87. edizioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Mari Puri Herrerok egin du Musika Hamabostaldiko kartela

Musika jaialdiaren 87. edizioa abuztuaren 2tik 30era egingo dute, eta bilbotar artista arduratu da horren irudia diseinatzeaz. Juan Diego Florez perutar tenorraren kontzetu batek inauguratuko du jaialdia.

Musika Hamabostaldiaren 87. edizioaren kartela.

Mari Puri Herrero artista (Bilbo, 1942) da Musika Hamabostaldiaren 87. edizioaren kartelaren sortzailea. Bilbotar artistak egingo du abuztuaren 2tik 30era Donostia eta lurralde osoa musikaz beteko duen jaialdia.

XX. mendeko euskal artearen figura nabarmenenetako bat da Herrero, margolari, grabatzaile eta eskultorea. Haren lanetan, errealitatea eta fantasia nahasten dira: “Onirikoa dena eta baita kalean ikusten duguna ere, dena nahastuta dago. Errealitatea ez dago hain zehaztuta, eta hori da gustatzen zaidan mundua", esan du.

Sariak ugari jaso ditu Herrerok, Sabino Arana saria (2012), Marijaia Bilboko Aste Nagusiko pertsonaia sortzeagatik, eta Gure Artea saria, esaterako, eta bere lana bilduma hauetan dago: Artium Museoa, Espainiako Liburutegi Nazionala, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Banco Europeo de Inversiones, BBVA Fundazioa, BBK Fundazioa, Iberdrola, Testimoni Bilduma, la Caixa, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Arte Eder Museoa, Donostiako Elizbarrutiko Museoa, El Brocense Kultur Erakundea (Cáceres), Durangoko Arte eta Historia Museoa…

Artistak naturaltasunez hartu zuen Hamabostaldiko kartela sortzeko enkargua, musika jaialdiak jaso duenez: "Hamabostaldiko kartela egiteko deitu zidatenean pozik hartu nuen, musikarekin asko egiten baitut lan; asko gustatzen zait".

1994tik artista handiek sortu dute Hamabostaldiko kartela, hauek esaterako: Andrés Nagel (1994), Eduardo Chillida (1996), Agustín Ibarrola, Cristina Iglesias (1999), Vicente Ameztoy  (2000), José Luis Zumeta (2001), Marta Cárdenas (2002), Néstor Basterretxea (2003), Ivan Zulueta (2005), Maider López (2010), Esther Ferrer (2011), Koldobika Jauregi (2013), Jesus Mª Lazkano (2015), Elena Odriozola (2016), Juan Luis Goenaga (2018), Itziar Okariz (2019), Txomin Badiola (2023) eta Isabel Herguera (2025). 

Juan Diego Florez perutar tenorraren kontzertu batek irekiko du musika programazioa, abuztuaren 2an, gaur kartela aurkezteko ekitaldian aurreratu dutenez. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X