Omenaldi instituzionala
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Terrorismoaren biktimen memoria ondratu du Nafarroako Parlamentuak

Terrorismoaren Biktimen Eguna ospatu du Nafarroako Parlamentuak. Biktimen memoria "demokraziaren funtsezko zutabe" bat dela adierazi du Alberto Catalanek.
Ekitaldi instituzionala Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Ekitaldi instituzionala Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE

Terrorismoaren Biktimen Eguna ospatu du gaur Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional batekin. Biktimen memoria "demokraziaren funtsezko zutabe" bat dela adierazi du Alberto Catalan Ganberako presidenteak.

Bildu eta Aralarreko ordezkariak ez dira omenaldian izan. Artelan plastiko bat aukeratzeko lehiaketaren irabazlea jakitera eman dute ekitaldian. Epaimahaiak Javier Muroren la tercera puerta aukeratu du. Artelana Nafarroako Parlamentuaren egoitzan jarriko dute.

Maria del Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak bideo batean azaldu duenez, artelanak "memoria, duintasuna, egia eta justizia" adierazten ditu. Blanco epaimahaiko kidea izan da. Artelanaren aurrean paratzen direnek "askatasun eta bake etorkizun bat eraikitzeko bizitako nahigabe eta izua" ez ahaztea espero du Blancok.

Memoria eta oroimena

Lehiaketako irabazlearen izena jakitera eman baino lehen, Alberto Catalanek hitza hartu du. Catalanen hitzetan, terrorismoaren biktimen "memoria eta oroimena mantentzea erakundeen eginbeharra da". Biktimek "demokraziari, askatasunari eta espainiar guztien elkarbizitza markoari" egindako ekarpena goraipatu du Parlamentuko presidenteak.

Horregatik, "biktimak eta borreroak" ezberdintzeko eskatu du Catalanek, eta ETAko presoak espetxetik ateratzea deitoratu du. Presoei egiten dizkieten omenaldi "mespretxagarriak" kritikatu ditu. Era berean, terroristek "barkamena eskatu gabe" eta 300 hilketa baino gehiago argitu gabe jarraitzea deitoratu du.

"Zuzenbidezko Estatuaren garaipena biktimen duintasunak merezi duen eskerrona" dela erantsi du. Azkenik, gizartea biktimekin "zorretan" dagoela azpimarratu du Catalanek.

Nafarroako Parlamentua biktimak efe

Argazkien erakusketa. Argazkia: EFE

Erakusketa

Bestalde, biktimen omenaldia dela eta Parlamentuak erakusketa bat hartu du. Erakusketa Tomas Caballero Fundazioak antolatu du: '40 egun gorri. ETAren hilketak Nafarroan. Terrorismoko hiru hamarkada irudietan'.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X