Sinadura
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Teddy hartza eta Sebastiane patroia, festan eta borrokan Berlinen

Iván & Hadoumek irabazi zuen Berlinen Teddy sari 40.a. Merezi duelako. Zergatik? Polita bezain mikatza delako. Eta pantailaratzen dituen galdera guztietarako erantzunik ez duelako.

 

Eztabaidatsu suertatu da Berlinale azkena. Egiari zor, Berlingo zinemaldia anker besarkatu duen polemikak kinka larrian jarri du jaialdiaren nondik norakoa. Noranzko artistikoa, noranzko ekonomikoa, noranzko zeluloidezkoa.

Alta, bastante azalekoak ziren ika-mika horietatik alde, ihes egitea bastante erraza zen. Nahikoa zenuen mukuru zeuden aretoetan sartzea. Kanpoan elurra, kanpoan Berlin abegi hartu izan zuten beleak. Barruan, zinema.

Eta betidanik eta betiereko libertate eta borroka eremua izan den Kreuzberg auzoko Südlock izeneko esparruan, duela urte pila akuario izandako espazio bitxian, urtemuga festa bat. 40 urte betetzen du aurten LGTBIAQ+ hizki eta ikur horiek biltzen duten unibertsoari eskainitako lehen zinema bilerak. Berlinen sortu zen, non bestela? Berlinen bai, bertan aspaldian egin baitzioten muzin eta uko norberaren buru, genero eta abarrekoa estu eta hertsi definitu nahi izan zuen/duen joera muturrekoari. Berlinen ekin zioten, 1986an, Teddy izeneko sariak banatzeari. Berlinalen parte hartzen zuten film queer guztiak arakatzen hasi zen epaimahai balent bat, eta kideen gustukoena aitortu. Izan ere, aitortza jaso zuen lehena Almodovarren La ley del deseo izan zen.

Pasa ziren urteak. Baita pelikulak ere. XX. mendea bukatzear zela, Gipuzkoako Gehitu elkarteak proposatu zuen, Donostiako Zinemaldiaren konplizitateaz, Berlingo Teddyak eredu hartzen zituen Sebastiane golardoa. Berlinen hartzak ziren ikurrak bertako piztia maitatuak direlako eta homosexualen artean badagoelako amorante iletsuak desiratzen dituzten ehunka lagun (heterosexualetan ere, ez pentsa). Donostian, berriz, Sebastiane izango zuen deitura. Hirikoa izateaz gain, badelako LGTBIQA+en eroso, seguru eta aktibismoan sentitzen diren horien patroia. Bazen beste zio bat, Derek Jarmanek latinez buruturiko film esanguratsu hura, Sebastiane izenburukoa, hain zuzen ere.

Donostiakoa munduko bigarren LGTBIQA+ topaketa izan zen. Hirugarrena pixka bat geroago iritsiko zen, 2001ean, Kieven. Zabaldu ziren gero beste ziento bat, Bilboko Zinegoak barne, jakina asko. Badira  zinema queer/kuirrari eskainitako jardunaldiak Vietnamen, Sri Lankan, Hegoafrikan, Asturiasen eta Brasilen.

40 urte bete zuten hartzek Berlinen, eta kide hainbat gonbidatu zuen aquarium izandako eremuan zinemaz, generoz, bizitzaz, desafioz, aktibismoz mintzatzeko. Elkartu ziren bertan Teddy Awards ametsari heldu zion Wieland Speck zinemagile eta eragilea, Kieveko Sunny Bunny izeneko jaialdiaren Bohdan Zhuk ordezkaria eta Euskal Herritik,  bozemaile/eramaile, argazkilari, zinema kuradore eta programatzaile moduan ailegaturiko Aritz Dendategi.

Luze hitz egin zuten Kreuzbergeko paraje hartan. Izan ziren beste hitzaldi/mintegi/junta ausart. Etsenplu gisa, Teddy Talents Talks hura, Queer Academyk antolatua. Kuir zineman esan/erakutsi/formulatu gabe geratzen diren zona, zulo horiek eztabaidatu ziren hortxe.

Bai, oraindik ere bada bide pila urratu behar. Urratu, plazara ekarri, aztertu, salatu, gozatu… Gero eta subertsiboagoak izan behar/nahi dute queer/kuir autoreek. Baita parte diren gizataldearekin ere, ez ahaztu.

Ederra, sutsu eta mamitsua suertatu zen Teddy Awardsen urtemugaren festa. Biribiltzeko, denok ustekabean harrapatu gintuen pelikulak lortu zuen aurtengo garaikurra, gizon transa den Ian de la Rosaren Iván & Hadoumek, alegia. Amodiozko istorio kasik ezinezkoa. Almerian. Existitzen da bertan egiazko itsasoa, bai. Baita plastikozko bat ere, negutegietakoena. Hazten dira hor gero Europa osoan salduko diren tomateak, alberjiniak, kalabazinak…

Bertan egiten dute lan gizon transa den Ivanek eta aita Marokokoa duen Hadoum emakume libreak. Gainbegira batez, herrian nahiko onartuak direla ematen du… Gainbegira batez, diot nik… Zakarra bezain erromantikoa izango da beren maitasuna. Min emango diote elkarri. Baita zorioneko istant gozoak ere.

Irabazi zuen filmak Teddy sari 40.a. Ekarriko dute gurera. Merezi duelako. Zergatik? Polita bezain mikatza delako. Eta pantailaratzen dituen galdera guztietarako erantzunik ez duelako.

Zure interesekoa izan daiteke

"Cada día nace un listo" Arantxa Echevarriaren pelikularen teaser kartela.
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Horrelakoa da “Cada día nace un listo”, Arantxa Echevarriak “La infiltrada”ren ondoren egin duen filma

Pelikula, “satira garratz bat”, Malagako zinema jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztuko dute, lehiatik kanpo, maiatzaren 22an zinema aretoetan estreinatu aurretik.   Cada día nace un listo, Arantxa Echevarría bilbotar zinemagilearen film berria, Malagako zinema jaialdian estreinatuko dute; martxoaren 6tik 15era egingo dute jaialdia.   Echevarriak eta Patricia Campok idatzia, Hugo Silva, Susi Sánchez, Dafne Fernández, Jaime Olías, Ginés García Millán, Diego Anido, Markos Marín, Marina Ostolaza, Sofía Otero eta Javier Tolosa dira aktoreak, eta Belen Rueda, Pedro Casablancek eta Gonzalo de Castrok ere hartu dute parte. EITBren parte-hartzea du Lazona Zinemaren eta Lamia Produccionesen ekoizpenak. Echevarriaren seigarren film luzea da Cada día nace un listo (2026), Carmen y Lola (2018), La Familia Perfecta (2021), Chinas (2023), Políticamente Incorrectos (2024) eta La infiltrada (2024) lanen ondoren.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X