IPAR EUSKAL HERRIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Abian da udal hauteskundeen bigarren itzulia Ipar Euskal Herriko 11 herritan

Baionan eta Biarritzen aliantzak lortu dituzte aste honetan bigarren itzulirako txartela lortu duten zerrendetako batzuek. Kanbon, Donibane Lohizunen, Hendaian, Urruñan, Maulen, Bokalen, Beskoitzen eta Azkainen, ordea, ez dute adostasunik lortu, eta hautagaitza bakoitzak bere bidea egingo du.

Baionako lehen itzuliko boto-paperak. Argazkia: EITB

Bigarren astez jarraian, Ipar Euskal Herriko 11 herritan udal hauteskundeak dituzte gaur, igandearekin. 08:00etan ireki dituzte hauteslekuak, eta 18:00ak arte egongo dira irekita. 

Lehen itzulian botoen % 10eko langa igaro zuten zerrendak bigarren itzulian borrokatuko dira nor baino nor gehiago Lapurdiko 10 herritan (Baiona, Biarritz, Kanbo, Donibane Lohizune, Hendaia, Urruña, Bokale, Beskoitze, Azkaine eta Arbona) eta Zuberoako hiriburuan. Lehia estua iragarri dute batzuetan. Hauek dira nabarmendu beharrekoak: 

BAIONA

Azken 12 urteotan auzapeza, Jean-Rene Etchegaray zentrista, izan zen garaile lehen itzulian, botoen % 42 eskuratuta. Euskal Hirigune Elkargoaren presidente ere badenak bigarren itzulian erraz nagusituko zela zirudien, baina ezkerrak akordioa iragarri zuen asteartean. J.C. Iriart auzapezgai dela, Elgarrekin Baionarentzat izenpean aurkeztuko dira lehen itzulian ia emaitza bertsuak (botoen % 21 pasatxo) eskuratu zituzten ezkerreko bi zerrenda bozkatuenak: EH Bairen baitako Iriarten hautagaitza eta Etcheto sozialista jakobinoarena. Eskuin muturra izango dute lehiakide, Pascal Lessellier hautagaiak botoen % 10,7 lortu baitzituen lehen itzulian. 

BIARRITZ

Lapurdiko kostaldeko udalerrian, bat ez, bi aliantza itxi dituzte asteon. Batetik, ezkerreko zerrenden artekoa: lehen itzulian hirugarren geratu zen Ana Ezcurraren (Biarritz Berri) zerrenda eta bosgarren indar izan zen Guillaume Baruckena batu egin dira. Bestetik, martxoaren 15ean garaile izan zen Serge Blanco (Nire taldea Biarritz da!) errugbilari ohia laugarren izan zen Jean-Baptiste Dussaussois-Larralde zentristarekin batu da. Maider Arosteguy (Bizi Biarritz elkarrekin) orain arteko auzapezak, berriz, bere aldetik jarraituko du lehian.

KANBO

Aurreko bi herrietan ez bezala, Kanbon ez dute aliantzarik adostu, eta hiru hautagai izango dira norgehiagokan: lehen itzulian irabazle izan zen Peio Etxeleku (Kanbo Elkartu) jeltzalea, Christian Deveze orain arteko auzapez eskuindarra eta Argitxu Hiriart-Urruty abertzalea. Marieneko etxebizitza proiektuak aurrez aurre jarri ditu Etxeleku eta Deveze (auzapezaren zerrendan zegoen lehen jeltzalea), eta Hiriart-Urruty bera ere proiektuaren kontra dago. 

DONIBANE LOHIZUNE

Hemen ere, hiru zerrendaren arteko lehia izango da, baina orain arte auzapez izan den Jean-Francois Irigoyen eskuindarrak ditu nagusitzeko aukera gehien (botoen % 47,34 erdietsi zituen lehen itzulian), aurreikuspenen arabera. Dena dela, bigarren geratu zen Manuel de Lara zentrista eta hirugarrena izan zen Pascal Lafitte abertzalea aurre egiteko prest azaldu dira. 

HENDAIA

Hiru hautagairen arteko lehia izango dute Lapurdiko bosgarren herri populatuenean. Laugarren agintaldia lortzeko asmotan izango da Kotte Ecenarro orain arteko auzapez sozialista, baina aurrean izango ditu Laetitia Navarron buru duen zerrenda abertzalea (10 puntura geratu zen lehen itzulian) eta Tristan Proteau eskuineko hautagaia. Kinieletan, baina, Ecenarro da nagusi. 

URRUÑA

Lehia gogorra espero da martxoaren 15ean lehen bi postuetan sailkatu ziren bi zerrenden artean. Sebastien Etchebarne oposizioburua orain arte auzapeza izandako Filipe Aramendi abertzaleari gailendu zitzaion, puntu bakarreko aldearekin, eta borroka handiena bigarren postua eskuratzeko espero da. Martine Mignot eskuindarra izango dute aurkari. 

BOKALE

Lehen itzulian lehiatu ziren ezkerreko lau zerrendak igaro dira bigarrenera, emaitza paretsuak erdietsita. Dena dela, emozioz beteriko lehia espero da. Izan ere, auzapeza izan den Francis Gonzales hirugarren geratu zen, eta Mathieu Horn gailendu zen. Guy Boulanger (bigarren bozkatuena) eta Helene Etchenique (laugarrena) izango dituzte aurrez aurre.

BESKOITZE

Ezuste gutxiago espero dira Lapurdiko ipar-ekialdeko udalerrian. Lehen itzulian lehiatu ziren hiru zerrendek eskuratu zuten bigarrenerako txartela, baina Pascal Jocou egungo auzapezak ditu aukera gehien, ia bikoiztu baitzituen beste bi lehiakideek (Catherine Errecart eta Theo Salomon abertzalea) lortu zituzten emaitzak. 

AZKAINE

Sorpresarik ez da espero Azkainen, eta lehen itzuliko indar banaketa errepikatuko ei da. Hala, litekeena da Benedicte Luberriaga zentrista gailentzea, Elorri Manterola ezkertiar abertzaleari eta Jean-Louis Laducheri aurrea hartuta. 

ARBONA

Bi hautagairen arteko lehia izango da hemen, eta, itxuraz, estua. Guillaume Fourquet gailendu zen lehen itzulian, baina 30 boto eskasera geratu zen Beñat Arlaren zerrenda. Marie-Jose Mialocq orain arteko auzapezak ere bigarren itzulirako txartela lortu zuen, baina lehiatik erretiratzea erabaki du asteon. 

MAULE

Hiru zerrenda arituko dira nor baino nor gehiago Zuberoako hiriburuan. Louis Labadot egungo auzapez komunistarenak ditu nagusitzeko aukera gehien, eta Beñat Elkegaray abertzalea eta Armanda Accoce izango ditu aurkari. 

Bigarren itzuliko emaitzek Euskal Hirigune Elkargoko presidentetza nork hartuko duen argituko dute, ziurrena. Izan ere, Baionako zein Kanboko udal hauteskundeetan nagusi denak (Etchegaray, Iriart edo Etxeleku) aukerak izan ditzake hori ere eskuratzeko.

Frantziako Estatuan, Paris izango da arretagune nagusietako bat. Inkestek berdinketa aurreikusi dute Emmanuel Gregoire hautagai sozialistaren eta Rachida Dati ministro ohi kontserbadorearen artean.

Zure interesekoa izan daiteke

VITORIA, 02/07/2026.- La alcaldesa de Vitoria, la socialista Maider Etxebarria, este jueves durante el pleno de debate general de política municipal. El Ayuntamiento de Vitoria está ultimando la ordenanza que permitirá la habilitación de viviendas en locales situados a pie de calle, que tendrán precios topados y que deberán destinarse a domicilios habituales y permanentes con la prohibición de otros usos para evitar la especulación. EFE/ADRIAN RUIZ HIERRO
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Lonjetan etxebizitzak eraikitzeko ordenantza amaitzear du Gasteizko Udalak, prezio mugatuekin eta espekulazioa saihesteko neurriekin

Maider Etxebarria alkateak politika orokorreko osoko bilkuraren lehen eguna aprobetxatu du, besteak beste, Udal gobernuaren hiru urteen balantzea egiteko, besteak beste, etxebizitza arloan. Osoko bilkurak oposizioaren erreplikekin jarraituko du ostiralean, baina hiru alderdiek, EH Bilduk, PPk eta Podemosek, dagoeneko adierazi dute euren atsekabea eta "etsipena".

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Sanfermines 78 eta Martxoak 3 kolektiboek 1976 eta 1978ko gertakarien erantzukizuna har dezala eskatu diote Espainiako Estatuari

Sanfermines 78 eta Martxoak 3 kolektiboek “Estatua erantzulea” ekimena bultzatu dute. Horren bidez, Espainiako Gobernuari eskatu nahi diote “Espainiako Estatuak martxoaren 3an Gasteizen eta 1978ko sanferminetan gertatutako krimenen erantzukizun nagusi eta zuzena berariaz aitor dezala”. Uztailaren 8an, gainera, German Rodriguez oroituko dute Iruñean, garai hartako festetan poliziek “eraso bortitz” batean hil zutelako.

BILBAO, 02/07/2026.- Euskalgintzaren Kontseilua ha convocado una concentración este jueves en Bilbao, así como en el resto d las capitales vascas, en defensa del euskera en las capitales vascas, tras la polémica por los numerosos ceros en la asignatura de la lengua vasca en la prueba de acceso a la universidad de la EHU. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

"Euskararen gutxiespen sistematikoa" salatu du Kontseiluak EHUko campusetan, epailearen azken erabakiaren ostean

"Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat" lelopean, Kontseiluak elkarretaratze bana egin du Euskal Herriko Unibertsitatearen hiru campusetan, USaPeko azterketei buruzko azken erabaki judiziala salatzeko. Ehunka herritarrez gain, deialdiarekin bat egin duten sindikatu nagusietako eta beste hainbat eragiletako ordezkariek ere parte hartu dute elkarretaratzeetan. Kontseiluaren idazkari nagusi Idurre Eskisabelek “euskararen gutxiespen sistematikoa” salatu du, “euskara bigarren mailako eta gaztelaniaren menpeko hizkuntza gisa betikotzeko asmoz”.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X