Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ziurgabetasuna nagusi, AEBk eta Iranek adostutako su-eten hauskorra dela eta

Iranek ordezkaritza bat bidali du Pakistanera, ostiraletik aurrera AEBrekin negoziatzen hasteko. Trumpek, bere aldetik, ukatu egin du Iranek zabaldutako 10 puntuko negoziazio plana AEBk onartutakoa dela.

Sidon Libano EFE

Israelen bonbardaketak Libanoko Sidon hirian. Argazkia: EFE

AEBk eta Iranek bake negoziazioak abiatuko dituzte ostiral honetan Islamabaden (Pakistan)
Hezbollahko buruzagiaren idazkari pertsonala hil duela iragarri du Israelek
Iranek berriro itxi du Ormuzko itsasartea, Israelek Libanon egindako erasoen ondoren

Wall Streetek balio positiboekin itxi du eguna, egun osoan dardarka egon eta gero

Azken orduotako joera aldatu, eta, ezustean, balio positiboekin itxi du eguna Wall Streetek, igora oso apalekin izan arren: % 1etik beherakoak. Isralek Libanorekin aurrez aurre hitz egiteko asmoa agertu izanak itxaropen printza bat piztu du eta horrek eragin du indize nagusiek goranzko bidea hartzea. 

Libanorekin aurrez aurre negoziatzeko agindua eman du Netanyahuk

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak agindu du Libanorekin aurrez aurreko negoziazioak abiatzeko, bitartekaririk gabe. "Hartu-eman baketsuak" nahi ditu buruzagi israeldarrak, eta helburua da bi herrialdeek elkarrekin lan egitea Hezbollah milizia xiita "desegiteko". 

Nawaf Salam Libanoko lehen ministroak "lasaitasunerako" egindako deia begi onez hartu du Netanyahuk. 

 

 

Beiruteko hainbat auzo husteko agindua eman du Israelek, eraso gehiago iragarrita

Beiruteko hainbat auzo husteko agindua eman du Israelgo Gobernuak, datozen orduotan eraso gehiago izango direla iragarrita.  Zehazki, Haret Hreik, Gubeiri, Lilaki, Hadath, Borj El Brajne eta Tawhida Al Ghadir auzoak dira husteko eskatu dituztenak, Libanoko hiriburuko auzo pobreenak. 

Hezbollah milizia xiita "desegin arte", Libanoko operazio militarrekin aurrera jarraituko dutela esan du Avichay Adraee Israelgo Armadako eledunak, agiri batean. 



Uranioa aberasten jarraituko duela ziurtatu du Iranek

Mohamad Eslami Irango Energia Atomikoaren Elkarteko buruak ziurtatu du uranioa aberasten jarraituko dutela, Estatu Batuen eta Israelen presioen gainetik. Hain zuzen, herenegun adostutako su-etenerako akordioaren puntu kritikoenetako bat da AEBk Iranek uranioa aberasteko duen eskubidea onartzea, eta horri buruzko negoziazioa abiatzea. 

Duela 40 egun AEBk eta Isralek egindako erasoetan hildako Ali Jamenei Irango lider gorenaren omenezko ekitaldian egin ditu adierazpenok Eslamik. 

Alí Jamenei Iran

Kallasek ohartarazi du Israelek Libanon egindako erasoek "arriskuan" jarri dutela su-eten akordioa

Kaja Kallas Europar Batasunak Kanpo Politikarako duen goi-ordezkariak salatu du Israel Libanon egiten ari den "eraso neurrigabeek" Estatu Batuek eta Iranek adostutako su-eten akodioa "arriskuan" jartzen dutela, eta menia Libanora zabaltzea eskatu du. "Israelen ekintzek su-etena arriskuan jartzen dute. Menia Libanora zabaldu beharko litzateke", idatzi du, X sare sozialean argiratutako mezu batean. 

 

Irango presidenteak esan du Israel Libanon egiten ari den erasoekin "negoziazioak bideraezinak" direla

Masoud Pezeshkian Irango presidentearen arabera, ez dago baldintzarik negoziazioei ekiteko. Haren hitzetan, Israel Libanon egiten ari den erasoek su-eten akordioa urratzen dute, eta agertoki horrekin,  "ez da bideragarria" elkarrizketa. "Iranek ez du  inoiz alde batera utziko Libano", zehaztu du, gaur egindako adierazpenetan. 

 

3.000 pertsonatik gora hil dituzte Iranen, AEBk eta Israelek erasoaldia abiatu zutenetik

Iranen 3.000 pertsona baino gehiago hil dituzte AEBk eta Israelek pasa den otsailaren 28an Iranen aurkako erasoaldia abiatu zutenetik, Irango agintariek ostegun honetan egindako azken balantzearen arabera. 

Abbas Masyedi Arani Irango Medikuntza Forentseko Erakundeko buruak azpimarratu duenez, hildakoen % 40 inguru ezin izan dituzte identifikatu. 

Hezbollahko buruzagiaren idazkari pertsonala eta iloba hil duela iragarri du Israelek

Brent upelaren prezioa % 2 inguru igo da, 96,6 dolarreraino

Europan erreferente den Brent upelaren prezioa % 2 inguru igo da, 96 dolarreraino, Europako burtsek ireki aurretik. 

Iranek ordezkaritza bat bidali du Pakistanera, ostiraletik aurrera AEBrekin negoziatzen hasteko

Irango ordezkaritza bat gaur gauean iritsiko da Pakistango Islamabad hiriburura, AEBrekin bakea negoziatzen hasteko. 

Trumpek ziurtatu du AEBko Armadak Iranen jarraituko duela hitzartutakoa "osorik" betetzen den arte

Donald Trump AEBko presidenteak bart azaldu duenez, Estatu Batuetako armadak Iranen jarraituko du adostutakoa "osorik" betetzen den arte. 

Horrela ez bada, eskala handiko gerra hasiko dela ohartarazi du Trumopek, Truth Social bere sare sozialean zabaldutako mezuan. 

Minak saihestuz, Ormuzko itsasartetik igarotzeko mapa bat osatu du Iranek

Irango Guardia Iraultzaileak mapa bat osatu du, minak non dauden erakutsiz, horiek saihestuta Ormuzko itsasartetik igaro ahal izateko.

Iranek zabaldutako 10 puntuko negoziazio plana AEBk onartutakoa dela ukatu du Trumpek

Iranek hedabideen bitartez zabaldutako 10 puntuko negoziazio plana gezurra dela nabarmendu du Donald Trump AEBko presidenteak. Horren esanetan, dokumentu hori ez da AEBk onartu duena eta ez da negoziatzeko erabiliko dena. 

AEBk eta Iranek adostutako su-eten hauskorrak indarrean jarraitzen du

Dolu-eguna deitu dute Libanon ostegun honetarako

Nawaf Salam Libanoko lehen ministroak jakinarazi du biharko (osteguna) dolu-eguna deitu dutela herrialde osoan, Israelek gaur egin dituen erasoetan hil diren 254 herritarren omenez. 

NNA albiste agentziak zabaldu duenez, erakunde publiko guztiak itxita egongo dira, eta horietan guztietan banderak haga erdian jarriko dituzte, dolu-seinale moduan.

 

Ormuzeko itsasartea berriro zabaltzen hasi diren "zantzuak" daudela dio Vancek

J.D. Vance Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeak esan du Ormuzeko itsasartea berriro zabaltzen hasi diren "zantzuak" daudela. Hala esan omen dio Donald Trump AEBko presidenteak, eta baikor dira Etxe Zurian. Petrolio-ontzien joan-etorria martxan egotearen ondorioak "berehala" atzemango direla uste dute. 

"Gaur edo bihar ikusiko dira ondorioak", esan du Vancek, Budapesten egin dituen adierazpenetan. 

 

 

Libano su-eten akordioan sartzea eskatu du Sanchezek

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eskatu du Libano  su-etenerako akordioan sartzea, eta Europar Batasunari galdegin dio Israelkin duen Elkartze Akordioa bertan behera uztea.

X sare sozialean zabaldutako mezuan, buruzagi sozialistak gogor gaitzetsi du Israelek gaur arratsaldean Libanon egindako erasoa. 


Iranek salatu du su-eten akordioan adostutako hiru neurri urratu direla

Mohamad Baqer Qalibaf Irango Parlamentuko presidenteak salatu du su-eten akordioan jasotako hiru neurri dagoeneko urratu dituztela Ameriketako Estatu Batuek. Oso larritzat jo du Washingtonen eta Teheranen arteko negoziazioak Islamanbaden (Pakistan) abiatzerako, Etxe Zuriak bere hitza ez betetzea. "Agertoki honetan, bi aldeen su-etena edota negoziazioa ez dira bideragarriak", erantsi du. 

Zehaztu duenez, urratu diren neurriak honakoak dira: Libanon su-etena ez errespetatzea, Irango aire-espazioan dron estatubatuar bat sartzea eta uranioa aberasteko eskubidea ez onartzea. 

 

Etxe Zuriak ukatu egin du Iranek Ormuzeko itsasartea itxi izana

Ormuzeko itsasartearen inguruan arratsaldean zabaldutako informazioa "faltsua" dela ziurtatu du Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak. Hedabideen aurrean esan duenez, Iranek ez du itxi berriro Omuzeko pasabidea. "Alderantziz, ontzien joan-etorria handitu egin da itsasartean", zehaztu du. 

Leavitten arabera, "beste behin" argi geratu da Irango Gobernuak "publikoki gauza bat" eta "pribatuan beste bat" esaten dituela. 

 

Gutxienez 254 hildako eta 1.165 zauritu, Israelek Libanon egindako erasoetan

Libanoko Defentsako arduradunak emandako azken datuen arabera, Israelek gaur Libanon egindako aurrekaririk gabeko erasoetan gutxienez 254 pertsona hil dira, eta 1.165 baino gehiago zauritu. 

Israelgo Armadak jakinarazi duenez, "hamar minututa eskasean" Hezbollah milizia xiitak Beiruten zituen azpiegitura nagusiak "txikitzea" lortu dute. 

Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak jakinarazi du Libanoko ospitaleen egoera "kaotikoa" dela

Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak ohartarazi du Israelek Libanon egindako erasoen ondoren, hango ospitaleak gainezka daudela eta ez dutela baliabiderik zauritutakoak artatzeko. "Egoera kaotikoa da", esan du elkarteak. 

Dozenak herritar hil eta ehunka zauritu ditu Israelgo Armadak Libanon, AEBk eta Iranek su-etena iragarri eta ordu gutxira. 

 

 

Libano ez dutela su-eten akordioan sartu berretsi du Trumpek

Donald Trump AEBko presidenteak azaldu du Israelek arratsaldean Libanon egindako erasoek ez dutela zerikusirik Estatu Batuek eta Iranek goizaldean adostutako su-etenarekin. "Aparteko borroka bat" dela esan du. 

PBS irrati-katean egin dioten elkarrizketan,  Israelek Beiruten egindako erasoen berri aurrez zuen galdetuta, baietz erantzun du. "Bai, Hezbollah ez zegoen akordioan sartuta", zehaztu du. 


Hezbollahk "estrategia aldatu" duela esan du Israelek

Hezbollahko miliziak Beirut iparraldera zabaldu eta hango kontrola hartu dutela azaldu du Israelgo Gobernuak, arratsaldean Libanon egin dituen erasoak justifikatzeko. 

Bideokonferentzia bidez egindako prentsaurrekoan, Nadav  Shoshani Armadako eledunak esan du Hezbollahk abiatu duen "estrategia berriari" erantzun diotela "eraso masiboarekin". Milizien kontrol-guneak eta azpiegiturak suntsitu dituzte, eta dozenaka herritar hil dira erasoetan. 

 

 

Ormuzeko pasabidea itxi du berriro Iranek

Fars albiste-agentzia iraniarrak jakitera eman duenez, Iranek berriro itxi du Ormuzeko itsasartea, eta petrolio-ontziek ezin dute pasabidea zeharkatu. Aipatutako iturriak dio Israelek Libanon egindako erasoak eragin duela itxiera. Dozenaka herritar hil dira Beiruten, gaur goizean, Israelgo Armadak egindako erasoan.  

Benjamin Netanyahu Israelgo ministroak esan du AEBk eta Iranek adostutako su-eten akordioan ez dela Libano sartzen. 

 

Libanoren aurkako orain arteko "erasorik handiena" egin duela esan du Israelek

Lehen itsasontzia igaro da Ormuzeko itsasartetik, su-etenaren ondoren      

Irango telebista publikoak jakinarazi duenez, eguerdian igaro da Ormuzeko itsasartetik itsasontzi bat, Iranen baimenarekin. Su-etena indarrean dagoenetik, igarobidea zeharkatzen duen lehen ontzia da. 

 

18:00 - 20:00

Trumpek ohartarazi du Irani armak saltzen dizkieten herrialdeei % 50eko muga-zergak ezarriko dizkiela 

Donald Trump AEBko presidenteak mezua helarazi die Irani armak saltzen dizkieten herrialdeei. Iraniarrei armamentu militarra saltzen jarraitzen badute, herrialde horietako produktu guztiek % 50eko muga-zerga  izango dute Estatu Batuetan. Zerga hori "berehala" ezarriko duela zehaztu du mandatari estatubatuarrak, eta argi utzi du ez duela "salbuespenik" egingo. 

 

 

Mugimendua hasi da Ormuzko itsasartean

Irango Guardia Iraultzaileak ez du AEBren hitza sinisten eta erasoen aurrean erantzun egingo duela ohartarazi du

Irango Guardia Iraultzaileak asteazken honetan adierazi duenez, ez du Ameriketako Estatu Batuen hitza sinisten eta ohartarazi du erantzun egingo duela Israelen edo AEBren erasoen aurrean. 

Su-eten akordioa "ahula" dela ohartarazi du Vancek

JD Vance Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeak ohartarazi duenez, su-eten akordioa "ahula" da. Ildo horretan, AEBk espero du Teheranek "fede onez" negoziatzea bake iraunkorra lortu ahal izateko. 

18:00 - 20:00

Israelek Libano erasotzen jarraitzen du

AEBk eta Iranek su-eten akordioa adostu arren, erasoak ez dira berehala eten. Israelek Euskal Herrian 09:30ak zirenean adierazi du Iranen aurkako erasoen etena, baina Libano erasotzen jarraitzen du. Libano hegoaldean erasoek ez dute etenik eta Beirut hiriburuan ere, ebakuazio aginduak eman dituzte. 

Su-etena lehen pausoa da Qatarren arabera, deseskalatzea lortzeko bidean

Qatarreko agintariek AEBren eta Iranen arteko su-eten akordioa txalotu dute, baina "premiaz aurrera egitea" eskatu dute gatazka inguruko lurraldeetara hedatzea saihesteko.

Irakek bere aire eremua ireki du, 40 egunez itxita egon ondotik

AEBk eta Israelek bi asterako adostutako su-etena indarrean sartu eta ordu batzuetara, Irakek bere aire eremua ireki du 40 egunez itxita egon ondotik. Horrela adierazi du Irango Abiazio Zibilaren erakundeak sare sozialetan zabaldutako mezu batean.

Petrolio findegi baten aurkako erasoa salatu du Iranek

Irango Petrolio Konpainia Nazionalak salatu duenez, petrolio findegi baten aurka erasoa gertatu da Lavan uhartean, Pertsiar golkoan, AEBk eta Iranek adostutako bi asteko su-etena indarrean sartu eta ordu batzuetara. Hala ziurtatu du Irango Mehr agentziak zabaldutako informazioaren Hori nabarmendu du Irango Petrolio Konpainia Nazionalak, Irango Mehr agentziak zabaldutako ohar batean. 

Iranek droneekin eraso egin diola salatu du Kuwaitek

Kuwaiteko Armadak salatu duenez, Iranek droneak jaurti ditu asteazken honetan Kuwaiteko petrolio instalazioen aurka, AEBk eta Iranek bi asteko su-etena adostu arren.

Ormuzko itsasartetik "murrizketarik gabe" igaro ahal izatea eskatu du Saudi Arabiak 

AEBk eta Iranek adostutako bi asteko su-etena txalotu du Saudi Arabiak eta gatazkari amaiera eman ahal izateko itun baten beharra nabarmendu du. Halaber, Ormuzko itsasartetik "murrizketarik gabe" igaro ahal izatea eskatu du. 

Arabiar Emirerri Batuek adierazi dute "garaile" atera dela "saihestu" nahi duen gerratik

"Arabiar Emirerri Batuak garaile atera da benetan saihestu nahi dugun gerra batetik", adierazi du Anwar Gargash Arabiar Emirerri Batuen aholkulari diplomatikoak. Gaineratu duenez, "eraso bortitz baten aurrean" herrialdearen subiranotasuna eta duintasuna babestu dituzte. 

Su-etena Ekialde Hurbilean behin betiko bakea justua eraikitzeko lehen pauso gisa ikusten du Pradales lehendakariak

Imanol Pradales lehendakariak sare sozialetan azaldu duenez, su-etenak "itxaropen leiho bat ireki du Ekialde Hurbilean". "Diplomaziak eta EBk eskualdean egonkortasuna bermatzeko lan egiteko unea da", gaineratu du. 

Su-etenak "behin-behinean" lasaitasuna ematen duela onartu du EAJk, baina Trumpen arriskuaz ohartarazi du

Maribel Vaquero EAJren Kongresuko bozeramaileak onartu du AEBren eta Iranen arteko su-eten akordioak, behin-behinean bada ere, lasaitasuna ematen duela. Edozein kasutan, Trumpek ezegonkortasuna eragiteko duen gaitasuna gainditzen zaila dela azpimarratu du. 

AEBren eta Iranen arteko negoziazioen hasiera "albiste ona" dela azpimarratu du EH Bilduk 

Negoziazioak abiatzea "albiste ona da" EH Bilduren iritziz, baina su-etena ez da bakerako bermea, eta nazioarteko komunitatearen babesa beharko du koalizio abertzalearen arabera.

Su-eten akordioa Iranen aurka abiatutako erasoaren "porrotaren" erakusle dela adierazi du Errusiak

Errusiako agintarien arabera, su-eten akordioak agerian uzten du AEBk eta Israelek Iranen aurka pasa den otsailaren 28an abiatutako erasoaldiak "porrot" egin duela. Halaber, Errusiak berretsi du gatazka konpontzeko bidea diplomazia dela. 

Txinak begi onez ikusi du AEBren eta Iranen arteko su-eten akordioa

AEBk eta Iranek bi asteko su-eten akordioa iragarri ondotik, su-etena babesten duela adierazi du Txinako Gobernuak. Mao Ning Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak eskaini duen prentsaurrekoan azaldu duenez, Pekinek gatazka bitarteko politiko eta diplomatikoen bidez konpontzea defendatzen jarraitzen du, orain arte egin bezala. 

Von der Leyenek ongietorria eman dio AEB eta Iranen arteko su-eten akordioari

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko persidenteak AEBk eta Iranen adostutako bi asterako su-eten akordioa txalotu du, eta deseskalatzea "oso beharrezkoa" dela nabarmendu du. Halaber, bitartekaritza lana egin izana eskertu dio Pakistani. 

Su-eten akordioa "albiste ona" dela azpimarratu du Sanchezek eta diplomaziarako deia egin du

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak AEBren eta Iranen arteko su-eten akordioa "albiste ona" dela azpimarratu du. Aldi berean, gerrari amaiera emateko bidea diplomazia dela aldarrikatu du. 

Ibex 35 indizea % 3,8 igo da eta Europako burtsek % 5 inguru egin dute gora

Espainiako burtsaren Ibex 35 indizea % 3,81 igo da saioaren hasieran, AEBren eta Iranen arteko akordioak bultzatuta. Ildo beretik, Europako burtsa nagusiek % 5aren inguruko igoerak izan dituzte. Saioaren hasieran, Frankfurteko burtsak % 5,34 egin du gora, MIlangoak % 5, Londreskoak % 3,15 eta Pariskoak % 1,31. 

Antonio Guterresek akordioa txalotu du eta su-etena errespetatzea eskatu die aldeei

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak AEBren eta Iranen arteko su-eten akordioa txalotu du eta bi aldeei eskatu die adostutakoa errespetatzeko, balizko bake iraunkorra lortzeko bidean. Horrela adierazi du NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresen bozeramaileak, ohar batean. 

16 September 2025, US, New York: UN Secretary General Antonio Guterres briefs the press after the first week of the 80th UN General Assembly, saying finance will dominate High-Level Week as crises in Gaza, Ukraine, and genocide reports test Member States’ ability to reach agreements. Photo: Bianca Otero/ZUMA Press Wire/dpa

Wall Streetek 2 puntu egin du gora eta Asiako burtsek irabaziak izan dituzte

AEBk eta Iranek bi asteko su-eten akordioa iragarri ondotik, Wall Streetek bi puntu egin du gora. Ildo beretik, Asiako burtsa nagusiek irabazi handiak izan dituzte albistearen berri izan ostean. Japoniako Nikkei indizeak % 5,3 gora egin du eta Hong Kongeko burtsak, berriz, % 3 baino gehiago. 

Ameriketako Estatu Batuetan, Dow Jones indizea % 2,3 igo da eta Nasdaq indizea, berriz, % 3,2. 

Wall Street burtsa bolsa EFE

Gas naturalaren prezioa % 19 jaitsi da, 42,8 euroraino

Gas naturalaren megawatt ordua (MWh) 42,8 euroraino jaitsi da TTF Europako erreferentziazko merkatuan, AEBk eta Iranek bi asterako su-etena adostu ondoren. 

Brent upelaren prezioa % 12 baino gehiago jaitsi da, 95 dolarreraino

AEBk eta Iranek bi asteko su-etena adostu eta ordu gutxira, Brent petrolio upelaren prezioa % 12 baino gehiago jaitsi da, 95 dolarreraino. 

AEBk eta Iranek bake negoziazioak abiatuko dituzte ostiralean Islamabaden

Apirilaren 10ean bake negoziazioak abiatuko dituzte Islamabad hirian (Pakistan), Pakistan bitartekari dela. 

Israelek su-etena onartu du, baina Libano akordiotik kanpo dagoela esan du

AEBk eta Iranek iragarritako bi asteko su-etena onartu du Israelgo Gobernuak, baina Libano akordiotik kanpo dagoela esan du. 

Ospakizunak Iranen, su-eten akordioaren berri izan ondoren

TEHRAN (IRAN(Islamic Republic Of)), 08/04/2026.- Iranians wave flags during a demonstration following the announcement of a two-week ceasefire at Enghelab Square in Tehran, Iran, 08 April 2026. Iran and the USA agreed to the two-week truce to halt military operations and keep the Strait of Hormuz open for oil and gas shipments, with formal peace talks set to begin in Islamabad on 10 April. (Teherán) EFE/EPA/ABEDIN TAHERKENAREH
18:00 - 20:00

AEBk eta Iranek bi asteko su-etena adostu dute

Bi astez erasoak etengo dituzte eta Iranek Ormuzko itsasartea irekitzeko konpromisoa hartu du. Trumpek Irani ezarritako ultimatuma amaitu baino ordu eta erdi lehenago iragarri dute akordioa. 

AEBk eta Iranek bi asteko su-etena adostu dute, Ormuz ireki egingo dutela bermatuta

18:00 - 20:00