Jose Mari Goenaga: ‘Pentsatzeko materiala ematen du 'Loreak' filmak’
“Aneren bizimodua goitik behera aldatuko da, astero-astero, etxean lore-sorta bat jasotzen hasten denean. Beti ordu berean. Beti modu anonimoan. Bestalde, lore misteriotsu batzuek Lourdesen eta Tereren bizimoduak ere aldatuko dituzte. Ezezagun batek lore-sorta bat utziko du astero, eurentzat hain garrantzitsua izandako norbaiten oroimenez”. Hori da “Loreak” Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren filmaren abiapuntua.
Abiapuntu itxuraz xume horrek, baina, esanahi, irudi eta gogoeta sakonak ezkutatzen ditu, filmaren ia 100 minutuetan. Lanak oniritzi zabala lortu du han-hor-hemen, erakutsi duten zinemaldietan, eta publikoak epaitzeko unea heldu zaio orain. Donostian (Principe eta Antiguo Berri), Bilbon (Multicines eta Golem Alhondiga), Irunen (Txingudi), Gasteizen (Florida), Getxon (Getxo Zinemak) eta Iruñean (Golem Baiona) ikusi ahalko da lehen aste honetan.
Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño Madrildik bueltan harrapatu ditugu, bertako aurestreinaldia bukatu berritan, bertan jasotako erantzunarekin gustura. Goenagak erantzun dizkio gure galderei.
Nola eusten diote loreak bezain elementu hauskorrek filmari?
Berez, loreek, huts-hutsean, ez dute esanahirik, baina zeinek jasotzen dituen edo zeinek ikusten dituen, esanahi bat edo beste bat hartzen dute; batzuek ilusioz hartzen dituzte loreak, beste batzuentzat mehatxu dira...
Loreak filmaren ideiaren oinarrian, errepide bazterretan utzi ohi diren lore-sortak zeuden: oso irudi dramatikoa dira, baina, era berean, oso enigmatikoa, ez baitugu jakiten nork jarri dituen, pertsona horrek istripuan hildakoarekin zer harreman zuen... Istorioaren abiapuntua horixe izan zen.
Istripu baten biktimari loreak jartzen dizkion emakume baten eta etxean loreak jasotzen hasten den emakume baten istorioekin ispilu-jokoa egiten dugu. Oroimenaren eta ahanzturaren arteko talka erakusten du filmak.
Pertsonaiek jarrera ezberdinak hartzen dituzte loreen aurrean, ezberdin jokatzen dute: batek memoria gorde egin nahi du; beste batek, ahaztu, eta hirugarrenak ere joan dena bizirik mantendu nahi du. Triangelu horrek eusten dio istorioari.
Hiru aktore nagusien lanak goraipamenak ugari jaso ditu: besteak beste, aktore onenaren saria irabazi dute, ex aequo, Tokioko Latin Beat zinema-jaialdian. Nolakoa izan zen pertsonaiak eraikitzeko prozesua? Zelan aurkitu zenituzten pertsonaietarako aktore egokiak?
Itziar Aizpuru, Nagore Aranburu eta Itziar Ituño dira aktoreak.
Itziar Aizpuru 80 egunean gure aurreko filmeko protagonista ere bada, eta argi genuen, hasieratik, film honetan ere egongo zela. Gidoia idazteko orduan, bera izan genuen buruan; are gehiago, pertsonaiak erabiltzen dituen esaldi batzuk Aizpuruk berak erabiltzen dituelako hautatu genituen.
Ane deritzon pertsonaiarako ere Nagore Aranburu ibili genuen buruan hasieratik. Asko gustatzen zaigu haren lana, eta castingetan agerian utzi zuen zuzen geundela. Esperientziaduna da, gainera, gidoigintzan ibilitakoa eta beste, eta erraz lan egin genuen berarekin.
Itziar Ituñoren pertsonaia sortzeko bidea zailagoa izan zen. Aktore helduago batengana jotzea pentsatu genuen hastapenetan, eta proba gehiago egin genituen. Prozesu horretan, hain zuzen, Itziarrek egin zuen proba asko gustatu zitzaigun, eta beste bi hautagaiak baino aproposagoa zela pentsatu genuen. Aktoreari asko eskatzen dio pertsonaia horrek eszena batzuetan, eta Ituñoren energia eta begirada gogorra ondo baino hobeto egokitzen zaizkio.
Esan gabe doa ez garela batere damutzen hautuarekin. Bikain daude hiru protagonistak.
Espero zenuten filmak Zinemaldian izan zuen harrera? Bultzada handia izan al zen?
Zinemaldiko esperientzia oso ederra izan zen. Donostiako Zinemaldia, berez, oso berezia da guretzat: gaztetatik egon gara bertan, ikusle gisa, lanean, epaimahaikide gisa, beste sail batzuetan aurreko lanekin... Zinema mota bat ikusten bertan ikasi genuen.
Egun horietan, harrigarria izan zen jende askok bere egin zuela filma, eta, Realekoak-edo izango bagina bezala, “Tira, aurrera, irabazi egingo dugu”-eta esaten ziguten kaletik.
Horren ildotik, bertoko jendearen erantzuna eta babesa, ingurukoen aupada, handia izan zen, baina are gehiago harritu gintuen kanpoko jendearen erantzunak. Aurreiritzi asko ezerezean gelditu ziren, eta jendeak esan zigun euskarazko filma zela ahaztu egin zutela proiekzioan, nahiz eta hasieran zenbaitek filma Zinemaldiak euskal zinemari nola edo hala “bilatutako” tartea bilatzera zetorrela pentsatu.
Aretotik irtendakoan jendeak zer pentsatzea gustatuko litzaizueke?
Hain zuzen, proiektuaren gakoetako bat hor dagoela uste dugu. Oso garrantzitsua da guretzat ikusleek filma “etxera eramatea”, haren gainean hausnarketa egitea.
Erraz jarraitu eta zineman goza daitekeen istorioa gordetzen du filmak, noski, baina, horrez haraindi, sinbolo eta metaforak ugari daude haren atzean. Pentsatzeko materiala ematen duen filma da, irakurketa asko dauzkana.
Horregatik, filma aretotik irtendakoan ez amaitzea nahiko genuke, baizik eta lagunekin edo ingurukoekin partekatzea, komentatzea... Horretarako elementuak ditu.
Zer bide aurreikusten diozue, jaialdiez haraindi, filmari zinema aretoetan?
Zaila da jakitea, gaur egun gauzak ez baitaude erraz maila horretan.
Euskal Herrian jendea zinemara joatea nahiko genuke; filmaz asko hitz egin da... 80 egunean ikusi zuen baino jende gehiagok ikustea gustatuko litzaiguke, eta ale gehiago zabalduko ditugu horretarako aretoetan.
Euskal Herrian, jatorrizko bertsioan erakutsiko da, euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin, eta, kanpoan, toki batzuetan horrela eta beste batzuetan gaztelaniara bikoiztuta erakutsiko dute. Hainbat hiritara heltzeko bide bakarra genuen hori, nahiz eta gehiegi gustatu ez.
Euskal zinemagintzaren loraldia izan da asteotan (Loreak, Lasa eta Zabala, A escondidas, Los tontos y los estúpidos…). Estreinaldi zerrenda horrek erakusten duen bezain aldekoa da egoera?
Bada, euskal zinemarentzat, Donostiako Zinemaldia oso garrantzitsua da; estrategia komertziala diseinatzeko mugarria ezartzen du jaialdiak.
Horrek egun gutxiren bueltan denok batera estreinatzea dakar, eta gero gerta daiteke urte osoan apenas egotea euskal pelikularik zinemen eskaintzan. Ez dakit estrategia egokia ote den, baina Zinemaldiaren bultzada aprobetxatu beharrean gara.
Albiste gehiago zinema
'Karmele' Asier Altunaren film berriaren trailerra, esklusiban
Karmele Asier Altuna zuzendariaren (Amama, Aupa Etxebeste!, Agur, Etxebeste) film luzea urriaren 10ean estreinatuko da. EITBren parte-hartzea duen filma Donostiako Zinemaldian ikusiko da lehenago, nolanahi den, Sail Ofizialaren barruan baina lehiatik kanpo, proiekzio berezi batean. Fikziozko filma Elkarrekin esnatzeko ordua Kirmen Uriberen eleberrian oinarrituta dago, Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy ditu protagonista eta Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran daude antzeztaldean.
Europa, Asia eta Costa Ricako zinemagile hasiberriek osatzen dute New Directors saila
Jonatan Etzler suediarrak, Yukari Sakamoto japoniarrak eta Seyhmus Altun kurduak, besteak beste, bat egingo dute Irati Gorostidi Agirretxe nafarraren eta Jose Alayon kanariarraren proposamenekin.
Biba Zinema eta Lege Berriak!
Begoña del Tesok gaur egun zinema kontsumitzeko moduaren analisia egin du.
Marisa Paredes omenduko du Zinemaldiak 73. edizioko kartel ofizialean
Bestalde, gaur jakitera eman da Esther Garcia ekoizleak jasoko duela aurtengo Donostia sarietako bat, "Espainiako eta Latinoamerikako zinemagintza nazioartekotzeko egin duen lanagatik".
‘Zeru Ahoak’, Almandozen azken lanaren lehen irudiak aurkeztu dituzte
Lau ataleko serie noir laburra da eta Nagore Aranburu aktore azpeitiarra da protagonista. Orain ikusi ez den Bilbo erakustea da asmoa. Donostia Zinemaldiaren 73. Edizioko Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan hartuko du parte.
Alauda Ruiz de Azua zuzendari bizkaitarra lehen aldiz lehiatuko da Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko, ‘Los Domingos’ filmarekin
Film honek klausura-komentuko kontenplazio-bizitzak erakarri egingo duen gazte aparteko eta idealista baten istorioa jorratzen du. Ruiz de Azuaren lehen film luzea 'Cinco lobitos' izan zen.
"Gaua" eta "Decorado" euskal ekoizpenak Sitgeseko zinema jaialdian lehiatuko dira
Paul Urkijoren film berria eta Alberto Vázquez galiziarraren animaziozko lana urriaren 9tik 19ra Kataluniako kostaldeko herrian egiten den zinemaldiko Sail Ofizialean izango dira.
Urriaren 10ean estreinatuko dute “Karmele” filma
Lehenago, Asier Altunaren filma Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean proiektatuko dute. Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy dira protagonistak, eta “Elkarrekin esnatzeko ordua” Kirmen Uriberen eleberrian oinarrituta dago.
Karmele, Maspalomas eta Zeru ahoak Zinemaldiko Sail Ofizialean egongo dira
Donostiako Zinemaldiak aurtengo programazioan egongo diren Estatuko ekoizpenak aurkeztu ditu gaur, Madrilen. Euskarazko hiru jasoko ditu aurtengo edizioaren Sail Ofizialak: Koldo Almandozen Zeru Ahoak, Asier Altunaren Karmele eta Moriartiren Maspalomas. Azken hori, gainera, Maskorra eskuratzeko lehian izango da.
Euskarazko hiru ekoizpen jasoko ditu Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialak
“Maspalomas” Moriarti hirukotearen filma Maskorretarako lehian izango da, eta “Karmele” Asier Altunaren filma eta “Zeru ahoak” Koldo Almandozen seriea, lehiatik kanpo. Donostiako Zinemaldiak aurtengo programazioan egongo diren Estatuko ekoizpenak aurkeztu ditu gaur, Madrilen.