Medikuen sindikatuek ekainaren 15etik 19rako lanuzteari eutsi diote
Goizean bildu dira Osasun Ministerioko arduradunekin, baina ez dute akordioa ixtea lortu. Sindikatuek gaitzetsi egin dute Monica Garciak zuzentzen duen ministerioak ez duela akordiorako borondaterik.
Medikuen sindikatuek iragarri dute eutsi egingo diotela ekainaren 15etik 19rako deitutako grebari —aurtengo bosgarrena—, gaur Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioarekin izandako batzarra akordiorik gabe amaitu ondoren.
Greba batzordeak oharra kaleratu du bilera amaitutakoan, eta gaitzetsi duenez, Ministerioak ez dauka "borondaterik" gatazka desblokeatzeko. Euskadiko Medikuen Sindikatuarekin (SME) batera, Espainiako Medikuen Sindikatuen Konfederazioak (CESM), Andaluziako Medikuen Sindikatuak (SMA), Metges de Catalunyak (MC), Madrilgo Medikuen eta Goi Mailako Tituludunen Elkarteak (Amyts) eta Galiziako Mediku Independenteen Sindikatuak (O 'Mega) osatzen dute batzordea.
Ordu eta erdi inguru iraun duen bileraren ondoren, sindikatuen ordezkariek azaldu dute Espainiako Gobernuaren ordezkariek "beste behin" ez dutela "aurrera egiteko moduko proposamenik" jarri mahai gainean. Oharraren arabera, oraingoan, sindikatuek bazuten "itxaropena zerbait lortzeko", baina ez da hala izan.
Monika Garcia ministroaren lantaldeak, besteak beste, datozen egunotan Lurraldearteko Osasun Kontseilua biltzea proposatu du, medikuek euren negoziazio marko propioa izateko dauden "formulak aztertzeko" erkidegoen artean.
Estatutu marko propioa sortzea eta negoziazio bide esklusibo bat zabaltzea eskatzen dute medikuek.
"Erkidegoen esku"
"Ministerioaren betebeharra da profesional guztietzako marko bat egitea, hobekuntzetan ekitatea bermatzeko".
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela