Sun Ra Arkestra eta Snarky Puppy, Gasteizko jazz jaialdiko kontzertu nagusiak ixteko
Gasteizko Jazz Jaialdiak Mendizorrotzako agertoki nagusiko programazio osoa iragarri du dagoeneko. Uztailaren 13tik 18ra, Ruben Blades, Gretchen Parlato, Take 6, The Bad Plus, Snarky Puppy, Sun Ra Arkestra Irene Reigen laukotea eta Magali Sare eta Manel Fortiá ikusi ahalko dira Gasteizko kiroldegian.
Sun Ra Arkestra AEBko jazz taldea Sun Ra 1993ean hil zen konpositoreak sortu zuen, 1950eko hamarkadaren erdialdean. Swinga, "espazio-aroko" free jazza, bebopa, dantza eta eszenaratze “afrofuturista” bat uztartzen dituzte zuzenekoetan, eta uztailaren 16an, ostegunarekin, joko dute Gasteizen. Irene Reig saxofoi jotzaile katalanak irekiko du gaualdi hori, bere laukotearen buruan.
Lehenago, asteazkenean, hilak 15, Gretchen Parlato abeslaria eta Take 6 a cappella taldea izango dira gaueko protagonistak.
Ostiralean, Magali Sarek eta Manel Fortiak Mendizorrotzako pabiloia berotzeko erronkari ekingo diote, Ruben Bladesen saltsa baino lehen.
Larunbatekoa, hilaren 18an, The Bad Plus eta Snarky Puppy talde handien gaua izango da.
Bihar jarriko dira jazz jaialdiaren 49. ediziorako sarrerak salgai, jaialdiaren webgunean. Sarreren prezioa 30 eta 50 euro bitartekoa izango da, eta abonuena, 165 eta 115 euro bitartekoa.
Zure interesekoa izan daiteke