Espainiatik irteteko debekua ezarri dio epaileak Barcenasi
Espainiatik irteteko debekua ezarri dio astelehen honetan Pablo Ruz epaileak Luis Barcenasi, ihes egiteko arriskua dela-eta. PPko diruzain ohiak hiru orduz deklaratu du Auzitegi Nazionalean, Suitzan zuen dirutzari buruz, eta bere deklarazioan PPren kontuetatik bereizi du dirutza horren jatorria. Halaber, Suitzako kontuetan 38 milioi euro izatera ere heldu zela aitortu du epaile aurrean, eta PPk 1999 eta 2007 bitartean dohaintzen bidez jaso zituen 33 milioi euroren berri eman dio epaileari (horietatik 23,7 milioi jatorri ezezagunekoak).
Galdeketa 13:20an hasi da, eta 16:15ean bukatu. Gurtel auzia ikertzen duen Pablo Ruz epaileaz gain, 21 abokatu (Gurtel auziko defentsa eta akusazio ezberdinetakoak), ustelkeriaren kontrako bi fiskalak eta estatuaren abokatua izan dira bertan.
Deklarazioan zehar, epailearen, fiskalaren eta defentsaren galderei erantzun die Barcenasek, eta, defentsako iturrien arabera, higiezinen negozioak erabili ditu diruzain ohiak diru-sarreren legezkotasun justifikatzeko.
Suitzan zuen dirutzaren jatorria azaltzeko, higiezinen eta artelanen erosketa eta salmenta eta burtsan egindako inbertsioak aipatu ditu Barcenasek, iturri judizialek baieztatu dutenez. Diruzainak aitortu duenez, Suitzako kontuetan 38 milioi euro izatera ere heldu zen, ''neurri handi batean burtsan inbertsio egokiak eginda'', baina, bere bazkideek dirua atera zuten eta 22 milioitan geratu zen Suitzako zenbatekoa. Diruzain ohiak ez du bazkideen izenik aipatu nahi izan, baina ''dokumentazio zabala'' jarri du mahai gainean, iturri horien arabera.
Halaber, Suitzako dirutzaren jatorria PPren kontuetatik bereizi du Barcenasek, iturri judizialen arabera. Bestalde, PPk 1999 eta 2007 bitartean dohaintzen bidez jaso zituen 33 milioi euroren berri eman dio Barcenasek epaileari, taula batean bilduta. Ordenagailuz egindako zerrenda da, PPren logotipoarekin, eta Kontuen Epaitegi aurrean PPk emandako datuak jasotzen ditu, iturri judizialen arabera.
Kautelazko neurriak
15 minutuko atsedenaren ondoren, kautelazko neurriak ezartzeko bista deitu du epaileak. Bertan, Barcenasi baimen judizialik gabe Espainiatik irteteko debekua ezartzea eta pasaportea kentzea eskatu du fiskalak. Halaber, Barcenasek 15 egunean behin epaitegian agertu behar izatea eskatu du. PPren abokatuak ere Espainiatik irteteko debekua ezartzea eskatu du.
Azkenean, ihes egiteko arriskua dagoela iritsita, baimen judizialik gabe Espainiatik irteteko debekua ezarri dio astelehen honetan Pablo Ruz epaileak Luis Barcenasi.
''Oso lasai''
PPren diruzain ohia 12:22an iritsi da Auzitegi Nazionalera, Miguel Bajo eta Alfonso Trallero abokatuekin batera. Eskuetan, hainbat txosten zeramatzan.
Auzitegi Nazionalaren ateetan ehun argazkilari eta kazetari inguru izan ditu zain. ''Oso lasai nago, deklaratzeko gogoekin, beti egin dudan moduan, auzitegietan'', esan die Barcenasek kazetariei, etxetik irten denean.
Gurtel auzia dela-eta Barcenasek epaile aurrean deklaratzen duen bosgarren aldia izan da hau.
Txostenak
Suitzako agintariek Ruz epaileari igorritako txosten baten arabera, Barcenasek 14,8 milioi euro izan zituen paradisu fiskal horretan, 2005. urteko amaieran, Sinequanon fundazioaren (Panamakoa da) izenean. Diru-kopurua 19,7 milioi eurokoa izan zen 2006. urtean, 22,1 milioikoa 2007.ean, 13,6 milioikoa 2008.ean eta 11,8 milioikoa 2009.ean.
Joan den astean, Poliziak eta Ogasunak diru horri buruzko txostenak igorri zizkioten epaileari.
Barcenasek dirua higiezinak eta artelanak salerosiz lortu zuela esan zion bankuari, baina Poliziak ez du sinesten, eta higiezinen bidez PPren diruzain ohiak 280.000 euro baino ez zituela irabazi azaldu du.
Iazko abenduaren 14an, Barcenas notarioarenera joan zen, eta Alvaro Lapuerta PPren diruzain ohiarekin batera 1994. urtetik 2009. urtera alderdiak jasotako dohaintzen arduraduna izan zela ziurtatu zuen.
Halaber, Poliziaren esanetan, senatari 'popular' ohiak atzerrian zituen ondasunak "epaileengandik babesteko" segurtasun estrategia abiatu zuen 2009. urtean, Gurtel auzian inputatu eta gero.
Joan den astean, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak "delitu zantzu anitz eta irmoak" atzeman zituen Barcenasen aurka.
PPk aste honetan abiatuko du auzibidea
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak iragarri duenez, aste honetan bertan abiatuko ditu ekintza judizialak Alderdi Popularrak, Barcenas auzia dela-eta. Halaber, egungo zuzendaritza taldeko zein lehengo zuzendaritzako kideek ere aste honetan abiatuko dituzte izapideak.
Cospedalek azpimarratu duenez, Mariano Rajoy presidentea eta alderdia bera ''oso lasai'' daude, eta ez dute inongo ''xantaiarik'' onartuko.
2010eko apirilean PPk Barcenasekin ''lan harreman guztiak eten'' zituela berretsi du Cospedalek, eta garai hartan ''zuzenekoa ez zen kalte-ordaina'' adostu zutela azaldu du. Kalte-ordain hori dagoeneko ordaindu dutela azaldu du Cospedalek, eta garai hartan PPko zerbitzu juridikoek ontzat eman zuten irtenbidea izan zen arren, PPko idazkari nagusiak aitortu du egun, beharbada, ''beste era batera'' ikusiko zutela.
IUk kereila jarriko du
Cayo Lara IUren idazkari nagusiak iragarri duenez, kereila bat aurkeztuko dute Auzitegi Nazionalean Luis Barcenas eta Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohien eta Rodrigo Rato, Angel Acebes eta Federico Trillo ministro ohien kontra, PPko ustezko legez kanpoko ordainketak direla eta.
Zure interesekoa izan daiteke
Vivasek Ceutako mugaren kontrola indartzeko eta gutxienez 1.000 agente izateko eskatu du
Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko indarrak nabarmen handitzeko eta uztailaren 30eko sarrera masiboa berriro ez gertatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Ceutako presidenteak Espainiako Gobernuari.
Bilboko aireportuan ere kontrol aleatorioak ezarri dituzte Italiatik datozen bidaiarientzat
Kontrolak goizean egin dituzte Bilbon, Malagan, Sevillan, Alacanten, Valentzian, Balearretan eta Kanarietan. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan gauerdian hasi dira ausazko kontrolak egiten.
30 urteko kartzela-zigorra eskatu dute ETAko bost buruzagi ohirentzat Gregorio Ordoñez hiltzeagatik
Akusatuek ETAko buruzagitza osatzen zuten, eta 1995eko urtarrilean Donostiako PPko zinegotzia hiltzea erabaki zuten, Fiskaltzaren idazkiaren arabera.
Elkarrekin Donostia afari solidarioen debekua helegite bidez auzitan jartzea aztertzen ari da
Araua neurrigabea dela eta zalantzazko oinarri juridikoak dituela uste du koalizioak. EH Bilduk, berriz, Kaleko Afari Solidarioak plataformako boluntarioen aurkako "jazarpena" salatu eta debekua bertan behera uzteko eskatu du.
Robles, Marlaska, Bolaños eta Albares Kongresuan agertuko dira abuztuaren amaieran, Ceutako migrazio-krisia dela eta
Espainiako Gobernuak lau ministroen ezohiko agerraldiak eskatu ditu, uztailaren 30ean Ceutan hasitako migrazio-krisiaren kudeaketaren berri emateko.
EAE adingabe migratzaileak hartzeko Estatuak ezarritako kupoaren gainetik dago, eta Nafarroa, berriz, azpitik
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak 843 adingabe atzerritar artatzen dituzte egun, berez dagokiona baino 65 gehiago. Aldiz, azken datuen arabera, Foru Erkidegoa bere gaitasunaren % 30 inguruan dago.
Ceutako migrazio krisiaren aurretik alertak jaso zituen ala ez galdetu dio epaileak Guardia Zibilari
Iustitia Europak jarritako salaketaren ondorioz abiarazi ditu izapideak Auzitegi Nazionalak, eta bizi direnen eta hildakoen kokapenari buruzko informazioa eskatu du.
Melgosa: "Estatuaren lehen betebeharra da adingabeak familiekin itzultzeko bideak agortzea"
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Eskubideetako sailburuak nabarmendu du ez zaiola "zentzuzkoa iruditzen lehen erantzuna (Espainiako Gobernuarena) adingabe horiek (Ceutan daudenak) beren familietatik urrun, milaka kilometrotara, eramatea".
Grande-Marlaska eta Robles kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularraren idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroa eta Margarita Robles Defentsa ministroa kargugabetzea eskatu du, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.