Araba izango da Zetaken Buesa Arenako kontzertuen protagonista
Pello Reparaz Gasteizen, kontzertuaren aurkezpenean
“Banax Arabacoa” ikuskizunak “Arabako fikziozko zortzi istorio” josiko ditu, musika elektronikoa, ikus-entzunezkoak eta antzerkia uztartuta, Buesa Arenan, urtarrilaren 16an, 22an eta 23an.
Ikuskizunaren izenburua Lazarraga idazlearen XVI. mendeko eskuizkributik dator, eta “ni Arabakoa naiz” esan nahi du. Kamele Jaio idazlearen laguntzarekin idatzitako gidoian, istorio hau kontatuko du Pello Reparazek: Pello Reparaz Gasteizera etorri da Nafarroatik, kontzertu bat ematera, eta bidean topatuko dituen arabarrei hainbat galdera egingo dizkio: Agurainen, aitonarekin bolotan ikasitako gazte batek beste erabilera bat eman nahi dio biak elkartzen zituen bolatokiari; Laudion, beste batek amonaren trasteekin egiten du musika….
Maider Oleaga zinemagilearen eta Txabe Atxa aktore eta casting zuzendariaren laguntza izan du Zetakek oraingoan, zotzi aktore arabar gaztek gorpuztuko dituzten ideiak sortzeko orduan.
Aldaketak, Buesan
Espazioan hainbat doiketa egin eta gero, Buesa Arenako pista irekitzea erabaki du Zetak taldeak. Pistara sartzeko, 18 urtetik gora izan beharko da, hori bai, eta dagoeneko harmailetako sarrerak dituztenei pistara aldatzeko aukera eskainiko zaie “laster”.
Aldaketak eskatzeko epea amaitutakoan (aldaketa aukerakoa izango da, eta harmailan gelditu nahi dutenek ez dute ezer egin beharko), aurresalmenta irekiko diete Zetaken aurreko kontzertuetara joan zirenei.