzten Kursaaleko fatxadan.
Adele, Raye, Sienna Spiro…: 15 urte Amy Winehouseren oinordekoaren zain
Duela 15 urte Camden Towneko bere etxean hilda aurkitu zuten Amy Winehouse; ordutik, Erresuma Batuko musikagintzak ez du haren parekorik aurkitu.
Jazzaldia abiatzeko ETSk gaur hondartzan emango duen kontzertu jendetsua Kursaaleko fatxadan ikusi ahal izango da
Asteazken honetan ekingo diote doako kontzertu jendetsuei, Keler Gunean. Arabako talde ezagunak joko du 23:30ean, eta, aurretik, LP artista estatubatuarraren musika izango da protagonista. Datorren egunetan Danielle Nicole, Kokoshca, Emma-Jean Thackray, Nøgen eta HOFE igoko dira Zurriolako oholtzara, besteak beste.
Bilbao Blues jaialdiak doako kontzertuekin beteko du Areatza
Uztailaren 24tik 26ra egingo den jaialdiaren bosgarren edizioak Travellin' Brothers Bizkaiko taldeari emango dio urteko saria.