'17 urteko Pello Reparazek ez luke ulertuko Vendettaren agurra'
Pello Reparazek (Arbizu, 1990) azken hamar urteotan adierazpide izan duen taldeak, Vendettak, agur esango die zaleei ostiral honetan, abenduak 28, Atarrabian, Hatortxu Rock jaialdiaren eremuan bere ibilbideko azken kontzertua eskainiz.
Reparaz geldigaitzak, baina, ez daki musikarik gabe bizitzen –“oxigenoa kentzea hobe, agian, musikarik gabe bizi baino”, esan digu–, eta paper zuriaren aurrean pausatuko du laster bere burua, kantuen xerka bultzatzen duen “hunkiduraren” bila, sortzaile zein ekoizle paperean biharra doinu berriz janzte aldera, halabeharrez.
Berarekin hitz egin dugu, agurraren atarian, nondik datorren ulertu eta nora doan jakiten saiatzeko.
Nolakoa izango da agur kontzertua?
Aurreikuspenen aurrean, bai esango nuke azken kontzertua Vendettaren kontzertu bat izango dela, ez Vendetta eta lagunak kontzertu bat, horrelakoetan maiz egiten den bezala.
Sortu dugun azken urteotako Vendetta hor egongo da, noski, baina urte hauetan guztietan egindako guztiaren errepasoa ere egingo dugu. Hortaz, Vendettak sekula egin duen kontzerturik luzeena egingo dugu 28an.
Sorpresak egongo dira, eta, Vendettako bost kideoz gain, bestelako instrumentazioa ere egongo da agertoki gainean, baina ez da gonbidatuen errenkada bat espero behar.
Eta maila pertsonalagoan, zer aldarterekin igotzen da artista agertokira, amaierarako atzerako kontaketa bat egiten ari dela jakinda?
Orain artekoa oso-oso polita izan da, eta esan dezaket asko disfrutatu ditudala agur luze honetan emandako kontzertu guztiak. Hala ere, pentsatzen dut ez dela gauza bera izango agertokira igotzea azken kontzertua izango dela jakinda.
Aitortu behar dizut ez dakidala zer sentituko dudan. Badiot beldur pixka bat egun horri; sentimendu asko daude kontzertu horren inguruan, eta beldurra da horietako bat.

Vendetta, zuzenea. Argazkia: Gaizka Peñafiel.
Zergatik aukeratu zenuten Vendetta bukatzea? Kanpotik ikusita, batzuek ametsa dutena bizitzen ari zineten: kontzertuetan jendea biltzen duzue, diskoak grabatzeko aukera duzue, atzerrian ere jo duzue… Nola azaldu?
Egia da. Nik ezingo nioke hau inolaz ere azaldu 17 urteko Pello Reparazi, ez luke ulertuko. Orain bizitzen ari naizena 17 urteko Pello horren ametsa zen, eta orain bertan behera uztea ez da oso erraza azaltzen.
Halere, zurrunbilo barruan zaudelarik, beste era batera ikusten dira gauzak, eta lehen zure ametsa zena beste zerbait bilakatu da. Ederra izan da, benetan, baina beste amets batzuk ere badaude, beste gauza batzuk egiteko grina, eta bihotzak eskatzen didana egiteko grinari kasu egin behar diot. Hori sentitu dut oraingo honetan, eta horrek ekarri du erabaki hori.
Zer izan da hamar urteko ibilbide honen alderik politena eta zein txarrena?
Orotara, esperientzia ederra izan da, gauza asko ongi egin ditugu eta akats asko ere bai. Oso polita izan da gutxika ikustea etxean idazten duzun horrek eragina duela beste jende askorengan.
Bestalde, bertigo eta ardura pixka bat ere sentitu dut horrexegatik, egiten duzunak oihartzuna duelako.
Onena jendearekin bat egitea izan da, kontzertuetan sortu den giroa orgasmikoa izan da, nolabait esatearren. Txarrena, berriz, kritikak: agertokira igotzen zaren unetik, badakizu jendeak ahotan hartuko zaituela eta hori onartzen duzu. Hainbeste jendek jarraitzen dizunean, askok maite zaituzte eta beste askok, ezagutu gabe, gorrotatu, eta aitortu behar dut hori asimilatzea kostatu egin zaidala.

Reparaz, bere estudioan lanean. Argazkia: Gaizka Peñafiel.
Musikagintzan jarraitzeko asmoa duzu… Zer bilatu nahi duzu taldetik kanpo?
Aurrean, paper zuri bat daukat orain, eta behar nuen sentsazio hau. Berriz sentitu nahi nuen nora noan ez jakiteko beldurra eta ardura.
Gogoa eta ilusioa dut, zerotik hasita noraino hel naitekeen probatzeko. Ez daukat etorriko denaren irudi argirik, zirriborro batzuk besterik ez, eta horrek mugitzen nau orain.
Kantuen idazketari buruzko masterra ikasten ari zara, Londresen…
Bai, erdia egin dut.
Zer irakatsi dizula esango zenuke?
Abestigintza ulertzeko modua errotik aldatu dit. Urte hauetan guztietan abestiak idazten nituenean zer egiten nuen azaldu dit, eta zergatik egiten nituen inertziaz ateratzen zitzaizkidan hainbat gauza.
Ulertu dut non lortu dudan barruan nuena transmititzea eta non ez, eta, garrantzitsuagoa dena, hori zergatik gertatu den. Non asmatu dudan banekien, ikusi baitut jendearen erantzuna, baina ez nuen ondo ulertzen zergatik, eta hori erakutsi dit.
Gainera, neure burua gauzak transmititzeko modu berrietara irekitzen ere lagundu dit. Orain arte igortzen nuena transmititzeko moduak optimizatzen irakatsi dit, tresnak eman dizkit. Eta egia da neure burua prestatuago ikusten dudala orain duela urtebete baino, abesti berriak sortzeko eta jendeari sentsazio berriak sentiarazteko.
Eta, sortzaile gisa, zerk adierazten dizu ideia baten, langai baten atzean, kantu bat egon daitekeela?
Bada, Baloreak proiektuaren abestiak egiteko orduan, adibidez, behin baino gehiagotan jarri zaizkit ileak tente. Disko hori sortzeko zurrunbiloan erabat murgilduta nengoenean, hunkitu egiten nintzen. Horrexegatik bakarrik merezi du abesti batean parte hartzea.
Hipokrita ere ez naiz izango, eta esango dizut interesatzen zaidala jakitea jendeak zer iritzi duen horren gainean, zer harrera izan duen sortu dudan horrek. Bi alde horiek uztartzea gustatzen zait.
Baloreak haurrentzako proiektuan, adibidez, bi aspektuak bete dira: kantuek ni hunkitu ninduten eta, plazaratu genuenetik bi hilabete pasatu diren honetan, harrera ikaragarria izan dugu. Oso pozik nago, eta bistan da merezi izan duela.
Beraz, jakintzak tresnak ematen dizkizu, baina sormenaren lehen bulkada oso primarioa da, ezta?
Bai, hala da. Eta hori masterra egin aurretik ere sentitzen nuen. Hori galtzen ez dudan bitartean, musikan jarraituko dut.
Sortzaile gisa ez ezik, ekoizle gisa ere lan egiten duzu (Bother Vendettaren diskoa, El Muerto Vivo taldea…). Zer erants diezaioke produktore batek musika proiektu bati?
Beste artista batentzat lan egiten duenean, produktoreak beste ikuspegi bat eman behar du, kanpoko perspektiba bat. Sortze zurrunbilo baten barruan dagoen pertsona bati kanpotik begiratu eta aukerak eman. Zer iruditzen zaizu hau egiten badugu?, esan.
Eta artistari lehen aipatzen genituen tresna horiek eskaini, esku artean dagoen materialarekin ahalik eta musikarik hunkigarriena edo eraldatzaileena egiten saiatu, ilusioz eta gogoz. Hori da produktore batek eskaini behar duen minimoa.

Argazkia: Gaizka Peñafiel.
Horretan ere jarraituko duzu, ezta?
Bai, datorren urtean argia ikusiko duten proiektu batzuetan ari naiz lanean.
Vendetta bukatutakoan zabaldutako paper zuri hori hasi zaizu betetzen, beraz…
Bai, ez daukat asmorik geldi egoteko, ezin baitut geldirik egon. Asmoa musika egiten jarraitzea da, noski.
Eta zer da musika zuretzat? Balio du ezertarako? Balio beharko luke ezertarako?
Sentimenak eta ideiak transmititzeko balio duen heinean, horiek eraldatzeko ere balio duela uste dut. Musikak indar eta botere ikaragarriak ditu.
Niretzat dena da musika. Nire pasioa izan da txikitatik, gero hobbya ere bai, eta orain nire lana ere bada; beraz, musika kentzen badidazu… Ez dakit oxigenoa kentzea ez balitz hobe.
Zer musika entzuten duzu?
Bada, begira. Elkarrizketa hau egin baino minutu bat lehenago Alt-J taldea entzuten ari nintzen autoan. Maite dut talde hori, eta oraindik ezin izan ditut zuzenean ikusi.
Baina talde askoz mainstream-agoak ere maite ditut: Major Lazer asko gustatzen zait, erabat elektronikoa den proiektua; Dub Inc reggae taldea ere asko entzuten dut; Hoffmaestro countrya, ska, rocksteadya eta elektronika nahasten dituen talde suediar ikaragarri bat; eta Chase & Status Erresuma Batuko drum&bass taldea ere bai.
Test bat egingo dizut bukatzeko…
Vendettaren kantu bat: “Ekainak 24”
Vendettaren ibilbideko kontzertu bat: Arbizun, 2012an
Euskal talde edo bakarlari bat: Berri Txarrak; are gehiago, une honetan
Atzerriko talde edo bakarlari bat: Hoffmaestro
Ezinbesteko disko bat: Bon Iverren disko homonimoa
Kontzertu ahaztezin bat ikusle gisa: Clean Bandit, Valentzian
Zure interesekoa izan daiteke
Chris Isaakek abiatuko du Bilbao BBK Legends
Ekainaren 26an eta 27an nazioarteko rock musika estilo ezberdinetako izen handiak bilduko ditu BBK Legends jaialdiak. OSTIRALA, EKAINAK 26 19:30 - DEA MATRONA 20:50 - CRACKER 22:15 - CHRIS ISAAK LARUNBATA, EKAINAK 27 19:30 - GRAVEYARD 20:55 - BEAT 22:50 - TOM MORELLO (Bertan behera geratu da) Chris Isaak 22:15ean izango da Bilbao Arenan, Miribillan, eta bere 70. urtebetetzea ospatzeko tartea ere izango du, seguru.
Tom Morellok bertan behera utzi du BBK Bilbao Music Legends-eko emanaldia, familia arrazoiak direla eta
Bere ama, Mary Morello, ospitaleratu egin dute eta artista AEBra itzuliko da, haren zaintzan laguntzeko. Ahal bezain laster Europako agertokietara itzultzeko nahia adierazi du artista ezagunak.
Bilbao BBK Livek hiriko erdigunera eramango ditu Belen Aguilera, Ana Curra eta Merina Gris
“Bereziak” kontzertu programak Las Petunias, LaBlackie, Raly, Gara Duran eta joseluis ere programatuko ditu Bilboko hainbat txokotan, uztailaren 9tik 11ra.
Gasteizko jazz jaialdiak 50 kontzertu eskainiko ditu
Musika topaldiaren 49. edizioko izar nagusia Ruben Blades panamar musikaria izango da; uztailaren 17an arituko da Mendizorrotzan.
EHZ, engaiamendua eta dantza 30 urtez
Festibalariek Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren 30. urtebetetzea ospatuko dute Arberatze-Zilhekoan, Niko Etxartek, Xakek, Merina Grisek, DAMek, Anestesiak, Belek, Silitiak eta Etzakitek hauspotuta.
Donostiako Jazzaldiak David Murray, Joe Lovano eta Miguel Martín sarituko ditu
Uztailaren 22tik 26ra, 77 kontzertu eskainiko ditu Donostiako musika jaialdiak; 47, doakoak. Bi saxofonista handiek eta 1984tik 2026ra Jazzaldia zuzendu duen pertsonak jasoko dituzte Ohorezko sariak.
Olaia Inziartek "Gereziak" grabatu du, BOSekin batera
Nafar musikariak "Lehengo lepotikan burua" diskoko kantua grabatu du gaur goizean Bilbao Orkestra Sinfonikoko musikariekin batera, Fernando Velazquezen gidaritzapean. Ura Bere Bidean kontzertuan parte hartuko du urriaren 22, 23 eta 24an.
Pantxoak eta Peiok jaso dute aurtengo Adarra saria, Donostiako Victoria Eugenian
Epaimahaiaren arabera, Pantxoak eta Peiok 60ko hamarkadatik gaur arte “kantuaren plazera” gozarazi diete hainbat belaunaldiri, interpretazio zainduak, melodia kantagarriak eta konpromiso soziala uztartuta. Saritutako bikoteak emanaldia egin du saria jaso eta gero.
Zetak taldeak hiru egun iragarri ditu Gasteizen "Km0" ikusteko: urtarrilaren 16a, 22a eta 23a, Buesa Arenan
Iragarpenak ikusmin handia piztu du taldearen jarraitzaileen artean, eta Zetaken ibilbidean etapa berri bati hasiera emango dion proiektuari buruzko informazio gehiago jasotzeko zain daude. Sarrerak igande eguerdian jarri dituzte salgai.
Guztira 270.000 ikuslek egin zuten bat ETB2n eta ETB ONen San Mameseko "Mitoaroa III" ikuskizun historikoarekin
Mitoaroa trilogiaren amaierako kontzertu handia ikusgai dago ETB ONen eta PRIMERANen, berriro ikusi nahi dutenentzat edo zuzenekoa galdu zutenentzat.