Voxek eskatutako zentsura mozioari ez ikusiarena egin dio PPk, eta fokua Sanchezen inbestidurako alderdiengan jarri du
Auzitegi Nazionalak inputatu gisa deklaratzera deitu du datorren ekainaren 2an, Plus Ultra hegazkin konpainiaren erreskatearen auzian. Albisteak erreakzio soka luzea ekarri du panorama politikoan.
Jose Luis Rodriguez Zapatero, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Demokrazia ezarri zenetik lehen aldiz, Espainiako Gobernuko presidente ohi bat inputatu dute ustelkeria auzi batean: Jose Luis Rodriguez Zapatero. Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Calama epaileak ikerketapean jarri du, ustezko delitu hauek egotzita: erakunde kriminaleko kide izatea, eragin-trafikoa eta dokumentuak faltsutzea. Plus Ultra auzia delakoan kokatzen da inputazioa.
Albisteak erreakzio soka luzea eragin du. Eskuineko alderdiak izan dira iritzia ematen aurrenak. Voxek zentsura mozioa jarri du mahai gainean, eta PPri eskatu dio pausoa eman dezala. Popularrek, berriz, hauteskundeak aurreratzea eskatu dute, eta ultraeskuineko alderdiak egindako eskariaren aurrean ez-entzunarena egin eta Pedro Sanchez presidentearen inbestidura babestu zuten alderdiengan jarri du fokua: "Ez daki zenbait gehiago jasateko prest dauden".
Alderdi aurrerakoiek, oraingoz, babesa agertu diote Sanchezen Gobernuari.
Honako hauek dira alderdi eta erakunde nagusien erreakzioak:
PP, hauteskunde eske
PPk "oso larritzat" jo du Zapatero inputatu izana, eta Espainiako gobernuburuak premiaz agerraldia egitea eta hauteskundeak lehenbailehen deitzea eskatu du.
"Zapatero ustelkeriagatik eta kapitalak zuritzeagatik inputatu dute. Oso larria da. Espainiako Gobernuko presidente ohia ez ezik, Sanchezen kontseilari nagusia ere bada. Gobernuak azalpenak eman behar ditu berehala", idatzi du PPren idazkari nagusiak X sare sozialean.
Alderdi Popularrak ohar bidez gaineratu duenez, Sanchezen eta Zapateroren "lotsagabekeriak" Alderdi Sozialista "galbidera" eraman dute.
Popularrek adierazi dutenez, "ustelkeriak, gaur daudenak ez ezik, lehen zeudenak ere zipriztindu ditu". Hori dela eta, PSOE "disoluziora" daramaten bien aurrean "erreskatatu" egin behar dela nabarmendu dute. Halaber, Zapatero inputatu izanak Sanchezen premiazko agerraldia merezi duela nabarmendu dute.
Voxek zentsura mozioa nahi du
Voxen ustez, PSOE "kolapsatu" egin da eta hauteskunde orokorrak aurreratzea eskatu du berriro. "Alderdi Sozialista kolapsatu egin da, eta bere kolapsoak nazioa kolapsatu du", deitoratu du Ignacio Garriga Voxen idazkari nagusiak Telecincon egin dioten elkarrizketa batean. "Gaur ez da egun ona espainiarrentzat, Espainiako Gobernuko presidente ohi bat inputatu baitute lehen aldiz", gaineratu du.
Santiago Abascal ultraeskiunaren liderrak PPri eskatu dio aurkez dezala Pedro Sanchezen kontrako zentsura mozioa, "agerian uzteko" Espainiako Gobernua Exekutiboko buruzagiak lideratutako "mafia" bat dela.
Sumar: Inputazioak ez dio koalizioari eragiten
Veronica Martinez Barbero Sumarrek Kongresuan duen bozeramaileak Zapateroren inputazioa eta koalizio gobernua bereizi ditu.
Alderdiaren iturriek jakitera eman dutenez, errugabetasun presuntzioa errespetatu egin behar da, eta lawfare (politikaren judizializazioa) kasu bat izan daitekeela iradoki dute. Are gehiago, Zapaterok "epaiketa mediatikoa" jasan behar izatea "bidegabea" dela iritzi diote.
PSOEk, lasaitasun mezua
Agiri batean, PSOEk azaldu du eskuinak eta ultraeskuinak ez dizkiotela Zapaterori "inoiz barkatu" bere agintaldian "lortutako aurrerapenak". "Jose Luis Rodriguez Zapatero agintean egon zen bi legealdien ezaugarri nagusia izan zen eskubideetan, berdintasunean eta gizarte babeserako neurrietan oinarritutako programa. Onartutako neurri asko aitzindariak izan ziren Europan eta gaur egun gure herrialdearen kontsentsu sozialaren parte dira".
Lasaitasunerako mezua igorri dute sozialistek, eta "justiziaren" eta "errugabetasun presuntzioaren" aurrean errespetua eskatu dute.
Podemosek dio Gobernuak "zailago" duela gobernatzea
Ione Belarra Podemosko buruzagiaren ustez, "eskuina Zapaterorekin tematuta dago, hori agerikoa da, baina Gobernuarentzat ere gero eta zailagoa da egoera". Kongresuan astearte honetan emandako prentsaurreko batean, Belarrak adierazi duenez, "ustelkeriari eta gerra zikin judizialari aurre egiten ez dion gobernuak, etxebizitzaren prezioak murrizteko bideratu beharko litzatekeen dirua Donald Trumpen aginduz armak eta tankeak erosteko erabiltzen duenak, gero eta zailagoa du gobernatzea".
ERCren iritzian, PSOE epaileen jopuntuan dago
Errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatu du Juntsek
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiaren errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eta gertatutakoa argitzeko eskatu du Salvador Verges Juntsek Kataluniako Parlamentuan duen bozeramaileak.
"Gertakariak argitu daitezela eta errugabetasun-presuntzioa errespeta dadila. Hala ere, alderdiren batek errugabetasun presuntzioaren falta jasan badu, gu izan gara, Junts", deitoratu du Kataluniako Ganberan emandako prentsaurrekoan.
EAJk zuhurtzia eskatu du
Maribel Vaquero EAJk Kongresuan duen bozeramaileak zuhurtzia eskatu du kasu honi buruzko balorazioak egin aurretik, akusazioak "larriak direlako" eta "zarata handia" dagoelako. Vaquerok adierazi duenez, bere alderdia ikerketek zer ematen duten zain dago, eta gogorarazi du instrukzio prozesua hasierako fasean baino ez dagoela.
EH Bildu ez litzateke harrituko lawfare kasu bat izango balitz, baina zuhur agertu da
EH Bilduren ustez, "ez litzateke harritzekoa" Jose Luis Rodriguez Zapatero lawfarearen biktima izatea. Hala adierazi du Mertxe Aizpuruak, koalizioak Kongresuan duen bozeramaileak, baina zehaztu du oraindik ez dagoela "informazio nahikorik".
Nolanahi ere, azpimarratu du Zapateroren inputazioak ez duela eraginik Espainiako Gobernuarekin duen harremanean, "ikusteko baitago oraindik zer dagoen zehazki horren guztiaren atzean. Gure babesa ez da aldatu, batzuetan erabatekoa izaten da, eta beste batzuetan, ez", azpimarratu du buruzagi abertzaleak, eta "zuhurtzia" eskatu du, "balorazio asko goizegi" egiten direlako "oinarririk izan gabe".
Eusko Jaurlaritzak errespetuz eta zuhurtziaz hartu du Zapateroren inputazioa
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azldu duenez, Jaurlaritzak "zuhurtziaz" eta "Justiziaren jarduna eta errugabetasun presuntzioa" errespetatzeko beharraz jabetuta hartu du Jose Lus Rodriguez Zapatero presidente ohiaren inputazioa.
Ubarretxenak kazetarien galderei erantzunez egin ditu adierazpenok, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.
"Justiziak justizia egitea" espero du Espainiako Gobernuak
Elma Saiz Espainiako Gobernuaren bozeramaileak Zapateroren ondarea defendatu du eta "Justiziak justizia egitea" espero duela nabarmendu du. Halaber, Zapateroren errugabetasun presuntzioa errespetatzea eskatu du.
Ministroen Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, Gobernuak "lasaitasunetik, konfiantzatik, zuhurtziatik eta Justiziarekiko errespetutik" jaso du albistea. Era berean, gogorarazi du Plus Ultraren aurkako ikerketa Manos Limpias eskuin muturreko sindikatuak jarritako salaketa batetik abiatu zela.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak ostegunean hasiko du urte politiko berria
Besteak beste, etxebizitzaren prezioak, Osakidetzako itxaron-zerrendek, transferentziek eta erreforma fiskalak markatuko dute agertoki politikoa udazkenean.
Patxi Lopez CNIren Ceutako jardueraren inguruko bertsioei buruz: "Posible da bi gauzak egia izatea aldi berean"
Patxi Lopez PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak asteazken honetan adierazi duenez, Defentsa eta Barne ministroek emandako bi bertsioak "egia izan daitezke aldi berean"; izan ere, berretsi du egon zitekeela sareetan zegoen mugimenduei buruzko abisua, jendeak itsasoz pasatzeko zuen asmoei buruz, baina, bere hitzetan, "agian ez zen kalibratu edo ez zegoen izango zuen ezohiko dimentsioari buruzko informaziorik".
Protesta artean onartu dute Zizur Nagusian 2.081 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duen plana
Bien bitartean, hainbat herritarrek eta herri plataformak elkarretaratzea egin dute Udaletxe parean planak kultur ekintzetarako erabiltzen diren zenbait eraikin galtzea ekarriko duela salatzeko. Geroa Baik, UPNk eta PPk azken asteetan presioak eta irainak jasan dituztela azaldu dute.
Sanchezek agerraldia egingo du irailaren 3ko Kongresuko Osoko Bilkuran, Ceutako krisia dela eta
Sanchezek asteazken goizean eskatu du Kongresuan agertzea. Irailaren 9a proposatu du, ohiko bilkura-aldiko lehen Osoko Bilkurako data, baina 3an hitz egingo du azkenean. PPk eskatuta, Kongresuko Diputazio Iraunkorrak asteazken honetan Sanchezi premiazko agerraldia egin ala ez erabakitzeko eztabaidarako ordu gutxiren faltan ezarri da data.
Espainiako Gobernuak asilo legea eta atzerritarrei buruzko legearen erreforma onartu ditu, Ceutako migrazio-krisiaren ostean
Testuek "ikuspegi bermatzailea" dute eta migratzaileen giza eskubideak errespetatzen dituzte. Halaber, Espainiako esparru juridikoa Migrazioaren eta Asiloaren Europako Itunera egokitu dute.
Roblesek esan du CNIk bere lana egin zuela Ceutan, eta Marlaskak berretsi du ez zela "txostenik" egon
Defentsa eta Barne ministroek bertsio kontrajarriak eman dituzte uztailaren 30ean migratzaileak hiri autonomora sartu ziren egunaren bezperan gertatutakoari buruz.
Ceutako krisia bideratzeko Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren ezohiko bilera eta aginte bakarra deitu du Sanchezek gaurko
Margarita Robles Defentsa ministroak agerraldia egingo du gaur Kongresuko Defentsa Batzordean, Ceutako krisiaren berri emateko. Datozen egunotan Behe Ganberako hainbat batzordetan hitz egingo duten zortzi ministroetatik lehena izango da.
Udal eta foru hauteskundeetarako eta Nafarroako Parlamenturako prozesua prestatzen ari da EH Bildu
Bere oinarriei dei egin die "parte har dezaten eta ezkerreko soberanismoaren eskaintza politiko eta elektorala osatzeko lanaren parte izan daitezen, erronkaren tamainako anbizioarekin".
Saizek Feijooren aurka egin du Ceutan konfinamendua eskatzeagatik: "Xenofobia da kutsakorra"
Elma Saiz Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroaren arabera, Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteak Ceuta konfinatzeko eskatu izana "arduragabekeria larria" da, ez baitago kutsatzeko arriskurik, eta buruzagi popularraren "ezjakintasuna" kritikatu du.
EAJk Frantziarekin hitz egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Irungo trafikoaren "itogunea" konpontzeko
Halaber, Cristina Laborda Irungo alkatearen "demagogia" kritikatu du, eta adierazi du arazoa ez dela "errepide gutxi" dagoela, baizik eta Frantziak muga "itogune" bihurtu duela herria.