Sinadura
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bero egiten du Laponian

Zinemara goazen bakoitzean, hitzarmen bat sinatzen dugu pelikularekin: engaina nazazu gozoki, prest nauzu.

Badira gure etxe ondoko, urrutiko eta barruko pantailetan hiru film handi, dentso, trinko, zer pentsatua, zer hausnartua, zer eztabaidatua ematen dutenak. Ezinbestekoak zaizkigu atzoko, oraingo eta biharko munduaren inguruko ikuspuntu sendoa (beldurgarria ere) eratu ahal izateko. Boterearen kanpo-barne angeluak, baita angelu itsuak eta zorrotzak ere jartzen dizkigute begi aurrean. Ezberdinak dira, ezberdinak, oso, filmatu dituzten zuzendarien zinema manerak, estiloak baina hiruretan bada zinemarekiko eta ikusleekiko konpromiso ukaezina, izukaitza. Hiru film horiek Sorrentinoren La Grazia, Assayasen Le mage du Kremlin eta Loznitsaren Two Prosecutors (Zwei Staatsanwälte) dira.

Intentsitate handikoak izanik, ikusi ondoren deskantsua eman beharko diogu geure buruari. Zinematik aldendu gabe, pentsatzeari utzi barik, baina zeluloidez eraikitako mundu magikoan murgilduz.

Izan ere, zinemari darion magiagatik ez balitz, erraz asko antzemango genuke Laponia pelikularen Eider Ruiz ekoizpen-diseinatzaileak eta Claudia Alejandra dekoratzaileak horren fin asmaturiko engainua. Baina, nik uste, zinemara goazen bakoitzean (kontu bera, mago on baten ikuskizunera hurbiltzen garenean) hitzarmen bat sinatzen dugu pelikularekin: "Engaina nazazu gozoki, prest nauzu".

Dias de futbol polit hura zuzendu zuen David Serranoren filmak zera kontatzen du: Madrilgo bikote bat eta bere semea Laponiara joango dira, finlandiar batekin ezkonduta dagoen emaztearen ahizpak gonbidaturik. Bizarzuriren bizitokia ezagutu nahi du Martin txikiak. Iritsi orduko aldrebestuko dira gauzak, baina, eta berriro ere ez da faltako trapu zaharrik. Ez kakoan ez mahai gainean, ez saloian ez etxe atarian.

Pelikula Laponiako Rovaniemi hiriburuko aireportuan hasten da. Heldu berri dira Monica, Ramon eta Martin. Ikusle batek ere ez du sumatuko abiorik ez dagoela inguruetan. Baina, egiari zor, bat ere ez da. Izan ere, Getxoko Kirol Portuan sortu zuen eszena Laponiaren lantalde teknikoak.

Sartuko gara gero Nuria eta Olaviren etxean. Europako iparraldetik datozkigun hamaika filmek trebatu gaituzte bertako etxeetako arkitekturaren ezaugarriak eta tokiko altzarien diseinua errekonozitzen. Egurra dute maite. Espazio minimalistak ere. Zabalak dira gelak, argiak korredoreak, luxuzkoak izan gabe, erosoak ematen dute aulkiek… Laponia ikusten ari garela, Rovaniemiko familia batenean gaudela esango genuke, duda izpirik gabe.

Oraingoan ere, tronpatu gaitu zinemak. Rovaniemitik 3.941 kilometrora dagoen Bizkaiko Mungian eraikitako plato eskandinaviar batean filmatu zen ipuin mikatz hori, soil-soilik barnealdean gertatzen den kontakizun garratz baina gozoa.

Aipatu hiru film mamitsu eta mutur-zorrotzekoetatik deskantsua hartzeko jo genuen Laponia aldera, eta hortxe zinemaren magia maltzurraren besoetan erori ginen. Inuzente? Bezain jakitun, agian.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

"Itzalak argitzen": Euskal zinemaren lau klasikoren zaharberritze prozesua erakusten duen dokumentala

Koldo Almandozek eta Gorka Bilbaok Itzalak argitzen dokumentala ondu dute, 80ko hamarkadaren erdialdean ekoitzitako lau film ertain zaharberritzeko prozesua dokumentatu ostean: Hamaseigarrenean, aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungria, 1985) eta Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986). Euskadiko Filmategiaren Euskal Zinema zikloan estreinatuko da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X