Euskal Herriko mediku eta pediatrek pantailek arrisku larriak dakartzatela ohartarazi dute, eta ikasgeletan mugikorrik ez izatea eskatu
Altxa Burua mugimenduarekin batera, sendagileek eta pediatrek txosten bateratua plazaratu dute, lehenengoz. Lan horretan, pantailen aurrean denbora luzez egoteak adingabeengan dakarren eragin negatiboa aztertu dute; alde batetik, buru osasuna aipatu dute: loaren nahasmenduak, antsietatea... Bestetik, erabilera gehiegizkoak obesitatea, ikusmen-arazoak eta hizkuntzaren atzerapenak eragin ditzakeela ohartarazi dute.
Haur bat mugikor batekin. Europa Pressen artxiboko argazkia
“Mugikorra apur batean izateak ez dio kalterik egingo”. “Ez zaio ezer gertatuko tabletarekin jolasteagatik”. Euskal Herriko etxe askotan entzuten ditugu gisa horretako esamoldeak, normalizaturik dago eta pantailak erabiltzea. Baina mediku-kontsultetako ikuspegia oso bestelakoa da. Osasun-langileek irmo hitz egin dute; bai, pantailek kalte egiten dute, eta gailu horiek txikitatik erabiltzeak, kontrolik gabe, ondorio larriak dakartza.
Hego Euskal Herriko pediatrak biltzen dituzten euskal elkarte guztiek, Altxa Burua elkartearekin batera, dokumentu bat idatzi eta plazaratu dute, Gailu digitalak, osasuna eta garapena haurrengan eta nerabeengan izenburupean. Guztiak elkarlanean, neurri instituzional koordinatuak lehenbailehen hartzeko eskatu dute. Helburua da kontrolik gabeko digitalizazioa geldiaraztea eta adingabeen neurogarapena babestea.
Ebidentzia zientifikoak erakutsi du pantaila aurrean denbora luzez egoteak eragin negatiboak dituela osasun fisiko eta mentalean, baita garapenean ere
Osasun-adituek, aho batez, eskatu dute hezkuntza-sistemak mugikorrik gabeko eskola-eremuak eskaini ditzan. Horrez gain, ebidentzia zientifikoarekin koherenteak diren plan digitalak diseinatzearen alde egin dute, paperezko euskarriak eta ikaskuntza aktiboa lehenesteko.
Errealitatea, datuetan
Nerea Trebolazabala Lehen Mailako Arretako Pediatriako Euskal Elkartearen presidenteak adierazi duenez, "ebidentzia zientifikoak erakutsi du pantaila aurrean denbora luzez egoteak eragin negatiboak dituela osasun fisiko eta mentalean, eta haur eta nerabeen garapenean ere bai".
Pantailak gehiegi erabiltzearen ondorio kaltegarrien artean, alde batetik, buru osasuna aipatu dute adituek: loaren nahasmenduak, antsietatea... Bestetik, obesitatea, ikusmen-arazoak eta hizkuntza-garapeneko atzerapenak eragin ditzakeela ohartarazi dute.
Arriskuen aurrean beharrezkoa da haurrei ingurune egoki bat eskaintzea modu osasuntsu eta erresilientean hazteko eta interferentziarik gabe ikasteko
Plazaratu berri duten txostenean, medikuek adierazi dute arazo horiek guztiek arrakala soziala zabaldu egiten dutela, gainbegiratzeko gaitasun txikiagoa duten familia zaurgarrienen kasuak kontuan hartuta.
Bi ordu, gehienez
Egoera horri buelta emate aldera, medikuek sei urte bete baino lehen pantailak debekatzea eskatzen dute, zazpi eta hamabi urte bitartean ordubete baino gutxiagora mugatzea horien erabilera, eta nerabezaroan gehienez egunean bi orduko tartea ezartzea. Adituek ondorioztatu dute familia-bitartekaritza ez dela nahikoa hezkuntza-sistemak eta erakundeek modu koordinatuan jarduten ez badute smartphonea emateko adina atzeratzeko eta eskola-ingurune osasungarriak bermatzeko bidean.
Joseba Atxutegi Euskadiko Sendagileen Elkargoen Kontseiluaren presidenteak azpimarratu duenez, medikuak funtsezkoak dira gurasoei eta irakasleei aholkuak emateko, haiek baitute gazteek pantailak erabiltzen ikasteko ardura.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera