Katalunia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Alderdi independentistei batasuna eskatu diete ANCk eta Omniumek

Herritarren plataformen aburuz, batasuna "ezinbestekoa" da independentzia lortzeko. Mobilizazioei eutsiko dietela berretsi dute ANCk eta Omniumek.
Carme Forcadell eta Muriel Casal Kataluniako independentziaren aldeko ekitaldi batean. EFE

Kataluniako gizarteak egiten duen moduan, batuta egoteko deia egin diete Kataluniako alderdi independentistei Kataluniako Batzar Nazionala (ANC) eta Omnium Cultural erakundeek. Izan ere, ERCekiko haustura iradoki du Artur Masek gaurko agerraldian, eta horren kontura egin dute aldarrikapena herritarren plataformek.

"Batasuna apurtu egin dela esan du presidenteak, baina konpondu daiteke eta gu saiatuko gara egiten", esan du Carme Forcadell ANCko presidenteak Bruselan eskainitako prentsaurreko batean.

"Alderdi politikoek, gizarte zibilak ez bezala, ez dute asmatu batasunari eusten. Huts egin digute", adierazi du.

Azaroaren 9ko kontsultaren aldeko "Orain da ordua" izeneko kanpaina Europako Parlamentuan aurkeztera joan da Bruselara Forcadell, eta bertan egin ditu adierazpenak. Forcadellen esanetan, Kataluniako gizarte zibilak batuta egoten jarraituko du eta alderdiak ere halatsu egoteko lan egingo du, batasuna "ezinbestekoa" delako independentziaren aldeko prozesuari eusteko.

Katalunia Plazan iganderako deituta dagoen mobilizazioa bere horretan dagoela baieztatu du ANCko kideak, eta parte hartzeko deia egin die herritarrei.

"Katalunia independente bat lortzeko mobilizazioei eutsi behar diegu", esan du Forcadellek. Horren ildoan, "burua hotz eta hankak lurrean” eduki behar direla azpimarratu du, eta "oso une zailean gaude", erantsi du.

Muriel Casals Omnium Cultural erakundeko presidenteak, bestalde, baikor egoteko deia egin du: "Aurkaria oso boteretsua izanik ere, eta prozesua zaila eta luzea den arren, ezin dugu adorea galdu".

"Ilusioari eutsi behar diogu, hau ez da hemen amaitzen, ezta gutxiago ere", nabarmendu du Casalsek.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
Zuzenean
Duela  min.

Pradales lehendakariak "gizartea aktibatzeko" deia egin du, euskal selekzioak ofizial izan daitezen aurrera egiteko

Imanol Pradales lehendakaria 41 euskal kirol federaziotako presidenteekin bildu da gaur arratsaldean. Bileran, selekzio horien ofizialtasuna sustatzeko moduaz hitz egin dute, Euskadiren nazioarteko proiekzioa indartzeko. Besteak beste, Pradalesek ziurtatu du ofizialtasunaren partida ez dela "bulegoetan soilik jokatzen”, eta motibazioaren eta aktibazio sozialaren beharra aldarrikatu du.

Basque Segurtasun Foroa Bilbon
18:00 - 20:00
Zuzenean
Duela  min.

Delituen gorakadaz eta segurtasunaren pertzepzioaz aritu dira Bilbon, Basque Segurtasun Foroan

Segurtasun mota guztiei buruz aritu dira dinamika parte-hartzaile batean 50 eragile inguru, Bilboko alkatea eta Segurtasun sailburua buru izan dituen ekitaldian.  Gizartearen sentimenduak kontuan hartuz egin behar den lana dela azpimarratu du Juan Mari Aburtok. Bingen Zupiriaren ustez, berriz, alderdi politiko batzuek nahita lotzen dituzte segurtasun eza eta migrazioa. Eztabaidari heldu eta modu gardenean aurre egiteko beharra nabarmendu du.

Gehiago kargatu
Publizitatea
X