GOIDIa ikertzen duen epaileak Mazon lekuko gisa deklaratzera deitu du
Horrez gainera, "borondatez" egun hartako telefono-deien zerrenda eta mezuak ikerketarako emateko eskatu dio. Biktimek espero dute presidente ohiak egia esateko "ohorea" izango duela oraingoan.
Mazon, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
2024ko urrian Valentzian 230 hildako utzi zituen GOIDIAren kudeaketa ikertzen ari den Catarrojako epaileak Carlos Mazon, Valentziako Generalitateko presidente ohia, lekuko gisa deklaratzera deitzea erabaki du. Egun hartako telefono-deien eta mezuen zerrenda borondatez aurkez dezala eskatu dio gaur aldeei bidali dien autoan.
Epaile horrek Mazon ikertzea eskatu zion Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiari (TSJCV), "arduragabekeriaz jokatzeagatik". Auzitegiak, ordea, aho batez errefusatu zuen eskaera hori, martxoaren 16ko auto batean, ez zuelako deliturik ikusi haren jardunean. Hala ere, haren jokabidea "gaitzesgarria" zela adierazi zuen, bai sozialki, bai politikoki.
Ondorioz, Catarrojako magistratuaren iritziz, Mazonek Cecopin hartzen ari ziren erabakiei buruz zer zekien eta zer ez zekien "lekuko gisa deklaratuta jaso behar da".
Era berean, egun hartan bidali eta jaso zituen mezuei buruz "orain galdetu dakiokeela" ere adierazi du, betiere "borondatez" egingo duela abiapuntu hartuta.
GOIDIaren ondorioz hil zirenen senideen elkarteak espero du presidente ohiak "ia 17 hilabete hauetan izan ez duen ohorea" izango duela, eta "egia eta argibideak" emango dituela.
Epailearen autoaren arabera, gaur egun diputatu autonomikoa denari lekuko gisa deklaratzeko eta haren telefonoko mezuak eskatzeko komunikazioa Valentziako auzitegiaren autoa irmoa denean egingo da.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik