Segiren lana 'politikoa' zela azpimarratu dute auzipetuek
Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Aretoko lehen sekzioak gaur abiatu du Segiko ustezko 40 kideren kontrako epaiketa. Epaiketaren lehen minutuetan, auzipetuek globo laranjak puztu eta Luis Goñiren eta autodeterminazioaren aldeko oihuak egin dituzte. Ondorioz, epaileak aretotik kanpo bidali ditu. Minutu batzuk geroago hasi da epaiketa. Lau auzipetu ez dira epaiketan azaldu.
Epailearen aurrean deklaratu duten lehenengo gazteen iritziz, euren "jarduera politikoa" frogatu nahian ari dira, eta ez Segiko kideak diren ala ez frogatu nahian. Auzipetu gehienek tratu txarrak salatu dituzte, eta ez diete fiskalaren galderei erantzun. Segik egiten zuen lana "politikoa" zela azpimarratu dute behin eta berriro. Auzipetuen hitzak txalo artean hartu dituzte epaiketa ikustera joan direnek, eta horrek epailearen haserrea piztu du.
Segiko ustezko kideek esan dute epaiketa "anakronikoa" dela, "egungo testuinguru politiko eta soziala" kontuan hartuz, eta Espainiako Gobernuari bake prozesuan aurrera egin ahal izateko "pausoak" eskatu dizkiote. Jon Telleria kazetariak esan du epaileen erabakiak bake prozesu horretan "eragina" izango duela. "Hemen ez daude 40 terrorista, 40 gazte baizik", azaldu du.
Torturak
Auzipetu gehienek torturak salatu dituzte, eta, horrenbestez, Poliziaren aurrean egindako deklarazioa "baliorik gabe" utzi dute.
"Modu basatian torturatu" zutela adierazi du Jon Anda Velezek. Akusatuak esan duenez, flexioak egitera behartu zuten eta buruan poltsa jarri zioten. Aitziber Arrietak tortura berdinak salatu ditu.
Biluzik orduak eman zituela azaldu du Garazi Rodriguezek, eta polizia batekin bakarrik utzi behar zutela esan zioten. Poliziek bortxatu behar zutela esan zioten, Maialen Elduak azaldu duenez.
Bestalde, lau akusatu ez dira gaurko saioan agertu, eta Interneten bideo bat argitaratu dute. "Desobedientziagatik" egin dutela azaldu dute, auzitegiak epaitzeko legitimitaterik ez duelako.
Horrela, Irati Mujika, Unai Ruiz, Idoia Iragorri eta Goitzane Pinedo ez dira epaiketan izan. Bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman ala ez erabaki beharko du auzitegiak orain.
Gaur hamar akusatu galdekatu eta gero, epaiketak astearte honetan jarraituko du San Fernando de Henareseko egoitzan.
Bestalde, Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak elkartasuna adierazi die Segiko auzipetuei, eta "salbuespen auzitegi batek" epaituko dituela azpimarratu du. "Epaiketa politikoekin" amaitzeko ere eskatu du Iñarrituk, Auzitegi Nazionaleko atean egindako adierazpenetan.
298 urteko zigorra
Luis Barroso fiskalak bederatzina urteko kartzela zigorra eskatu du bederatzi auzipeturentzat, organizazioaren agintaritzat jotzen baititu, eta "organizazio terrorista baten kide" izatea egotzi die, agintari gisa jardutea leporatuta. Bederatzi horiek hauek dira: Irati Mujika Larreta, Ainara Bakedano Cuaresma, Jon Anda Velez de Mendizabal, Gaizka Likona Anakabe, Olatz Izagirre Sarasti, Jon Telleria Barrena, Asier Coloma Ugartemendia, Ibai Esteibarlanda Echeverria eta Carlos Renedo Lara. Gainerakoentzat, zazpina urte eskatu du, kide izatea egotzita, ez agintari. Orotara, 298 urteko kartzela-zigorra eskatu du fiskalak.
Barrosoren arabera, Segik "ETA banda armatuaren jarduera osatzen du 'kale borroka'ko ekintzen bidez herritarren segurtasunari kalte eginez; gizarte demokratikoari eta Zuzenbide Estatuari eraso egiten diote izua eragiteko helburuarekin, bake publikoaren kontra eginez".
Atxiloketak
Segiko ustezko 40 kideetako 34 2009ko azaroaren 24an atxilotu zituzten, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak, Fernando Grande-Marlaska epailearen agindupean, elkarrekin egindako operazio batean.
Atxiloketokin, Barne Ministerioak desegintzat jo zuen organizazioaren buruzagitza, horren ustez 'ETAren harrobia' eta Euskadiko kale indarkeriaren erantzule nagusia zena.
Poliziaren arabera, operazioa urte horretan ETAko kide izatea egotzita Parisen atxilotutako Ekaitz Sirvent Auzmendiri atzemandako agirietan oinarritu dute. Antza denez, dokumentu horietan Segiren "helburu nagusitzat" jotzen zituzten Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontra borrokatzea, "hezkuntza eredu propioa" bultzatzea, "higiezinen espekulazioa" salatzea eta "euskal Estatua" eraikitzea.
Poliziaren eta Guardia Zibilaren informazio zerbitzuek zabaldu zutenez, Segik "bere egitura indartzea zuen helburu, militante berriak erakarrita eta organizazioan ematen zuten denbora luzatuta". Halaber, ETAren aginduak betetzeko, "gatazka gogortzeko eta kaleko indarkeria areagotzeko" helburuarekin, atxilotuek formakuntza prozesuak indartzeko asmoa zutela adierazi zuten aipatutako zerbitzuek.
Jarrai eta Haika legez kanpo utzitakoen oinordekoa da Segi, epaileen arabera. Gorenak "organizazio terroristatzat" jo zuen 2007ko urtarrilaren 19an, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak 2001ean hasitako prozesua itxita.
Zure interesekoa izan daiteke
Sanchezek iragarri du Carlos Cuerpo izango dela Maria Jesus Monteroren ordezkoa lehen presidenteorde gisa
Orain arte lehen presidenteordea eta Ogasun ministroa izan dena Gobernutik atera da Andaluziako Juntako presidentegai sozialista izateko.
Irango gerraren ondorioen aurkako neurrien dekretua onartu dute Kongresuan
Neurri ekonomikoek 5.000 milioi euro mobilizatzea aurreikusten dute. Voxek bakarrik bozkatu du kontra, eta PPk eta Podemosek abstentziora jo dute.
Ekialde Hurbileko gerraren aurrean "biziak salbatzea" bermatzeko osoko bilkura monografikoa egitea eskatu du EH Bilduk
EH Bilduk gaur erregistratu du eskaera Eusko Legebiltzarrean, eta bilkura monografikoa uda aurretik egitea eskatu du.
Frankismoaren biktimei kalte-ordainak emango dizkiete; Portugaleteko eta Bilboko kasuetakoei, besteak beste
Espainiako Gobernuak 15 erreparazio-eskaera onartu ditu, eta 1968tik 1978ra bitartean eraildako edo lesio larriak izandako berrogeita hamar bat kasu aztertzen ari da.
Irango gerraren ondorioak arintzeko dekretua aurrera aterako da Kongresuan, PPren erabakiaren zain
Espainiako Gobernuak inbestidurako bazkideen babesa bermatuta du, eta, hortaz, beherapen fiskalak, oinarrizko hornigaiak eteteko debekua eta sektore kaltetuenei laguntzeko neurri orokorrak aurrera aterako dira.
Zupiria: “Istilu horietan bidegabeko biktima bat egon zen”
Zabarte auziaren harira, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak adierazi du auzitegiei dagokiela zer gertatu zen argitzea, eta familiak errekurritzeko eskubide osoa duela. Hala ere, argi du bidegabeko biktima bat egon zela istilu haietan.
Accionaren presidentearen aurka eginbideak abiatzea eskatu du Fiskaltzak, Nafarroako Ikerketa Batzordera joan ez zelako
Birritan deitu du Nafarroako Parlamentuak Jose Manuel Entrecanales enpresaria eta bietan huts egin du hitzordura. Fiskaltzaren arabera, desobedientzia delitutzat har daiteke.
Patxi Lopezek Feijori egotzi dio ETAren biktimen "erabilera zikina"egitea
PSOE eta PP alderdien arteko ika-mika gogorra izan da gaur Espainiako Diputatuen Kongresuan. Patxi Lopez sozialisten eledunak Behe Ganberan Alberto Nuñez Feijoo PPren buruari leporatu dio ETAren biktimen "erabilera zikina" egitea.
Laugarren xedapen iragankorra indargabetzeko tramitea hasi du UPNk
Cristina Ibarrola UPNren presidenteak lege-proposamen bat aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan: Konstituzioa erreformatzea eta xedapena ezabatzea eskatu nahi die Gorte Nagusiei.
Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”
Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”.