Zer da Plus Ultra auzia eta zer lotura du, ustez, Zapaterorekin?
Ustezko ustelkeria auzia 2021ean Plus Ultra konpainiari emandako 53 milioi euroko erreskate publikoarekin lotuta dago. Auzitegi Nazionala ikertzen ari da ea Zapaterok bitartekari lana egin ote zuen erreskatea lortzeko, ordain ekonomikoen truke.
Espainiako Poliziako agenteak, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiaren bulegoa miatzen. Argazkia: EFE
Demokrazia ezarri zenetik lehen aldiz, Espainiako Gobernuko presidente ohi bat ustelkeria auzi batean inputatu dute: Jose Luis Rodriguez Zapatero. Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Calama epaileak ikerketapean jarri du, ustezko delitu hauek egotzita: erakunde kriminaleko kide izatea, eragin-trafikoa eta dokumentuak faltsutzea. Arrazoia? Plus Ultra auziarekin, ustez, duen lotura.
Erreskatea
Bolo-bolo dabilen auzi honek 2021ean Plus Ultra Lineas Aereas aire konpainiari emandako 53 milioi euroko erreskate publikoarekin du zerikusia. Laguntza hori SEPI Espainiako holding publikoak eman zuen, pandemiaren garaian enpresa estrategikoentzako laguntzak kudeatzeko sortutako funtsaren bidez.
Ikerketaren arabera, baliteke diru hori Venezuelako ustelkeriatik zetorren kapitala zuritzeko erabili izana. Halaber, aztertzen ari dira ea Zapaterok bere eragina baliatu ote zuen erreskatea errazteko, ordain ekonomikoak edo bestelako mesedeak lortzeko asmoz.
Erreskateak hasieratik piztu zituen zalantzak, konpainiak presentzia txikia baitzuen Espainiako merkatuan eta covid-19aren aurretik ere arazo ekonomikoak baitzituen. Julio Martinez Sola enpresaburuak sortu zuen Plus Ultra 2011n, eta laguntza jaso zuenean alokatutako lau hegazkin baino ez zituen.
PPk eta Voxek gogor kritikatu zuten erreskatea; Espainiako Gobernuak, berriz, defendatu egin zuen, argudiatuta konpainia garrantzitsua zela Espainiaren eta Latinoamerikaren arteko loturak mantentzeko, batez ere Barajasko aireportutik.
Ikerketa
Madrilgo epaitegi batek ikertu zuen hasieran auzia, eta 2023an ondorioztatu zuen ez zela frogatu diru publikoa modu irregularrean edo iruzurrez erabili zela. Geroago, ordea, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren eta Delinkuentzia Ekonomikoaren eta Fiskalaren Unitatearen (UDEF) ikerketek auzia berriz irekitzea ekarri zuten.
Ikertzaileak nazioarteko loturak aztertzen hasi ziren, dirua zuritzearekin eta erreskatearen zati baten erabilera okerrarekin lotuta zegoelakoan. Horren ondorioz, Auzitegi Nazionalak bere gain hartu zuen auzia, Espainiatik kanpoko adarrak zituen sare baten zantzuak zeudela iritzita.
Auzitegi Nazionalak eragin-trafikoa, erakunde kriminala eta dokumentuak faltsutzea ikertzen ditu, aire konpainiari lotutako aholkularitza eta ordainketekin lotuta.
Zapateroren rola
Zapaterok ukatu egin du Plus Ultraren erreskatean bitartekari lana egin izana, eta azken hilabetetan adierazi du ez duela aire konpainiaren jabea ezagutzen. "Ez dut harremanik izan Julio Martinez Solarekin, Plus Ultraren presidentearekin; ezta bilerarik egin ere", esan zuen Senatuan.
Jose Luis Abalos Garraio ministro ohiak, ordea, adierazi izan du Zapatero harekin eta haren aholkulari Koldo Garciarekin bildu zela erreskatea bizkortzeko. Zapaterok ukatu egin du hori ere.
Hala ere, presidente ohi sozialistak harreman profesional eta pertsonala zuen Julio Martinez Martinezekin, ikerketaren barruan atxilotu zuten enpresariarekin. Martinez Martinezek —izen eta lehen abizen bera du Plus Ultraren presidentearekin— kontratu bat sinatu omen zuen Plus Ultrarekin, aire konpainia erreskatatzearen truke % 1eko komisioa jasotzeko.
Kontratua Martinez Martinez enpresariaren Analisis Relevante aholkularitza enpresaren bidez sinatu omen zen. Geopolitikako txostenak egiten ei zituen enpresak, baina oposizioaren arabera "langilerik eta jarduerarik gabeko tresna-sozietate bat" zen, eta bezero bakarra eduki zuen: Plus Ultra.
Iturri horien arabera, 53 milioiko erreskatea eman ondoren, Zapaterok 660.000 euro jaso omen zituen enpresa horretatik: 500.000 euro berak; eta gainerakoa, haren alabek (epailearen autoa, asteartean zabaldutakoa, hala ere, harago doa). Presidente ohiak, berriz, beti defendatu du urtean 70.000 euro gordin inguru kobratu zituela Analisis Relevanterako egindako lanagatik.
Ikerketaren beste gakoetako bat txostenen edukia da, balio geopolitiko urriko dokumentuak direla uste baitute ikertzaileek. Zapaterok, ordea, azaldu du bere ekarpen asko ahozkoak izan zirela: "Aholkulari askok ez dute inoiz txostenik egiten; haien lana zabalagoa da: ikuspegiak ematea, mintegiak egitea...".
Halaber, presidente ohiak Senatuan azaldu zuen haren alaben Whathefav marketin enpresak diruaren parte bat jasotzea adostuta zegoela: "Aholkulari izatea onartu nuenean, proposatu nuen nire alaben enpresak marketin lanak egitea". Enpresa horrek 198.000 euro jaso omen zituen Julio Martinez Martinezen eskutik.
Calamaren erabakiak
Calama epaileak Zapateroren bulegoa miatzeko agindua eman zuen asteartean, Madrilgo Ferraz kalean —PSOEren egoitzatik gertu—, baita beste hiru merkataritza sozietate ere; horietako bat presidente ohiaren alaben marketin enpresa da.
53 milioi euro horiek modu irregularrean erabili ote ziren ikertzen ari den epaileak ekainaren 2rako deitu du Zapatero inputatu gisa deklaratzera.
Iazko abenduan, ikerketa beraren barruan, Plus Ultraren presidente Julio Martinez, Roberto Roselli CEOa eta Julio Martinez Martinez enpresaria atxilotu zituzten Madrilgo Instrukzioko 15. Epaitegiaren aginduz. Gero, auzia Auzitegi Nazionalaren esku geratu zen.
Orain, Auzitegi Nazionaleko epaileak uste du Espainiako Gobernuko presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapatero “eragin-trafikorako egitura egonkor eta hierarkizatu” baten ustezko buru dela; haren helburua, epailearen arabera, “etekin ekonomikoak lortzea da, erakunde publikoetan hirugarrenen alde —batez ere Plus Ultra konpainiaren alde— bere eragina baliatuz”.
Epailearen autoa hasierako ikerketak iradokitakoa baino harago doa. Magistratuaren arabera, sare horrek tresna-sozietateak, dokumentazio simulatua eta finantza-bide opakuak erabili zituen “legez kanpo eraginak baliatzeko, funtsen jatorria eta helmuga ezkutatzeko eta hirugarrenen zein sarearen beraren aldeko etekin ekonomikoak lortzeko”.
Hala, jaso du presidente ohiak Dubain sozietate bat eratzeko aginduak eman zituela, haren idazkariaren parte-hartzearekin. Negozio planaren arabera, bost urtean hiru milioi dolarreko diru sarrerak aurreikusten ziren, eta sozietatea osorik Idella Consulenza Strategica Espainiako merkataritza-sozietatearen esku egongo zen; Julio Martinez Martinezek administratzen zuen hura.
Sarearen giltzarrietako bat Martinez Martinezek Plus Ultrarekin sinatutako kontratua zen: erreskatearen % 1 kobratzeko hitzarmena —530.000 euro—.
Halaber, autoak jasotzen duenez, guztira 1.525.078 euro jaso omen zituen Zapaterok, Analisis Relevante enpresak eta ikertzen ari diren gainerako sozietateek bidalitako dirua batuta. Horrez gain, jaso du sozietate horiek berberek 423.779 euro ordaindu zizkiotela Whathefav enpresari; horrenbestez, Calamak 1.948.857 eurotan zenbatetsi ditu presidente ohiaren “inguruneak” jasotako funtsak.
Sarea
Era berean, Calamak autoan dioenez, bi eragin lerro bereizi antolatu ziren: bata garraio ministro zen Jose Luis Abalosen bidez, eta bestea, Zapateroren bidez. Azken horrek “eginkizun nagusia” hartu omen zuen.
Epailearen autoaren arabera, sarearen eragin gaitasuna Espainiatik harago ere iritsi zen; izan ere, Venezuelako Aeronautika Zibileko Institutu Nazionalean (INAC) ere eragitea lortu omen zuen, Plus Ultraren hegaldietarako baimenak ziurtatzeko.
Bestalde, epaileak zantzuz egiaztatutzat jo du nazioarteko sozietate eta finantza egitura bat zegoela, ustez jatorri ilegaleko funtsak bideratzeko, aktiboen benetako titularra nor zen ezkutatzeko eta kapitalak Estatutik kanpora eramateko diseinatua.
PSOEren erantzuna
PSOEk Zapateroren "errugabetasun presuntzioa" defendatu du, eta auzia "eskuinaren eta ultraeskuinaren muntaiatzat" jo du. Sozialisten arabera, sektore horiek ez diote barkatu Zapaterori gobernuan egon zen garaian bultzatutako aurrerapen sozialak.
"Egin dezakeenak egin dezala", adierazi dute sozialistek ohar batean, Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiaren hitzak gogora ekarrita.
Espainiako Gobernuak eta Pedro Sanchez presidenteak berak ere erabat babestu dute Zapatero. "Justiziarekin lankidetza osoa, erabatekoa. Errugabetasun presuntzioarekiko errespetu osoa. Eta nire babes osoa Zapatero presidenteari", adierazi zuen Sanchezek Senatuan.
Zure interesekoa izan daiteke
Espainiako Gobernuak asilo legea eta atzerritarrei buruzko legearen erreforma onartu ditu, Ceutako migrazio-krisiaren ostean
Testuek "ikuspegi bermatzailea" dute eta migratzaileen giza eskubideak errespetatzen dituzte. Halaber, Espainiako esparru juridikoa Migrazioaren eta Asiloaren Europako Itunera egokitu dute.
Roblesek esan du CNIk bere lana egin zuela Ceutan, eta Marlaskak berretsi du ez zela "txostenik" egon
Defentsa eta Barne ministroek bertsio kontrajarriak eman dituzte uztailaren 30ean migratzaileak hiri autonomora sartu ziren egunaren bezperan gertatutakoari buruz.
Ceutako krisia bideratzeko Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren ezohiko bilera eta aginte bakarra deitu du Sanchezek gaurko
Margarita Robles Defentsa ministroak agerraldia egingo du gaur Kongresuko Defentsa Batzordean, Ceutako krisiaren berri emateko. Datozen egunotan Behe Ganberako hainbat batzordetan hitz egingo duten zortzi ministroetatik lehena izango da.
Udal eta foru hauteskundeetarako eta Nafarroako Parlamenturako prozesua prestatzen ari da EH Bildu
Bere oinarriei dei egin die "parte har dezaten eta ezkerreko soberanismoaren eskaintza politiko eta elektorala osatzeko lanaren parte izan daitezen, erronkaren tamainako anbizioarekin".
Saizek Feijooren aurka egin du Ceutan konfinamendua eskatzeagatik: "Xenofobia da kutsakorra"
Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroaren arabera, Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteak Ceuta konfinatzeko eskatu izana "arduragabekeria larria" da, ez baitago kutsatzeko arriskurik, eta buruzagi popularraren "ezjakintasuna" kritikatu du.
EAJk Frantziarekin hitz egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Irungo trafikoaren "itogunea" konpontzeko
Halaber, Cristina Laborda Irungo alkatearen "demagogia" kritikatu du, eta adierazi du arazoa ez dela "errepide gutxi" dagoela, baizik eta Frantziak muga "itogune" bihurtu duela herria.
Pradalesek humanismoaren alde egin du ziurgabetasunaren aurrean, Euskadiren "euskarri sendoena" delakoan
Lehendakariak Jose Maria Arizmendiarrieta, euskal kooperatiben mugimenduaren sortzailea, eta Jose Antonio Agirre lehendakaria aipatu ditu humanismoaren erreferente gisa, eta kontzeptu hori eguneratzea beharrezkotzat jo du.
Eusko Jaurlaritzak ostegunean hasiko du urte politiko berria
Besteak beste, etxebizitzaren prezioak, Osakidetzako itxaron-zerrendek, transferentziek eta erreforma fiskalak markatuko dute agertoki politikoa udazkenean.
Valcalderan fusilatutakoak omendu dituzte Iruñean eta Cadreitan, 90 urte betetzen direnean
1936an, agintari militarrek 52 preso errepublikano atera zituzten Iruñeko kartzelatik, askatuko zituztelako aitzakian, baina hil egin zituzten. Bederatzi hamarkada geroago, ez dakite non dauden haien gorpuzkiak.
Ceutan konfinamendua ezartzeko eskatu dio Feijook Sanchezi "osasun arriskuagatik"
Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak Ceutan konfinamendua ezartzeko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, uztailaren amaieran migratzaileak masiboki sartu ostean atzeman diren gaixotasun infekzioso eta kutsakorrak direla eta. Horren hitzetan, sarna eta tuberkulosi kasuak daude eta "osasun-arriskua" dago.