Izibene Oñederra: "Beldur irrazionalarekin ez da aterako munduan egoteko modu justuagorik"
Verrà la morte e avrà i tuoi occhi (Etorriko dun heriotza hire begiz) Cesare Pavese poeta italiarraren poema etorriko zaio gogora, halabeharrez, ikusleari Izibene Oñederraren film laburraren izenburua aditutakoan, eta, poema horretako ni lirikoak Herio bezala ("argitzetik iluntzera laguntzen gaituen herio hauxe"), ikusle horrexek lagun hurko izango ditu argi-ilunak Etorriko da (eta zure begiak izango ditu pelikularen 13 minutuetan; iluntasun itogarria, Oñederraren filmetan ohikoa denez, baina argitasun printza batzuk ere tarteka oraingoan, esku ireki bat datorrenari.
2024ko Kimuak katalogoa osatzen duten zazpi lanetako bat da Izibene Oñederraren (Azkoitia, 1979) pelikula, eta animaziozko zinemaren Annecyko jaialdi entzutetsurako ere aukeratu zuten EITBren parte-hartzea duen lana. Distopiaren eta errealismoaren mugan balantzaka, kolapsoaren ertzeko harian balantzaka ari diren herritarrak erakusten dizkigu filmak, lurra jotzeko bidean batzuk eta, pribilegiotik, besteren suntsipenaren ikuskizunari begira besteak.
Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi Tabakalera sailean lehian izango da Oñederra, eta berarekin hitz egiteko baliatu dugu abagunea.
Filmaren lehen erreferentzia argia Cesare Paveseren poema ezaguna da, "Helduko dun heriotza hire begiz". "Heriotza" hitza kendu egin duzu izenburutik, dena dela. Zergatik erreferentzia hori eta nolako harremana du poemak filmarekin?
Filmak beste izenburu bat izan zuen prozesuan zehar, baina nahiko motza zen, baldarra, erasokorra. Cesare Paveseren bertsoa prozesuaren amaieran neure buruari errepikatzen nion mantra modukoa zen. Azken fase hori astuna izaten da aldiro, eta indarrak akituak egoten dira; buruak horrelako zoroaldiak izatea ez da ezohikoa.
Kostatu zitzaidan, hala ere, bilatzen nuen hori bertan zegoela konturatzea. Bertsoa konplexurik gabe egin nuen neure, oso ezaguna izatean Paveserengandik banantzea ezinezkoa delako.
Ez nekien preseski zer zen "gero zetorrena", eta, hortaz, heriotza ez zen kabitzen izenburuan, esaldiaren barnean isilean egoten jarraitzen badu ere.
Distopiatzat sailkatu dute filma, baina gure iragan hurbileko eta gaur-gaurko elementuak ageri dira bertan, argi eta garbi. Zein neurritan da Etorriko da distopia bat eta zein neurritan da, zure ikuspegitik, errealismo sozialeko lan bat?
Galdera ona da, eta ez daukat erantzun garbirik. Fikziozko kontakizuna da, baina, tamalez, egungo garaietan krisi klimatikoa etorriko den zerbait dela esatea ez da ikuspegi apokaliptikoa izatea. Bestalde, filmaren amaieran badago halako esperantza printza bat, etorriko direnengan jarria, zeren ikuspuntu katastrofistak ere ez du laguntzen gai konplikatuetan arrazoiz hausnartzen. Beldur irrazionalarekin ez da aterako munduan egoteko modu justuagorik; esan nahi baita, baliabide gutxiagorekin bizitzea edota desazkundea praktikara eramatea.
Dena dela, gai horiek filmaren testuinguruan egon badauden arren, filma egiteko orduan ez da preseski gaur egun bogan dauden gaien inguruko hausnarketa egin nahi izan, are gutxiago irtenbideak planteatu. Kolapsoa testuingurua da, modu plastiko zehatz batean artikulatzen den filmaren egitura justifikatzen duena.
Zure aurreko lanetan bezala (Lursaguak…), musikak eta soinuak (Javier Ucarren ardura dira) berebiziko alea jartzen dute, irudien lagun, ikusleari mundu ez-bizigarri horren artegatasuna helarazteko. Egile gisa, nola azalduko zenuke soinuak zure lanetan duen garrantzia?
Soinuak berebiziko garrantzia du sortu nahi den mundua osatzeko. Uste dut nire ibilbidean gero eta gehiago ari naizela soinuarekin hainbat gauza kontatzen, derrigorrean irudiarekin kontatu gabe.
Eszena guztien ordena eta iraupena garbi zegoenean hasi ginen lehenengoz soinu banda orokorra izaten. Animatika bat genuen, non eszena gehienak zirriborratuak eta artean animatu gabe zeuden, baina soinuaren bitartez gai ginen osotasuna ulertzeko.
Filmak denbora elipsea izan behar zuen; hau da, langilea den pertsonaiaren etxe tartetik egindako bidaia denbora errealean egindako bidaia moduan uler daiteke, edota behin eta berriz egindako bidaiaren deskribapen moduan. Hala, krisi klimatikoaren ondorioa larriagoa da langilea behe lainotan barrena igerian aurrera doan heinean: eskelaz beteriko egunkariak agertzen dira, eta telebistek nazioarteko arazoa dela kontatzen dutela dirudi.
Behe lainoaren soinuak denbora guztian egon beharra zuen, nonahi dagoen pertsonaia bat balitz bezala, ikusleak ez nabarmentzeraino eta gero eta presenteago bilakatu arte filma aurrera doan heinean. Eta gero, filmaren zati batzuetan, mundu horrek gurearekin duen antzekotasuna azpimarratu nahia dago, baita, bestalde, alderdi oniriko irrealak duen presentzia ere.
Javier Ucar soinu editore eta musikari bikaina da eta, aldamenean daukadanez, aldi oro aritu zen filmean eskua sartzen, proiektua hazten ikusi baitzuen.
Inguruko mundua gainbehera doan bitartean sudurra tapatuta bizi diren gizakiak ageri dira Etorriko da laneko lurraldean. Zer balio aitortzen diozu zinemari arnasa helarazteko edo, behinik behin, sudurra tapatuta ari garela konturarazteko?
Zinema eta literatura ezinbestekoak dira nire egunerokoan. Txikia dudan mundua anplifikatzen dute, konplexuago bilakatzen laguntzen dute, burua irekitzen edo. Baina plazer hutsa dira, ez dira egin beharrekoak, eta ziurrenik denbora galtzea besterik ez dira bizirauten ari denarentzat.
Filmeko giro itogarrian, bada esperantzarako zenbait printza. Zeri hel diezaiokegu kolapsoaren ateetan gaudela?
Bizitzari heltzen diogu, bizitza zukutu eta amnesia moduko batean sartuta, ezaxolati.
Filmak egiten duen komunitatearen erretratuan, behintzat, horrela da. Kolapsoa heldu artean, ez du ematen sinetsi nahi dugunik badatorrela, eta jarrera horrek berak azkartuko du gainbehera.
Zaila da etorriko den txarkeriaz jabetu eta modu arrazoitu eta kolektiboan arduratsu aurre egitea, gaurtik hartu beharreko neurriak hartuaz. Oraindik, jendartean ez da serio hitz egiten desazkundeaz; ematen du oraindik ez gaudela prest, tabua dela. Hitz egiteak berak lortutako ongizatea kendu eta krisialdia azkartuko duela dirudi.
Annecyko animazio jaialdian izan zen filma, orain Donostiako Zinemaldian ikusiko da eta gero Sitgesera joango da. Zer ematen diote filmari halako erakusleiho garrantzitsuek?
Garrantzi handia du filmak erakusleiho indartsuetan presentzia izateak, prestigiotsua bilakatzen da eta talde txikian egindako piezak dimentsio handia hartzen du.
Esfortzu handiarekin egin da, eta biziraupen laburra izaten dute laburrek, nazioarteko jaialdietan ibili ondoren agortzen dena. Banaketa ondo diseinatua egotea ezinbestekoa da. Filma zinemaratzen denetik, eskuetatik askatzen joaten da eta ikusleek bere egiten dute. Sortutako mundu hori interpretazio asko eta desberdinetara zabaltzen da, eta polita da hori ikustea.
Zer du berezitik Donostiako Zinemaldiak? Nola bizi izaten duzu?
Bigarren filma izango da Zinemaldian Zabaltegi sailean aukeratu dena. Batetik, nazioarte mailako A kategoriako zinemaldi bakanetakoa da, Cannes, Venezia eta beste batzuekin; horrek esan nahi du mundu mailako begi asko hor jarriak daudela. Bestetik, Zinemaldia etxean egiten da, eta gertukoak erraz inguratzen dira filma pantaila on batean, behar den moduan ikustera.
Aurreko filma estreinakoz Tabakaleran erakustea ospakizuna izan zen, amaitutako lana lagunartean erakusteko parada izan zelako, eta komunikabideen arreta bideratu zuen gainera.
Dena dela, laburra denez, erlatibizatu egiten dut filmak izan dezakeen oihartzuna, eta erraza egiten da ikusgarritasun horren tamaina erlatibizatzea.
Zure interesekoa izan daiteke
Batman, FANT zinema jaialdiaren ikurra
Fantasiazko zinemaren Bilboko jaialdia maiatzaren 8tik 16ra arte egingo dute aurten. Gotham Cityko superheroia Bilbori begira ageri da kartelean.
“Las hijas”, manipulazioaren aurkako borroka pantailan
Daniel Romero madrildar zinemagilearen lehen lan luzea Bizkaian filmatu dute, eta Yune Nogueiras, Jone Laspiur, Edurne Azkarate, Ainara Elejalde eta Ainhoa Larrañaga ditu protagonista, baita Karra Elejalderen parte-hartzea ere.
Euskal ekoizpenak protagonista, Goya sarietako izendatuen jaian
Goya sarietako izendatuen jaia egin dute Madrilen. Euskal produkzioek 47 izendapen dituzte guztira eta haien presentzia nabarmena izan da. Euskal zuzendari, ekoizle eta aktoreak irribarretsu ikusi ditugu alfonbra gorrian, pozik eta ilusioz beterik. Jai honekin otsailaren 28an Bartzelonan ospatuko den galarako atzerako kontaketa hasi da.
Euskal zinemaren industria etengabeko hazkundean dago, eta Euskal Herriko Zinema Eskolan nabaritu dute
Datozen urteetan arlo profesionalera salto egiteko asmoz, gero eta aktore gazte gehiago dago zine eskoletan. Euskal Herriko Zinema Eskolako ikasleek aitortu dute sektoreak bizi duen gorakadaren ondorioz etorkizunari itxaropenez eta motibazioz begiratzen diotela.
'Maspalomas', film onena Zinemastearen 42. edizioan
Maspalomas, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako filma Zinemastearen 42. edizioko onena izendatu dute.
'Maspalomas', Zinemastearen 42. edizioko film onena
Zuzendari onenaren eta aktore onenaren sariak ere jaso ditu, azken hori Jose Ramon Soroizek egindako lanagatik.
Filmen soinuak non, emakumeak han
Pelikulak ikusi egiten dira. Pelikulak aditu egiten dira. Izan itzazue belarriak tente.
Miguel Garces aktoreak jasoko du Zinemastearen Gutako Bat saria
Garcesek larunbatean jasoko du Arabako zinemagintzako profesional nabarmenei ematen zaien golaroda, Zinemastea jaialdiaren amaiera galan.
"Los domingos" eta euskal aktoreak garaile, Feroz sarietan
Alauda Ruiz de Azuaren lanak film onenaren, gidoi onenaren, zuzendari onenaren, aktore protagonista onenaren eta bigarren mailako aktore onenaren sariak lortu ditu. Gizonezko aktore onenen sariak Jose Ramon Soroizek eta Kandido Urangak eskuratu dituzte.
Jacob Elordi 2026ko Oscar sarietarako izendatu dute, Gizonezko Antzeztaldeko Aktore Onenaren sailean
Sinners filmak markak hautsi ditu 16 izendapenekin eta Siratek Nazioarteko Film Onenaren izendapena jaso du. Emma Stone, Jessie Buckley, Rose Byrne, Timothee Chalamet, Leonardo DiCaprio eta Benicio del Toro izango dira izen nagusiak.