Bilbao BBK Livek urtebetetze festa ospatuko du igandean Kobetamendin
Mendian jardunaldiak musika eta umorea eskainiko ditu hilaren 7an Bilbao BBK Live jaialdia hartzen duen eremuan, Musika Tresna Birziklatuen Cateura Orkestraren, Suakai Philharmonic nafar taldearen eta Grison musikari eta umoristaren eskutik.
Kobetamendiko pentzeek Altamira gainean hedatzen diren belardiok urte osoan izan ohi duen baretasuna eta atsedenerako egokitasuna eta uztaileko bigarren asteburuan musika eta, oraingoan, umore gosez agertoki batetik bestera ibiliko den publikoaren hara-hona uztartuko dituzte igandean, ekainaren 7an.
Mendian jardunaldia (aurten 20 urte beteko dituen Bilbao BBK Live jaialdiaren edizio honetako berritasunetako bat) “eguneko proposamen bat da, familiartekoa eta sarbide librekoa”. 12:00etatik 21:30era, musika eta hiru umoristaren emanaldiak eskainiko ditu beste horrenbeste agertokitan: Zaborra, Komedia eta Orkestra.
Zaborra agertokian joko duten musikariek zaborrez, jostailuz, denetariko tramankuluz eta berrerabilitako materialez egindako tresnak erabiliko dituzte. Musika Tresna Birziklatuen Cateura Orkestraren doinuak entzungo dira eremu horretan (16:30), berbarako, Cateurako zabortegiaren inguruan, Asuncion hiriburuko hondakindegi handienetik hurbil, bizi diren gazte eta umeek osatzen duten musika taldearenak.
Musika zaurgarritasunaren eta gizarte bazterkeriaren aurka baliatu nahi duen Paraguaiko taldearekin batera, agertoki horren gainean izango dira Fungistanbul turkiarrak, Trashbeatz belgikarrak eta The Wackids frantsesak.
Komedia espazioan, Rakel Molina (17:45) eta Valeria Ros (19:45) umoristak arituko dira, baita Grison beatboxer, musikari eta umorista ere (15:45), musika eta umorea batzen dituen ikuskizunarekin. Bilbora heldu aurretik egin diogun elkarrizketa agindu digunez, “gogo eta arima” jardungo du, “entretenitzea besterik ez” bilatzen duen emanaldian.
Azkenik, Orkestra agertokian, Sukai Philharmonic nafar kolektiboko orkestra sinfonikoak “Barrokotik gaur egunera arteko bidaia sinfonikoa” eskainiko du. Bi saio egingo dituzte, 13:30ean eta 18:30ean.
Zure interesekoa izan daiteke
BIMEk musika arloko ehunka profesional bildu, eta 70 kontzertu eskainiko ditu Bilbon
Honela trebatzen dira kantu klasikoko belaunaldi berriak Donostiako Musikene zentroan
Latzen taldearen "Laztana" kantuak 30 urte bete ditu
Exkixuren bideoklip berria: “Amaiur” (2026)
Exkixu taldea itzuli da
Igor Arzuaga musikaria zendu da