Euskadik 500 milioi euroko mailegua sinatu du Osakidetzako ospitale eta osasun-etxeen sarea berritu eta indartzeko
Besteak beste, Basurtuko,Galdakaoko, Donostiako, Gurutzetako eta Txagorritxuko ospitaleak handitu, modernizatu eta eraberrituko dituzte, bai eta (2025 eta 2032 bitartean) hogeitik gora osasun-etxe eraiki ere; tartean, Durangoko Bereizmen Handiko Zentroa.
Europak 500 milioi euroko mailegua emango dio Euskadiri, euskal osasun sistema publikoa eraberritzeko eta indartzeko. Akordioa gaur sinatu dute Bilbon Eusko Jaurlaritzak eta Europako Inbertsio Bankuak.
Urrats erabakigarria da aipatutakoa, Osakidetzarako aurreikusitako inbertsio plana gauzatu ahal izateko; besteak beste, 21 osasun zentro berri zabaltzeko.
Imanol Pradales lehendakariak eta Nadia Calviño Europako Inbertsio Bankuaren presidenteak sinatu dute akordioa. Horri esker, azpiegituretan eta teknologian inbertsio ugari egin ahal izango ditu Jaurlaritzak; adibidez, Basurtuko kanpo kontsultetarako eraikina eraberritzeko erabiliko du diru hori.
Mailegua bi zatitan jasoko du. Gaur, 250 milioi eskuratu ditu, eta diru horrekin, besteak beste, Basurtuko, Galdakaoko, Donostiako, Gurutzetako eta Txagorritxuko ospitaleak handitu, modernizatu eta eraberrituko dituzte, bai eta (2025 eta 2032 bitartean) hogeitik gora osasun-etxe eraiki ere; tartean, Durangoko Bereizmen Handiko Zentroa.
Bestalde, inbertsioak egingo dituzte ekipamendu teknologikoetan eta osasun sistemaren digitalizazioan.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela