Moncloa jauregian
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Urkullu eta Rajoy asteartean bildu ziren ETAren bukaeraz hitz egiteko

EiTBk jakin duenez, bi agintariek hurrengo gaien inguruan eztabaidatu zuten: ekonomia, kupoa, Kontzertua, azpiegiturak, bakea eta elkarbizitza.
Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea asteartean bildu ziren, Madrilen. Bileran, besteak beste, ETAren amaiera izan zuten hizpide.

EiTBk jakin duenez, bilera bart izan zen, eta bi agintariek hurrengo gaien inguruan eztabaidatu zuten: ekonomia, kupoa, Kontzertua, azpiegiturak, bakea eta elkarbizitza. Bilera "adeitsua" izan dela esan dute bi aldeek.

Bilerak bi orduko iraupena izan zuen. Esan bezala, bi agintariek gai ezberdinak jorratu zituzten, baina bilerako gai nagusia ETAren bukaera izan zen.

Lehendakariak bilera informatibo batean parte hartu du gaur, eta Urkulluk ez du baieztatu nahi izan Rajoyrekin izandako solasaldia.

Larunbatean, berriz, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiarekin bildu zen lehendakaria, Rubalcaba asteburuan Euskadin izan zela aprobetxatuta.

Patxi Lopez PSE-EEko buruzagia ere izan zen bilera horretan. Iturri sozialistek jakitera eman dutenez, ETAren desegitea lortzeko alderdien batasuna sendotzea beharrezkoa dela azaldu zuten guztiek.

Urkulluk, Rubalcabak eta Lopezek euskal alderdiek enplegua sustatzeko sinatutako ituna ere aztertu zuten.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre 'Anbotori' espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrek beste edozein presoren tratamendu bera jaso du, eta ez da inolako neurri diskrezionalik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragin ahal izan dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek birgizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X