Estreina, urriaren 17an

Gorde
Kendu nire zerrendatik

“Arriagaren aterkia” lanak bidaia bat eskainiko du, ehun ahotsek gidatuta

Bilboko Koral Elkarteko ehun kantarik jarriko diote ahotsa, Ane Pikazaren zuzendaritza eszeniko eta Aitor Biainen zuzendaritza musikalarekin, Nerea Alberdik eta Aitor Etxebarriak konposatutako musikari.

Arriagaren Aterkia
Bilboko Koral Elkartearen Haurren Koruak jarriko dio ahotsa ikuskizunari. Argazkia: © E. Moreno Esquibel

Juan Crisostomo de Arriagaren aterki baten aurkikuntzak “haur eta familientzako ikuskizun musikal poetiko eta oniriko bati” bide egingo dio, “Arriagaren aterkia” Arriaga Antzokiak eta Bilboko Koral Elkarteak urriaren 17an estreinatuko duten ikuskizunean.

Ane Pikazaren zuzendaritza eszenikoa eta Aitor Biainen zuzendaritza musikala ditu lanak, baita Jose Luis Ormazabalen laguntza abesbatzak zuzentzeko ere, eta Bilboko Koral Elkarteko ehun bat ahotsek jarriko diote ahotsa hamar musikarik osatutako hari, haize, perkusio eta elektronika-ensemble batek interpretatuko duten musikari. Nerea Alberdik eta Aitor Etxebarriak konposatu dituzte doinu eta erritmo horiek.

Gainera, Leire Bilbaok idatzitako libretoa hiru aktorek gorpuztuko dute: Loli Astorekak, Leire Uchak eta Itziar Manerok.

Arriaga Antzokiak bi emanaldi eskainiko ditu koprodukzio hau estreinatzeko: urriaren 17an, larunbatean, 18:00etan, eta urriaren 18an, igandean, 12:00etan.

Antzokitik azaldu dutenez, “musikalak bidaia bat proposatzen du memorian, denboraren joanaren eta bizitzaren etapetan zehar, beti Bilboko euripean. Istorioak haurtzaroa, gaztaroa, helduaroa eta zahartzaroa zeharkatzen dituen pertsonaia bati jarraitzen dio, musikak eta oroitzapenek denboren eta emozioen artean bidaiatzeko aukera ematen dioten bitartean”.

Sarrerak salgai daude jada, 11 eta 21 euro arteko prezioan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X