Talgok 6.300 milioi euroko eskaera-bolumena lortu du, inoizko handiena, eta ekoizpen-gaitasuna bikoiztu nahi du
Konpainiak iragarri du Euskadin ikerketa-unitate korporatibo bat sortuko duela, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratua.
Talgoren presidenteak, Jose Antonio Jainagak, nabarmendu du konpainiak 6.307 milioi euroko eskaera-bolumen “errekorra” lortu duela, eta 2028. urtearen amaiera baino lehen ekoizpen-gaitasuna bikoiztea espero dutela.
Jainagaren hitzetan, Talgo, ziurrenik, “merkataritza-historiako bere unerik distiratsuenetako batean” dago. 2025a 4.466 milioi euroko eskaera-zorroarekin itxi ondoren, gaur egun kopurua “6.307 milioi eurora igo da, eta errekorra ezarri du”.
Gainera, Talgoren presidenteak Euskadin ikerketa-unitate korporatibo bat sortzekotan daogela iragarri du. Unitate hori Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratuko da, eta Talgo TeknoRail izena izango du.
Akziodunen Batzar Nagusia
Astearte honetan Gasteizen egindako Talgoren Akziodunen Batzar Nagusian egin ditu adierazpenok. Batzar hori Jainagak buru izan duen lehen batzar arrunta izan da.
Talgoren —eta Petronorren— presidenteak azpimarratu du azken hilabeteak enpresaren akziodunen egituran izandako aldaketek markatu dituztela, baita finantza-berregituraketa sakon batek ere. Bi prozesu horien helburua, haren esanetan, Talgori behar duen egonkortasuna ematea izan da.
Horri esker, Jainagak ziurtatu egin du Talgok gaur egun “likidezia-maila oso handia” duela, baita finantza-egitura “oso dibertsifikatua” ere, datozen urteetan gauzatuko diren kontratu ugarien bidez hazkunde-politika bermeekin garatu ahal izateko.
Era berean, azaldu du datozen asteetan amaituko dutela Renferekin Avril proiektuaren inguruan duten akordioa, eta horrek “edozein finantza-ziurgabetasun erabat argituta” utziko duela.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela