Gaztambide: 'Ericeren zineak errespetua, zorroztasuna, jakintza, exijentzia eta askatasun baldintzagabea ditu'
Michel Gaztambide gidoilariak (Apt, Frantzia, 1959) harreman luzea du Donostiako Zinemaldiarekin, gaur azken-aurreko eguna duen zinema jaialdiarekin. Zinemarako idatzi zuen lehen lana, Jose Antonio Vitoriarekin batera idatzitakoa, Santa Cruz, el cura guerrillero (José María Tuduri), Zinemaldiaren Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean erakutsi zuten, 1990ean.
33 urte geroago, Gaztambide etxeko jaialdira itzuliko da, 2012an ohorezko Zinemira saria eman zion horretara, zinemako gidoigile lanean ibilbide oparo eta prestigiotsua duela (besteak beste, Julio Medem, Enrique Urbizu, Jaime Rosales eta Jaume Balagueró zinemagileekin egin du lan) eta besapean lan berri bat dakarrela. Cerrar los ojos film luzea idatzi du Víctor Erice lan horren zuzendariarekin batera, eta gaur izango da pelikula ikusgai Donostian, Ericeri Donostia saria emateko galan. Zinemaldiaren sari gorena jaso duen lehen euskal zinemagilea izango da Erice.
Gaztambiderekin hitz egin dugu pelikulaz, Ericeren zinemaz eta gidoigintzaz.
Zer esanahi du zuretzat lana Zinemaldian erakusteak? Denbora honetan, zertan aldatu da pantaila gainean istorioak kontatzeko lana ulertzeko duzun modua?
Zinemaldian, pantailaren bi aldeetan egoteko zoriona eduki dut. Ia beti eserlekutik bizi izan dut, ikusle gisa, denbora gehiago baitaramat zeregin horretan, eta zenbaitetan pantailan, nire parte-hartzea izan duten pelikulak erakutsi direnetan.
Oraingoan, badago erantzukizun osagarri eta oso bizigarri bat, kilika bat, ikara bat, batez ere, nire lehenengo Zinemaldiez gogoratzen naizenean, inoiz talde honetako kide izatera iritsiko nintzela burutik pasatu ere egiten ez zitzaidanean.
Ustekabea ere bada, neurri batean, eta harrotasunerako arazoi txiki bat, puntu honetara helduta norberak zinema egiteko abentura honetan parte hartzen jarraitzen duela ikusita.
Aldatu denari dagokionez, zerbait ikasi dudalakoan nago.
Nola jaio zen Cerrar los ojos? Noiz eta nola iritsi zitzaizun Ericek asmatutako argumentua?
Esaten duzun bezala, proiektua Víctor Ericerena da. Pelikularen zirriborro oso garatu bat bidali zidan 2021eko apiril edo maiatzean.
Zer eskatzen diozu proiektu bati bertan murgiltzeko?
Jaime Gil de Biedma poeta handiak esaten zuenez, maitasuna edertasunez, pasioz edo diruz ordaintzen da. Hiru hitz horiek balio didate zure galderari erantzuteko.
Nola gauzatu duzue idazketa prozesua? Nola hartzen da parte, kanpotik, Ericek beraren hitzetan bere "bizitzako kezka eta interes sakonenetan" oinarrituta dagoen istorio bat idazteko lanean?
Batzuetan, gidoilarikidea ideiaren iturrian egoten da, eta bakarrik, zuzendariarekin edo beste gidoilari batekin gauzatzen du, pelikula baten gidoia bihurtu arte.
Beste askotan, guri dagokigun kasuan adibidez, ideia oso argi iristen da eta pelikula oso egituratuta egoten da zuzendariaren buruan. Horrelakoetan, gidoilariak behin betiko gidoia idazteko bidean laguntzen dio.
Egiteko modua, ezagutzen dudan modu bakarra, istorioan sartzea da, apur bat zeureganatzen duzun arte. Desbideratzerik ez izaten saiatu, ahalik eta modurik onenean hazten lagundu, ekarpenak egin... Ez da oso erantzun zehatza, baina uste dut egiatik nahiko gertu dagoela.
Horren ildotik, nola bideratzen da, halakorik badago, nork bere ideiak azken muturreraino eramateari uko egin behar izateak sortzen duen frustrazioa, gainerako egileekin bat etortze aldera?
Frustrazio maila handiegia baduzu, litekeena da bidaide okerra aukeratu izana, edo lanbide okerra aukeratu duzu agian.
Non aurkitzen du etorria gidoilari batek? Nola trebatzen da arte hau?
Bizitza da inspirazioa. Trebatzeko bidea zinemagintzaren lengoaian sakontzea eta ahalik eta gehien ikastea da, eta, batik bat, idazteko ohitura izatea.
Eta gero, errespetu izugarria gorde behar zaio lanbide eder eta ahul honi.
Cerrar los ojos Cannesko jaialdian estreinatu zenuten, Zinemaldira etorri aurretik. Nola joan zen?
Esperientzia zoragarria izan zen Cannesko estreina. Proiekzioa bukatu zenean, zerbait berezia gertatu zela sentitu genuen, ikusle gehienentzat behinik behin. Une hunkigarri eta ahaztezina izan zen.
Nolako harremana duzu zure materialarekin, behin bukatuta?
Lehenik eta behin, oso zorioneko sentitzen naiz, beti irabazten baitut. Paperak ematen ditut eta irudiak itzultzen dizkidate.
Víctor Ericeri Donostia saria emateko galan proiektatuko dute Cerrar los ojos. Dagokizun tokitik, nola definituko zenuke Ericeren zinemagintza?
Errespetua, zorroztasuna, jakintza, jakin-mina, exijentzia eta baldintzarik gabeko askatasuna.
Zinemagintzaren egungo egoeraren argazkia egiteko balio du Zinemaldiak. Nola ikusten duzu euskal zinemaren egoera? Zein lan edo profesional gustatu zaizkizu azkenaldian?
Garai onak direla uste dut: maila handiko zuzendari eta teknikariak ditugu, eta haztea ahalbidetzen dien laguntza sistema.
Izenei dagokienez, miresten ditudan lagun asko ditut sektorean lanean, eta nahiago dut galderaren bigarren zatiari ez erantzun.
Baduzu beste lanik esku artean? Zehaztasunik emateko moduan zaude?
Telesail batean lanean ari naiz, HBOrentzat, eta Enrique Urbizuren film luze batean. Ezin dut gehiago zehaztu, hainbat arrazoi tarteko direla, ezin baitut detaile gehiagorik eman.
Zure interesekoa izan daiteke
Batman, FANT zinema jaialdiaren ikurra
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdia maiatzaren 8tik 16ra arte egingo dute aurten. Gotham Cityko superheroia Bilbori begira ageri da kartelean.
“Las hijas”, manipulazioaren aurkako borroka pantailan
Daniel Romero madrildar zinemagilearen lehen lan luzea Bizkaian filmatu dute, eta Yune Nogueiras, Jone Laspiur, Edurne Azkarate, Ainara Elejalde eta Ainhoa Larrañaga ditu protagonista, baita Karra Elejalderen parte-hartzea ere.
Euskal ekoizpenak protagonista, Goya sarietako izendatuen jaian
Goya sarietako izendatuen jaia egin dute Madrilen. Euskal produkzioek 47 izendapen dituzte guztira eta haien presentzia nabarmena izan da. Euskal zuzendari, ekoizle eta aktoreak irribarretsu ikusi ditugu alfonbra gorrian, pozik eta ilusioz beterik. Jai honekin otsailaren 28an Bartzelonan ospatuko den galarako atzerako kontaketa hasi da.
Euskal zinemaren industria etengabeko hazkundean dago, eta Euskal Herriko Zinema Eskolan nabaritu dute
Datozen urteetan arlo profesionalera salto egiteko asmoz, gero eta aktore gazte gehiago dago zine eskoletan. Euskal Herriko Zinema Eskolako ikasleek aitortu dute sektoreak bizi duen gorakadaren ondorioz etorkizunari itxaropenez eta motibazioz begiratzen diotela.
'Maspalomas', film onena Zinemastearen 42. edizioan
Maspalomas, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako filma Zinemastearen 42. edizioko onena izendatu dute.
'Maspalomas', Zinemastearen 42. edizioko film onena
Zuzendari onenaren eta aktore onenaren sariak ere jaso ditu, azken hori Jose Ramon Soroizek egindako lanagatik.
Filmen soinuak non, emakumeak han
Pelikulak ikusi egiten dira. Pelikulak aditu egiten dira. Izan itzazue belarriak tente.
Miguel Garces aktoreak jasoko du Zinemastearen Gutako Bat saria
Garcesek larunbatean jasoko du Arabako zinemagintzako profesional nabarmenei ematen zaien golaroda, Zinemastea jaialdiaren amaiera galan.
"Los domingos" eta euskal aktoreak garaile, Feroz sarietan
Alauda Ruiz de Azuaren lanak film onenaren, gidoi onenaren, zuzendari onenaren, aktore protagonista onenaren eta bigarren mailako aktore onenaren sariak lortu ditu. Gizonezko aktore onenen sariak Jose Ramon Soroizek eta Kandido Urangak eskuratu dituzte.
Jacob Elordi 2026ko Oscar sarietarako izendatu dute, Gizonezko Antzeztaldeko Aktore Onenaren sailean
Sinners filmak markak hautsi ditu 16 izendapenekin eta Siratek Nazioarteko Film Onenaren izendapena jaso du. Emma Stone, Jessie Buckley, Rose Byrne, Timothee Chalamet, Leonardo DiCaprio eta Benicio del Toro izango dira izen nagusiak.