Informatzaile batek CESIDi jakinarazi zion Juan Carlos I.a militar kolpistekin bildu zela, epaiketak Errege Etxea kaltetu ez zezan
Dokumentuak jasotzen duenez, erregea Milans del Bosch kolpistarekin bildu zen. Zerbitzu sekretuek sinesgarritasuna eman zioten informazioari, eta “goi-mailako informazio” gisa sailkatu zuen.
Otsailaren 23ko estatu-kolpearen inguruko dokumentazioaren desklasifikazioak ez ditu bete sortu ziren aurreikuspenak, baina ezin da ukatu agiri batzuek informazio berri eta garrantzitsua dakartela. Desklasifikatutako agirietako batek, esaterako, jasotzen du Juan Carlos I.a otsailaren 23aren ondoren estatu-kolpeko arduradun nagusietakoa zen Jaime Milans del Boschekin bildu zela. Bilera prozesu judiziala hasi baino lehen izan zen, eta helburua zen prozesu judizialak Errege Etxea ez kaltetzea.
Dokumentua oinarritzen da informatzaile batek inteligentzia-zerbitzu nagusiari (CESIDi alegia) helarazitako informazioan. Honako izenburua du: ‘Sobre entrevistas de S.M. el Rey con militares implicados en el 23-F’ (Erregeak O23an inplikatutako militarrekin izandako elkarrizketei buruz). Gainerako dokumentazioarekin batera Moncloaren webgunean argitaratu da.
Bertan jasotzen denez, “Erregea modu konfidentzialean" elkarrizketa izan zuen "T.J. Milans del B.rekin”. Gaineratzen duenez, “ororen gainetik nahi dena da Koroa prozesutik kalteturik ez ateratzea”. Bilera hori estatu-kolpe saiakeraren ondoren gertatu omen zen, informatzaileak CESIDi helarazi zionez. Agiria 1982ko otsailaren 5ekoa da; egun batzuk geroago hasiko zen kolpisten aurkako prozesua.
Bilera Armadarekin
Dokumentuak ez ditu iturriak zehatz aipatzen: “Hiriburuko giro militarrak” eta “Kantabriako iritzi-nukleo kualifikatuak” aipatzen ditu. Milans del Boschekin izandako ustezko bileraz gain, jasotzen da “Errege Etxeko pertsona oso garrantzitsu batek" elkarrizketa izan zuela Alfonso Armada jeneralarekin.
Dokumentuak, halaber, nabamentzen du informazio kualifikatua dela, eta “ez zurrumurru bat”.
Horrela, azpimarratu behar da CESIDek “goi-mailako informazio” gisa sailkatu zuela Juan Carlos I.a erregearen eta Jaime Milans del Bosch jeneralaren arteko ustezko harreman hori, helburu zuena Koroa prozesutik "kaltetuta atera ez zedin”. Hau da, Espainiako inteligentzia-zerbitzuak sinesgarritasuna eman zion informazioari.
Dokumentuan jasotzen denez, informatzaileak ez ziren edonor (“ez dira sasijaunak”); haietako batzuk “sektore militarrean integratuta” zeudela jasotzen da.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik