13. edizioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pantxoa eta Peiok jasoko dute Adarra saria

Lapurtar bikote aitzindariak ekainaren 21ean jasoko du Donostiako Udalaren eta Donostia Kulturaren saria, Victoria Eugenia antzokian, eta kontzertua egingo du jarraian.

Pantxoa eta Peioa

Peio Ospitalek eta Pantxoa Karrerek, Pantxoa eta Peio bikoteak, jasoko du Adarra saria, Donostiako Udalaren eta Donostia Kulturaren sariaren 13. edizioan.

1969an argitaratu zituzten bere lehen kantuak, eta, harrezkero, 18 disko argitaratu dituzte. Pantxoa eta Peiok 2027ko urtarrilean jarriko diote azkena, BECen bi kontzertu eskainita, milaka kantaldiko ibilbideari.

Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osatutako epaimahaiaren arabera, Pantxoa eta Peiok “hainbat belaunaldirekin partekatu dute kantuaren plazera, interpretazio zainduak, melodia kantagarriak eta konpromiso soziala elkarrekin uztartuta”.

Bikoteak ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako garaikurra, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan (19:00), eta gero kontzertua egingo dute, Iñaki Dieguez (eskusoinua), Mixel Ducau (gitarra), Dánae Riaño (baxua), Gorka Pastor (teklatuak) eta Josu Erbiti (perkusioa) musikariek lagunduta. 

Kontzerturako sarrerak ostegunean, apirilak 23, jarriko dira salgai publiko orokorrarentzat, 25 euroan, Donostia Kulturaren webean eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte honako musikariei egokitu zaie: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari, Berri Txarrak, Kepa Junkera, Amaia Zubiria, Joseba Tapia, Zea Mays, Errobi eta Antton Valverde.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Natxo de Felipe agertokietara itzuliko da "Abandonatuak" proiektu berriarekin

Oskorrik agur esan eta 11 urtera, Natxo de Felipe berriro igoko da agertokietara disko berri batekin: Abandonatuak. Argitaratu gabe geratu ziren talde mitikoaren kantuak berreskuratu ditu proiektu honetan, eta abuztuaren 20an zuzenean aurkeztuko du Arantzazuko Santutegian, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan. Philiperena taldearekin batera aritu da disko honetan, Xabier de Felipe, Przemysaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillorekin batera.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X