Belako: 'Zirrara askoz handiagoa sortzen digu orain musikak'
Belakok disko berria kaleratuko du, eta, ondorioz, ohikoak irakurriko ditugu aurki hedabideetan: gazteak direla, ___________(e)ko (idatzi bertan dagokion hedabidearen irismen geografikoa) artista berri onenak direla eta beraien doinuetan Joy Division, Sonic Youth eta Nirvanaren itzala dagoela. Baina, esan gabe doa, hori baino askoz gehiago da Belako.
Egia esan, gaztetasuna agortzen doakie (bizilegea da, zer egingo diogu!); aspaldi utzi zioten promesa izateari, zuzenean bost minutu baino gehiago ikusi dituen edonork baiezta dezakeen bezala, eta soinu eta unibertso propioak sortu dituzte, kalkoez haraindi. Eta bide horretan jarraitzen dute.
Topikoak lehenbailehen bota eta gero, eta Landerrek, Lorek, Josuk eta Crisek 2011 taldea osatu zutenetik artikulu eta elkarrizketa ia guztietan aldez edo moldez lagun izaten duten ebidentzien parrastada atzean utzita, egin dezagun aurrera.
Belako bueltan da Render me numb, Trivial Violence diskoarekin, eta bertan argi utzi dute ostera ere eklektikotasuna dela beren ezaugarririk behinena. Laukoteak berriz nahasi ditu distortsioak, bateria erritmo pisutsuak, baxu urragarriak eta melodia ilunak elektronikarekin eta ?soinu lasai eta dotoreagoekin?, oro har indarkeria eta berorren adierazpen ezberdinak hizpide hartzen dituzten kantuetan.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
Musikarekiko grina inondik ere apaldu barik (?aurpegia alda daiteke, etxea, erlijioa baita jainkoa ere, baina ezinezkoa da grina aldatzea?, esaten dute El secreto de sus ojos argentinar filmean), nazioartera begira eta bi hilabete eta erdian zazpi herrialdetara eraman dituen biratik itzuli berritan, Belako Rekords beren diskoetxeak argitaratuko du diskoa, baina El Segell del Primaveraren eta PIAS konpainia handiaren babesa izango dute lana munduan zehar zabaltzeko.
Belakoko lau kideekin hitz egin dugu, Render me numb, Trivial Violence diskoaz eta beste hainbat kontutaz, otsailaren 24an lana etxean, Bilboko Euskalduna jauregian, aurkeztu baino lehen. 2.000 lagunentzako kontzertuak hartuko dituen espazio berri bat inauguratuko dute gaur horretan mungiarrek, kontzertu berezi batean.
-Zer soinu dario Render me numb, Trivial Violence diskoari?
Josu: Beti bezala, disko berrian ere denetarik dago apur bat. Kantu gogor eta zikinago batzuk daude, baina gure abestitxo elektronikoak ere ageri dira, baita mantsoago eta dotoreago batzuk ere. Oso eklektikoak gara.
-Diskoaren grabazioa irailean amaitu zenuten. Nola joan da itxaronaldia?
Lore: Bada, txarto. Beti jo nahi izaten dituzu kantu guztiak, eta ezin izan dugu. Baina atzerrian kontzertuak ematen ibili garenez, kantu berrietako batzuk probatzeko aprobetxatu dugu, eta harra baretu dugu horrela.
Lander: Gainera, kanpoan jotzen aritu izanak berak beste gauza batzuei jarri behar izan diegu arreta. Hemen egon izan bagina, ez genuen aguantatuko.
Dena dela, oso adi jarraitzen digutenek disko ia osoa entzun ahal izan dute, zatika bada ere, gaur egun zuzenean jotzen duzun guztia Youtuben baitago biharamunean (barreak).
CONTENIDO NO ENCONTRADO
-Hitzetan gizarte gaiak jorratu dituzue, batik bat. Aurretik pentsatutako zerbait izan da edo berez atera zaizkizue horrela?
Cris: Laurok bizi izan dugun zerbaiten emaitza da. Hasieran, taldeari lehen elkarrizketak egiten dizkiotenean, beti agertu ohi zara oso neutro, baina gero konturatzen zara beste askok normalean izaten ez duten aukera duzula: gauzak esateko eta jendeak entzuteko ahalmena.
Horren kontzientzia hartzen duzunean, zera esaten diozu zeure buruari: ?Ondo legoke hitzek egungo testuinguruan eta guk hori ulertzeko dugun moduan eragina duten gauzak kontatzea?.
Gertatzen denak kezkatzen gaitu, eta adierazi egin nahi dugu hori.
-Eta zer gai agertzen dira diskoko kantuen hitzetan?
Cris: Kantuetan indarkeriaren inguruko hainbat alderdi hartzen ditugu hizpide, eta uste dugu izenburuak ondo laburtzen duela hitzen funtsa.
Indarkeria toki askotan dago egun, politikan, hedabideetan? Eta gizartean horren sartuta dagoenez, garrantzitsua iruditzen zaigu horren kontra egitea, kalera aterata edo beste edozein modutara.
Horren harian, uste dut hedabideek ere badutela erantzukizunik, askotan, indarkeria egoeren berri eman nahian, indarkeria gehiago sortzen dutelako beren diskurtsoan. Horrek guztiak amaierarik gabeko espiral batzuetara garamatza, eta badirudi ez atzera ez aurrera gaudela hor.
-Grabatzeko modua aldatu duzue, eta modu analogikoan egin duzue oraingoan?
Josu: Batik bat, kontzertuetakoa bezalako soinua lortu nahi genuen, eta horretarako ez zegoen, hortaz, Iñigo Irazoki gure zuzeneko teknikaria baino pertsona hoberik. Bobinen eta grabazio analogikoen munduan murgilduta dago bera, eta hortik jo dugu. Beran grabatu dugu, Atala estudioan.
CONTENIDO NO ENCONTRADO
-Eta aldatu du horrek kantuak konposatzeko modua?
Josu: Bai, kantuak argiago eraman behar izan ditugu estudiora, baliabide gutxiago genituelako; pista kopuruari dagokionez, esaterako, 24 besterik ez genuen. Bestalde, posprodukziorako tartea ere txikiagoa izan da?
Lore: Dena dela, elektronikarako tartea ere badago. Eta kantu horiek euskarri digitalean grabatu ditugu.
-Noiz izaten duzue argi kantu batek bide elektronikoa edo bide elektrikoagoa hartuko duela?
Cris: Kantuak berak eskatzen dizu. Kantu bakoitzak bere nortasuna dauka.
Josu: Egia esan, lehen unean ideia argi bat izaten dut: hau hemen joango da, beste hau han? Baina batzuetan goitik behera aldatzen da gero. ?The fiend thinker? kantua, adibidez, disko berriko dantzagarriena da, ?Fangoriaren antz handiena duena? (barreak), eta uste dut ondo baino hobeto funtziona dezakeela gure alderik organikoenean ere.

-Diskoa Euskalduna Jauregian aurkeztuko duzue, baina ez entzunaretoan, jendea eserita dagoela?
Cris: Ez, jendea izutu egin da Euskaldunan izango dela irakurrita, baina publikoa ez da eserita egongo. Atarietako batean izango da, erabilera anitzeko sala batean. Oihal beltz batzuk jarriko dituzte inguruan, eta bertan egingo dugu kontzertua. 2.000 bat pertsona sartzen dira.
Josu: Bai, gainera, guk antolatu dugunez, edarien prezioak-eta jaialdietan ohikoak direnak baino baxuagoak izango dira.
Lore: Cecilia Payne taldeak ere joko du, eta kontzertuaren ostean gure gustuko musika jarriko dugu.
Lander: Eta agertokiaren itxura ere berezia izango da. Sorpresak egongo dira, eta ez dugu birako ohiko formatua erakutsiko.
-Diskoen kopurua handitzen doan heinean, kantu zerrenda prestatzea gero eta zailago egingo zaizue?
Lander: Bilboko kontzertuan, nahi dugun guztia jotzeko astia hartuko dugu, gutxi gorabehera, baina jaialdietan bai, gero eta zailagoa da zer kantu joko ditugun erabakitzea, ordubetez eta, zenbaitetan, berrogei minutuz jotzea eskatzen baitigute. Gainera, azken orduan erabakitzen dugu beti zer joko dugun.
Josu: Ez dugu sekula kontzertu berdina egiten. Batzuetan, agertoki gainean gaudela erabakitzen dugu hurrengo kantua zein izango den, nahiz eta horrek ez dien argi teknikariei grazia handirik egiten?

-Diskoa atera aurretik egindako biran Mexikora joan zarete, bigarrenez. Zer moduz joan da?
Lore: Iaz astebete egin genuen bertan, eta kontzertu batzuetan División Minúscula taldearekin batera aritu ginen; bertan jende asko mugitzen duen taldea da. Horri esker, orain itzuli garenean apurtxo bat ezagunagoak ginen, eta jendeak oso ondo hartu gaitu. Kontzertu oso onak egon dira.
Cris: Gainera, Chiapasen egindako tartea oso berezia izan da. Brigada Costa de Chiapasekin batera ibili ginen, lurrikarak gogorren astindutako ingurua dinamizatzeko jarduerak egiten, eta Cintalapa, Tonala eta Arriaga herrietan jo genuen.
Halako tokietan ez da kontzertu askorik egoten, eta ez daude ohituta. Izugarria izan zen: herri osoaren aurrean jotzen genuen, eta harrera paregabea izan zen.
Lander: Martxoan Mexikora itzuliko gara, Vive Latino jaialdian, bertako handienetako batean, jotzera, eta beste kontzerturen bat egingo dugu bertan gaudela baliatuta.
Lore: Europako toki batzuetan, Alemanian eta Erresuma Batuan esaterako, oso ondo hartu gaituzte, eta baita Mexikon ere. Bide horretatik jarraitu nahi genuke, kanpora jotzen, eta horregatik hasi gara beste toki batzuetan hazia ereiten; Korean edo Japonian, esaterako.
-Eta bira luze honen esperientziaren ondoren, halakoak planteatzeko modua aldatuko zenukete?
Lore: Egia da bira laburragoak egin nahiago genukeela, baina, bestalde, Atlantikoaren bestaldera joaten bazara, ahalik eta toki gehienetara iristeko aprobetxatu behar duzu.
Josu: Lehenengo aldia izan da, eta bagoaz ikasten.
-Musikarako bizi zaretenetik, aldatu da musikarekin duzuen harremana?
Cris: Niri dagokidanez, orain zirrara askoz handiago sortzen dit.
Josu: Nik uste gero eta obsesionatuago nagoela. Batzuetan, gelditu egin behar izaten naiz, zeren eta zenbat eta gehiago konposatu besteen musika gutxiago entzuten baitut, eta gauza berriak entzuteko denbora hartu nahi izaten dut.
Cris Arte Ederren Fakultatean ezagutu eta talde osatu genuenean, beste gauza batzuk genituen musikaz gain, eta orain honetan espezializatu gara eta musika gure bizitza da.
-Jakina da musikazale handiak zaretela. Aurkitu duzue talde berririk biretako joan-etorrietan?
Cris: Glasgown gurekin batera jo zuten talde batzuk bereziki gustatu zitzaizkigun: West Princes eta Pale Kids. Azken horiek batez ere oso interesgarriak ziren, eta ondo legoke berton jotzea.
Azkenean, endogamia handia dugu hemen, eta beti gaude talde berak ikusten. Oso ondo legoke nazioarteko trukaketa indartzea, baina ez bakarrik jaialdietan, baita aretoetan ere.
Hori bai, biran gaudela, nik behintzat, musika gutxiago entzuten dut, eta hona iritsitakoan lana pilatzen zait ikertu eta talde berriak ezagutzeko. Izan ere, zaila dirudi, baina musikan gauza berriak asmatzen dira oraindik.
Josu: Interesgarria da Crisek dioen hori. Askotan, dena asmatuta dagoela esaten da, baina gero zuzenean lehenengoz entzuten ditugun doinu askok oilo ipurdia jartzen digute edo negar malkotan utzi. Hori gertatzen bada, zerbait ondo egiten ari delako da, eta ideiak hartu eta aurrera egitera bultzatzen zaitu.
Ez dakit guk berrikuntzarik egiten dugun, baina saiatzen gara beti aurrekoa hobetzen eta gauza berriak egiten, gure soinua bilatzen. Eta egunen batean lortuko dugu.
Lander: Nolanahi ere, herrialde batera iristen garenean, bertako doinuak bilatzen ditugu; horrela, Mexikon, esaterako, Califanes ezagutu ditugu, eta Nice Church Edinburgon.
*Belakok otsailaren 24an aurkeztuko du Render me numb, Trivial Violence Bilbon, eta bira apirilaren 21ean Iruñera helduko da (Zentral aretoa) eta maiatzaren 19an Gasteizera (Jimmy Jazz).

Zure interesekoa izan daiteke
Olaia Inziartek "Zerrautsa" diskoa aurkeztu du Bilbao Basque Festen
Olaia Inziarte abeslariak Zerrautsa izeneko bere bigarren diskoa aurkeztu du Bilbao Basque Fest jaialdian. “Zerrautsa” bere barrura egindako bidaia bat da, ahultasunari eta emozioei tartea eginez.
Lan Eskaintza Publikoa egingo da, Donostiako Jazzaldiaren zuzendari berria hautatzeko
Lanpostua aldi baterako betetzeko hautaketa prozesuak ez du emaitzarik eman, bi hautagaik uko egin baitiote lanpostua aldi baterako betetzeari. LEP bidez, behin betiko beteko da postua orain.
Ura Bere Bidean jaialdiak hirugarren emanaldi bat izango du urriaren 22an
Aurresalmentan urriaren 23ko eta 24ko emanaldietarako sarrerak agortu ondoren, antolatzaileek hirugarren bat gehitzea erabaki dute, urriaren 22an, osteguna. Besteak beste, Olaia Inziartek, Eñaut Elorrietak, Zea Maysek edota Pantxoa eta Peiok hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Korrontzik BECen amaituko du nazioartean egingo duen 50 kontzertuko birari
BECeko kontzertua "Mundua Dantzan" biraren amaiera izango da. Hain zuzen ere, 50 kontzertuko bira izango da, eta, besteak beste, Malaysia, Kanada eta Txekia Errepublikara iritsiko da.
"Agur esan barik" dokumentala aurrestreinatuko du Gatibuk
Gatiburen ibilbideko azken urtean filmatutako lanak taldearen bideari begiratzen dio, Jabi Elortegi zuzendariaren ikuspegitik. Gaur aurrestreina egingo dute Bilbon, eta irailetik aurrera egongo da ikusgai, zinema jaialdietan eta Primeran plataforman.
Juan Diego Flórez, Sokolov eta Juanjo Mena, Donostiako Musika Hamabostaldian
Perutar tenorrak irekiko du jaialdia, abuztuaren 2an, Italiako eta Frantziako opera, zarzuela eta musika hegoamerikarreko piezekin eraikitako programa batean, pianistak Beethoven eta Schuberten obrak interpretatuko ditu eta gasteiztar maisuak "Arriaga harrigarria" kontzertua zuzenduko du.
Sun Ra Arkestra eta Snarky Puppy, Gasteizko jazz jaialdiko kontzertu nagusiak ixteko
Ruben Blades, Gretchen Parlato, Take 6, The Bad Plus, Irene Reigen laukotea eta Magali Sare eta Manel Fortiá bikotea arituko dira Mendizorrotzan. Sarrerak bihar, hilak 27, jarriko dituzte salgai.
Pablo Martín Caminero, Merina Gris eta “Xorieri” Izaroren kantua saritu dituzte MIN sarietan
Carlos Aresek eta Valeria Castrok hiruna sari eraman dituzte musika independentearen Espainiako sarietan; Al cantek jazz álbum onenaren saria eraman du, Zuloak euskarazko disko onenarena eta Izaroren eta Baiucaren arteko lankidetzaren emaitzak ekoizpen onenaren saria, Alejandro Guillanen lanari esker.
Gernikako “lekuek”, musikaz gainezka martxoaren 25etik 29ra
Lekuek festibalak hamaika kontzertu, aurkezpenak, dokumentalak, ikastaroak, DJ saioak eta kale ekimena proposatuko ditu bost egunez: Mourn, Olaia Inziarte, Xiberoots, Guadalupe Plata, Janus Lester…
Sigur Rós talde islandiarrak Bilbon joko du irailaren 15ean
Emanaldia Euskalduna Jauregian izango da, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera. Kontzertua Robert Ames zuzendariarekin eta tokian tokiko orkestrekin egiten ari diren biraren parte da.