Silver Film Festivalek Elena Irureta omenduko du
Jaialdiaren laugarren edizioa apirilaren 20tik 24ra egingo dute, Bilbon, eta 16 filmen proiekzioa, solasaldiak eta hitzaldiak antolatu dituzte. Maiatasuna eta sexua adinari begiratu gabe bizitzeko gonbita egingo du, bost egunez.
Silver Film Festival jaialdiaren laugarren edizioa apirilaren 20tik 24ra egingo dute aurten, Bilbon, “Maitasuna & Sexua (adinik gabe)” lelopean. Programazioan, jaialdiak “hausnarketa zinematografiko eta soziala proposatzen du, gaur egun adinekoek desira, afektua, harremanak, hausturak, maitemina eta sexualitatea nola bizi dituzten azaltzeko.
Inaugurazio galan, apirilaren 20an, Arriaga antzokian, jaialdiak Silver saria emango dio Elena Irureta aktoreari, eta Dorados 50 Victor Cruzek eta Alejandro Vagnekosek zuzendutako pelikula proiektatuko dute gero.
Filmen aukeraketan zazpi film luze eta bederatzi film labur aurkeztu dituzte aurtengo programan, besteak beste 80 Egunean (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga); Maspalomas (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga); Mi amiga Eva (Cesc Gay); eta Elsa & Fred (Marcos Carnevale).
Solasaldien artean, apirilaren 22an BBK Salak "Filmatu desioa: intimitatearen koordinazioa" (19:00) solasaldia hartuko du, gaztelaniaz, Maitane San Nicolás, Tábata Cerezo eta Lucía Delgadoren eskutik, eta Jon Garañok hitzaldia emango du, 80 egunean filmaren proiekzioaren ondoren (16:00).
Apirilaren 23an, El placer es mío filmaren proiekzioaren ondoren, "Bizitzaren eta zinemaren arteko distantzia" solasaldia izango da, erdaraz, adinekoen benetako bizi intimo eta afektiboaren eta horrek zineman duen toki txikiaren arteko arrakalaren inguruan. Lorena Berdún psikologo eta sexologoak Jose Mari Goenaga zinemagileak eta José Luis Rebordinos, Donostiako Zinemaldiaren zuzendariak, hartuko dute parte ekitaldian.
Sarrerek 3 euroko prezioa izango dute Arriagako, BBK Salako eta Guggenheim museoko saioetarako.
Zure interesekoa izan daiteke
Patrick Stewart 'Star Trek' unibertsoko aktore ospetsua hil da
"La bola negra"-k Oscarra(k) lortuko bal(it)u…
Bilbo zinemaren ikuspegi berriekin beteko du Zinebik, ikus-entzunezkoaren formula nagusien aurrean
Ione Hernandezek "Hermanas" aurkeztu du Semincin
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da