Oyarzabal: "Sevilla eta Kopa hau bihotzean eramango ditugu beti; baina zuen zoriontasuna ikusteak ez dauka preziorik, eta horrekin geratzen gara”
Garrasiak, txaloak, malkoak eta zoramena Donostian. 100.000 lagun espero ziren Gipuzkoako hiriburuan jokalariei harrera egin eta Errege Kopa irabazi izana behar bezala ospatzeko, eta aurreikuspenak bete egin dira.
Realak lortutako tituluaren ospakizun ofizialek poza eta emozioa ekarri dituzte astelehen eguzkitsu honetan Donostiara. Milaka lagunek, haur zein heldu, mukuru bete dituzte hiriburuko kaleak, Realaren kamiseta eta bufandak jantzita, Anoeta estadiotik udaletxerako bide osoan.
18:00etan ekin dio ibilbideari txuri-urdinen autobusak estadiotik. “Txapeldunak” idatzita zuen estali gabeko ibilgailuan, poliki-poliki, jokalari guztiek agur egin diete kale ertzean zain zituzten zaleei, horien animo eta esker garrasi eta txalo artean. Mikel Oyarzabal, Aritz Elustondo eta Igor Zubeldia kapitainek Sevillan lortutako Errege Kopa airean ibili dute, zaleei erakutsiz eta eskainiz.
Amara auzora sartu eta hiriko erdigunea zeharkatu dute, 19:15 inguruan Alderdi Ederrera iritsi arte. Bertan, haur danborrada batek Realaren ereserkia joz hartu ditu. Milaka lagun zeuden bertan zain, arratsaldeko lehen ordutik.
Zorionak, Reala!
Haur-danborrada batek Realaren ereserkiarekin hartu ditu txapeldunak Alderdi Ederren
Realak irabazi duen Koparen ospakizun ofizialek euforiaz bete dute Donostia, eta milaka lagun bildu dira taldearen autobusak Anoeta futbol-zelaitik Gipuzkoako hiriburuko udaletxera egin duen ibilbidean zehar.
Udaletxe aurreko terrazan, jokalariek, teknikariek, zuzendariek eta langile guztiek bi dantzariren agurra jaso dute. Euren ondoan, Jon Insausti Donostiako alkatea, Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Imanol Pradales lehendakaria. Hirurak Sevillan izan ziren, finalaz gozatzen.
ZORIONAK, REALA!
Realaren omenezko aurreskua
Realaren Errege Kopako ospakizunetan, bi dantzarik aurreskua egin dute taldearen aurrean.
Udaletxe barrura sartu dira ondoren, omenaldi ofiziala jasotzera, eta handik udaletxeko balkoira irten dira jokalariak zaleen errekonozimendua jasotzera.
Oyarzabal irten da lehenik, eta kopa erakutsi ondoren, taldekideak batu zaizkio. “Arratsalde on, Donostia. Arratsalde on, Gipuzkoa. Guretzat plazera da zuen zoriontasuna ikustea, eta berriz esango dugu Kopako txapeldunak garela. Lehen egunetik zuen bultzada eta berotasuna sentitu ditugu", esan du. "Hemen gaude duela bost urte irabazi genuen Kopa ere ospatzeko, hemen daudenengatik eta ez daudenengatik”, nabarmendu du Oyarzabalek, zaleek "Aitor Zabaleta" oihukatzen zuten bitartean.
"Sevilla bihotzean eramango dugu beti, Kopa hau ere bai, baina guretzat hau dena ikusteak, zuen zoriontasuna ikusteak, ez dauka preziorik eta horrekin geratzen gara” amaitu du euskara hutsean emandako mezua.
Zorionak, Reala!
Mikel Oyarzabalek Udaletxeko balkoitik erakutsi du Kopa, eta zale guztiekin hitz egin du: “Berriz ere esan ahal dugu Kopako txapeldunak garela!”
Realaren kapitaina izan da aurrena Udaletxeko balkoian, eta Alderdi Ederren zeuden milaka lagunei zuzendu zaie.
Ondoren, Matarazzo entrenatzaileak hartu du mikrofonoa, eta hark ere euskaraz egin du bere hitzaldi osoa: “Arratsalde on! Txuri-urdinak gara, txapeldunak gara! Sentitzen dut hau hasiera besterik ez dela!" esan du.
Eskerrak eman dizkie zaleen erakutsitako maitasunagatik, "lehen egunetik erakutsi didazue zer den Reala. Eskerrik asko! Guazen Reala!", esanez amaitu du.
Zorionak, Reala!
Matarazzo, euskara hutsean: “Hau hasiera besterik ez dela sentitzen dut"
Entrenatzaile txuri-urdinak bereganatu egin ditu zaleak. Aldez aurretik, "barkamena" eskatu du "akatsengatik". "Zeinen hasiera zoragarria egin dugun", azpimarratu du. "Zuen laguntzarekin jokalariek gauza handiak lor ditzakete", erantsi du.
Bere ondotik, Unai Marrero atezainak, final honetako heroiak, hitz egin die bertaratutakoei. Bertan izatea "plazera" dela esan du eta eskerrak eman dizkie bai langileei baita zaleei ere.
Zorionak, Reala!
Marrero, finaleko heroia: “Kristorena da plaza beteta ikustea, ez duzue parekorik"
Atezainak Realeko langile guztiei eskerrak eman dizkie, "bihotz-bihotzez, ezkutuan egiten duten lanagatik". Zalei txuri-urdinei goza dezatela eskatu die, "momentu txarretan aldamenean" egon ondoren.
Ondoren, Aritz Elustondok hartu du lekukoa speaker lanetan, eta, tartean, duela bost urte irabazitako kopari keinu bat egin dio Imanol Alguazilek orduan biral egindako esaldia imitatuz.
Oskarssonek ere ereserki bihurtu den hari eskainitako abestia kantatu du balkoian.
ZORIONAK, REALA!
Oskarssonek “Llevame a Sevilla” kanta abestu du
Oskarssonek Llevame a Sevilla kanta abestu du Errege Kopako ospakizunean.
Udaletxe aurreko terrazara atera dira ondoren, kantu eta dantza artean, eta Elustondok hartu du mikrofonoa, eta jokalarien aurkezpena egi du, banan-banan, txantxetan. Gaztelaniaz egin du horretarako.
Bere aurkezpenaren txanda iritsi denean, Mikel Oyarzabal kapitainak hartu du mikrofonoa.
ZORIONAK, REALA!
Elustondoren aurkezpen hunkigarria, Oyarzabalek egina
Mikel Oyarzabalek oso aurkezpen hunkigarria egin dio, Aritz Elustondori Errege Kopako tituluaren ospakizunean.
Une batean etenaldia egin behar izan dute, oholtza ondoan ziren bi lagunek osasun arreta jaso zezaten.
Donostian bertan zein norbere etxean jarraituko du orain jaiak, baina realzale guztien bihotzean betiko geratuko da gaurko eguna.
ZORIONAK, REALA!
Realak Kopa altxatu du, “We Are the Champions” abestiarekin
Realak Errege Kopa altxatu du, We Are the Champions abestia entzun bitartean.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera