Sidenorren zuzendari batek bazekien Israelera esportatutako altzairua obusak egiteko zela
Polizia Nazionalak Sidenorren Basauriko egoitzan aurkitutako dokumentu batek informazio hori jasotzen du, Palestinako okupazioaren aurkako elkartasun sareak (RESCOP) elkarteak jakinarazi duenez.
Polizia Nazionaleko agenteak, Sidenorrek Basaurin duen egoitzan, pasa den otsailaren 10ean. Artxiboko argazkia: EFE
Sidenorrek jakin bazekien Israelgo armagintza enpresei saldutako altzairua obusak egiteko erabiliko zela, RESCOP Palestinako okupazioaren aurkako elkartasun sareak EITBri baieztatu dioenez.
Informazio hori ageri da, hain zuzen ere, Polizia Nazionalak Sidenorren Basauriko egoitzan egindako miaketan aurkitutako dokumentu batean. Sidenorrek Israelera saldutako altzairuaren auziaren harira, Comunitat Palestina de Catalunya elkarteak kereila bat jarri zuen enpresaren aurka, eta Auzitegi Nazionalak ikerketa abiatu zuen.
Zehazki, Sidenorren zuzendari baten bulegoan aurkitutako dokumentu batean, Israelera 2024 eta 2025 artean egindako altzairu bidalketen zerrenda bat ageri da.
Hamar herrialdetako hogei armagintza enpresa baino gehiago ageri dira zerrendan, tartean, IMI Systems LTD eta Israel Weapon Industries enpresak.
Itxuraz, Israelera egindako esportazio horiek aurretiazko baimenik gabe eta Espainiako Gobernuari jakinarazi gabe egin ziren. Horrela balitz, kontrabando delitua litzateke RESCOPen abokatuaren arabera. Testuinguru horretan, elkartea zer egin aztertzen ari da.
Sidenorren arabera, Poliziak aurkitutako dokumentuak ez du frogatzen saldutako altzairua obusak egiteko erabili zela
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela