2027ko aurrekontuen ildo nagusiak onartu ditu Jaurlaritzak, hazkundea % 1,6koa izango dela aurreikusita
Nöel d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak azaldu duenez, oinarrizko zerbitzu publikoak indartzea izango da lehentasuna; osasuna, hezkuntza, etxebizitza, segurtasuna eta gizarte zerbitzuak izango omen dira kontuen ardatzak.
2027ko aurrekontuen ildo nagusiak finkatu ditu Eusko Jaurlaritzak, Barne Produktu Gordinaren (BPG) % 1,6ko hazkundea aurreikusita, aurtengoa baino txikiagoa. Ekialde Hurbileko gatazkak eragindako ezegonkortasuna eta jarduera ekonomikoaren mundu mailako moteltze orokorra leudeke atzean.
Agertoki hori aintzat hartuta marraztu ditu Gasteizko Gobernuak kontuen goiburu nagusiak, eta Gobernu Kontseiluak gaur onartu du aurrekontu proiektuaren oinarria izango dena. Besteak beste, enplegua % 0,7 haztea aurreikusten da, eta langabezia tasa % 6,2an kokatzea; hau da, enplegua sortu sortuko da, baina erritmo txikiagoan.
Nöel d'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak aurkeztu ditu ildo nagusiak, asteroko bileraren ondorengo agerraldian. Esan du "aurrekontu anbiziotsuak eta zuhurrak" diseinatuko dituztela, nazioarteko egoera konplexuak eragin ditzakeen "arriskuen" aurrean "herritarrak babesteko". "Euskal ekonomiaren erresilientzia" eta "subiranotasun estrategikoa" bermatzea lehenetsiko dutela zehaztu du.
Sailburuaren arabera, iaz baino diru gehiago izatea espero dute, baina hori baieztatzeko "diru bilketaren datuen" zain daudela azaldu du. Nolanahi ere, onartu du 2027an ez dela aparteko diru-partidarik izango inbertsioetarako. Iaz, ia mila milioi euro bideratu ziren Euskal Finantza Aliantzara.
Zerbitzu publikoak
Oinarriko zerbitzu publikoak erdigunean jarriko direla ziurtatu du D'Anjouk. Bere hitzetan, osasuna, hezkuntza, etxebizitza, segurtasuna eta gizarte zerbitzuak izango dira ardatz nagusiak, eta horien kalitatea, eskuragarritasuna eta bideragarritasuna bermatuko dituen aurrekontuak diseinatu nahi dira.
Enpleguaren kalitatea, berrikuntza, digitalizazioa eta nazioartekotze estrategiak ere indartuko direla adierazi du sailburuak. Aurreko ekitaldietan bezala, helburuen artean kokatu dute ehun produktiboa eta hazkunde ekonomiko inklusiboa sustatzea.
Halaber, trantsizio energetikorako inbertsioek ere berebiziko garrantzia izango dute.
Tramitazioa
Behin lerro nagusiak onartuta, hurrengo urratsak izango dira aurrekontuen lehen zirriborroa egitea irailerako, Euskal Finantzen Kontseiluaren ekarpenekin, eta urrian Gobernu Kontseiluak proiektua onartu eta Eusko Legebiltzarrera bidaltzea, tramitazioari bide emateko.
Aurretik, oposizioko alderdien ekarpenak entzuteko prest agertu da D'Anjou, baina ohartarazpena ere egin du. "Ekarpen serioak izan beharko dute", erantsi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela