Dokumentazioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Arnaldo Otegiren historia judiziala

Ezker abertzaleko burua bost aldiz espetxeratu dute.
Arnaldo Otegi. EFE.
Arnaldo Otegi. EFE.

Arnaldo Otegi hainbatetan eseri da akusatuen aulkian. Orotara bost aldiz espetxeratu dute. Azkena, Bateragune auzia-ren harira.

Ezker abertzaleko buruzagia 1987an kartzelatu zuten lehen aldiz, ETAko kide zela, Luis Abatua Michelin enpresaren Gasteizko buruaren bahiketan parte hartzeagatik. 1990ean geratu zen aske, zigorraren erdia bete eta gero.

Bigarrenez 2005eko maiatzaren 26an sartu zuten espetxean, Fernando Grande-Marlaskak aginduta, 'herriko tabernen' auziaren baitan. Otegik bi egun eman zituen espetxean, 400.000 euroko bermea ordaindu zuen arte. Auzitegi Nazionalak auzi horretik kanpo utzi zuen gero, talde armatuko kide izateagatik aurretik ere epaitua izan zelako.

Hirugarren espetxealdia azkar etorri zitzaion, urtebeteren ostean, 20 egun lehenago izandako greba batean gertatu ziren indarkeria ekintzen "eragilea" izatea egotzita. Bederatzi egunen buruan askatu zuten, 250.000 euroko fidantza ordaindu eta gero.

2007an, Auzitegi Nazionalak bigarren zigorra ezarri zion, 15 hilabetekoa, 2003an Argalaren omenez egindako ekitaldi batean terrorismoa goratzea egotzita. Ekainaren 8an kartzelatu zuten, hots, ETAk 2006ko su-etena amaitutzat eman eta hiru egunera. 14 hilabete eman zituen kartzelan.

2009ko urrian, behin-behineko espetxealdia ezarri zioten Bateragune auzian. 2011ko irailaren 16an, Auzitegi Nazionalak 10 urteko zigorra ezarri zion.

Absoluzioak eta auzi artxibatuak

1989an, ETAko kide zela, Javier Ruperez UCDko diputatu ohia bahitzea egotzita epaitu eta absolbitu egin zuten.

2005eko azaroan, Auzitegi Nazionalak 15 hilabeteko zigorra ezarri zion, Juan Carlos I.goa erregea iraintzea leporatuta ("torturatzaileen burua" esan zion), baina EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen zigorra. 2011ko martxoan, Giza Eskubideen Europar Auzitegiak 20.000 euroko kalte-ordaina ordaintzera zigortu zuen Espainiako Estatua, Otegiren adierazpen askatasuna urratzeagatik.

2007ko abenduan, Auzitegi Nazionalak artxibatu egin zuen 2003an Bilbon Arkaitz Otazua ETAko kidearen alde (Ertzaintzarekin izandako tiroketa batean hil zen) egindako manifestazio batean parte hartzeagatik Grande-Marlaskak irekitako auzia.

Olaia Castresana ETAko kide zenaren (2001ean hil zen, Alacanten, lehergai bat manipulatzen ari zela) hiletan parte hartzeagatik ere auzipetu zuten, eta epaiketa 2007an egin zuten, baina absolbitu egin zuten, Fiskaltzak akusazioa bertan behera utzi eta gero.

2010eko urtarrilaren 13an, Auzitegi Gorenak artxibatu egin zuen besteak beste Otegi, Ibarretxe lehendakaria eta Patxi Lopez akusatuen aulkian eseriarazi zituen auzia. ETAren 2006ko su-etenean batzartzeagatik auzipetu zituzten.

Zure interesekoa izan daiteke

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre 'Anbotori' espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrek beste edozein presoren tratamendu bera jaso du, eta ez da inolako neurri diskrezionalik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragin ahal izan dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek birgizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X