Andaluziako hauteskundeen gakoak: PSOEren hondoratzea, PPren garaipen gazi-gozoa eta Voxen “lehentasun nazionala”
PSOEk laugarren kolpea jarraian jaso du hauteskunde autonomikoetan, eta inoizko emaitzarik txarrena lortu du. PPk nagusi dela berretsi du, baina Vox beharko du berriro.
Juanma Moreno, hauteskundeen osteko gauean. Argazkia: EFE
Estatu mailako hauteskunde ziklo berri baten atarian, Andaluziako hauteskundeek ondorio politiko esanguratsuak utzi dituzte. PSOE zein Pedro Sanchezen Gobernua oso higatuta atera dira azken hilabeteetan izandako bozen ziklotik (Extremadura, Aragoi, Gaztela eta Leon eta Andaluzian), baina emaitzek ez dute, oraingoz behintzat, legegintzaldiaren amaiera ekarriko.
PPk, berriz, duela hamarkada bat pentsaezina zen nagusitasuna finkatu du Andaluzian, baina Juan Manuel Moreno Bonillak ez du gehiengo osorik lortu. Voxen sostengua beharko du gobernatzeko, eta ultraeskuindarrek “lehentasun nazionalaren” ildoan sakontzea eskatuko dute, aurrekariek erakutsi bezala.
PSOEren ezkerrean, berriz, Adelante Andalucia izan da irabazle argia. Andaluzismo politikoak jauzi nabarmena egin du, eta Aragoiko Chuntarekin antzemandako joera berretsi du. Sumarrek eta Podemosek ordezkatzen duten espazio zatituan antzematen den zarataren aurrean, hautesleak tokian tokiko ezkerra ari dira saritzen.
Laugarren porrota erreskadan Pedro Sanchezentzat eta PSOEren hondoratzea
PSOEk inoizko emaitzarik okerrena lortu du Andaluziako Parlamenturako hauteskundeetan. Beren gotorleku historikoa guztiz eraitsi da. 2008ra arte 60 eserlekutik gora lortzen zituzten sozialistek, eta duela 10 urtera arte, 50 inguru. Oraingoan, ordea, 28 eserlekutan geratu dira sozialistak. Probintzia eta hiriburu guztietan galdu dute, kolpe latza.
Azken bost hilabeteetan autonomia erkidegoetan izandako laugarren porrota da sozialistentzat. PPk hauteskunde ziklo hau baliatu nahi zuen sozialistak higatzeko, PSOEren gainbeheraren eta lurraldeetako babes galeraren irudia sendotzeko. Bete-betean lortu dute, nahiz eta legegintzaldia amaitutzat eman ez. Eta sozialistek ez dute lortu bloke kontserbadorearen gorakada geldiaraztea.
PPk nagusi eutsi dio, baina gehiengoa galdu du
PPk Andaluzian lortutako garaipena ukaezina da. Juanma Moreno Bonillak inoizko emaitzarik onena lortu du botoetan: 1.735.819 boto (azken zenbaketaren faltan), 2022an baino 140.000 gehiago. Andaluziako popularren buruak milioi bat boto gehiago lortu ditu, 2018ko hauteskundeen ostean boterea eskuratu zuenean baino. Hala ere, Voxen gorakadaren eta Adelante Andaluciaren emaitza bikainen ondorioz, 5 eserleku galdu ditu.
Orain, kanpainan zehar "moderazioa" eta "lasaitasuna" eskatu dituen Juanma Morenok Voxen babesa beharko du, eta horrek ekarriko duen higadura arazo bat da Alberto Nuñez Feijoorentzat, datorren urtean Moncloara iristeko asmoan.
Voxek giltza izango du, nahiz eta ez hazi
Andaluzian, Extremaduran, Aragoin eta Gaztela eta Leonen bizitako historia errepikatu egin da: PPk Voxen babesa behar du. Santiago Abascalen alderdiak ozta-ozta handitu ditu bere babesak (15 eserleku; bat gehiago, eta 80.000 boto gehiago), baina gobernagarritasunerako giltza du.
Hauteskunde egunaren ostean, Voxen jarraitzaileek eta buruzagiek "lehentasun nazionala" oihukatu zuten. Gavirak ziurtatu zuen ez zutela "besaulkirik" eskatuko, "lehentasun nazionala errealitate izatea" baizik.
Ezker subiranistak gora egin du
Igandeko hauteskundeetako ezusteko nagusia Adelante Andalucia izan da. Bere burua “andaluzista, feminista, ekosozialista, antineoliberala eta konpromiso demokratiko sakonekoa” dela dioen indarrak bere ordezkaritza laukoiztu du: bi eserlekutik zortzira pasa da.
Emaitzen berri izan ostean, Jose Ignacio Garcia hautagaiak “subiranismoaz” ere hitz egin zuen: “Ezker subiranista batek faxistak gainditu ditu bi probintziatan, eta guztietan gaindituko ditu”.
PSOEren ezkerreko alderdien arteko indar-korrelazioari begiratuta, deigarria da Andaluzian ere lurralde mailako indar batek nagusitasuna hartzea, Sumarri lotutako formula plurinazionalen gainetik.
“Andaluzismoa geratzeko heldu da, Andaluzia behetik gora eraldatzeko, eta gaur egun ezkerreko indar nagusia da Andaluzian”, nabarmendu zuen Garciak.
Eta, orain, zer?
Ez dirudi Andaluziako hauteskundeek datozen hilabeteetako Estatuko politikaren norabidea erabat aldatuko dutenik, baina alderdi nagusien mugimenduak zeharo baldintzatuko dituzte.
PSOE berriz ere oso kaltetuta atera da autonomia hauteskunde batzuetatik, eta ikusteko dago emaitza hauek alderdi barruan mugimendurik eragingo duten.
PP, emaitza onak lortu arren, Voxen menpe izango da beste behin, eta horrek kolokan jar dezake Moreno Bonillak kanpainan defendatutako “moderazioaren” estrategia.
Sozialisten higadura agerikoa da, eta ez dago argi noraino helduko den beherakada. Popularrek, aldiz, ziklo aldaketaren kontakizuna ezartzea lortu dute, baina Voxekin izan beharreko negoziazioek higadura ekar diezaiokete.
Autonomia hauteskundeen zikloa itxita, Estatuko politikak beste fase bati ekingo dio, eta alderdiak dagoeneko datorren urteko udal, autonomia eta Espainiako hauteskunde orokorretan dituzte begiak jarrita.
Zure interesekoa izan daiteke
Bolañosek ziurtatu du ez dagoela zantzurik Marokok Ceutan pertsonen sarrera masiboa bultzatu zuela esateko
Felix Bolaños Espainiako Presidentzia ministroak ostegun honetan Diputatuen Kongresuan egin duen agerraldian adierazi du Espainiako Gobernuak ez zekiela uztailaren 30ean eta 31n Ceutara sartuko ziren berri.
Urtebete eta 3 hilabeteko espetxe zigorra, Twiterren ETA goratzeagatik
Epaiketan auzipetuak onartu du Twitter erabili zuela ETA goratzeko. Besteak beste, Carrero Blancoren hilketagatik 'iseka egin' zuela aitortu du; 'lehen astronauta espainiarra' zela txiokatu zuen.
Pradales, Ceutako krisi humanitarioaz: "Hain zaila al da Gobernuko presidenteak eta Feijook telefonoa altxatzea gutxieneko batzuk adosteko?"
Lehendakariaren arabera Ceutako krisiaren aurrean bide bakarra egon beharko litzateke: modu eraginkor eta gizatiarrean erantzutea. Hau da, “garden, bat eginda, lankidetzan eta azkar jardutea”.
Ceutara 25 milioi euro bideratzea onartu dute Espainiako Gobernuak eta erkidegoek, Voxen babesik gabe
Neurria bileran egon diren autonomia erkidegoen boto guztiekin (aho batez) atera da aurrera. Gaztela eta Leon, Aragoi eta Extremadura —Haurtzaro konpetentziak Voxek dituen erkidegoak— ez dira bileran izan.
Lehendakariak alderdiak eta eragile sozioekonomikoak biltzera deituko ditu irailean, ekonomiaz, autogobernuaz eta etxebizitzaz aritzeko
Bilera-sortaren helburua, 2024an egindakoaren antzera, legegintzaldiaren bigarren zatiari "elkarrizketatik ezberdinen arteko akordioak bilatzeari" ekitea da. Bestalde, Ceutako krisi humanitario eta politikoan izandako lankidetza falta deitoratu du lehendakariak.
Denis Itxaso: "Irtenbide bakarra ez da etxebizitzak eraikitzea, egungo parke publikoa handitzea baizik"
Eusko Jaurlaritzak iragarri du etxebizitza-politikak indartzeko aurrekontuari 51 milioi euro gehituko dizkiola. Inbertsioaren zati handi bat Kutxabankekin elkarlanean etxebizitzak erostera bideratuko da, EAEn parke publikoaren eskaintza handitzeko. Era berean, zuzkidura-bizitokien alde egitearen eta lurzoru gehiago eskuratzeko beharra nabarmendu ditu sailburuak.
Espainiako Gobernuaren eta erkidegoen arteko Haurtzaroaren Konferentzia Sektorialak Ceutako adingabeak izango ditu ardatz, eta Voxeko arduradunak ez dira joango
Ceutan sartu ziren adingabeak artatzeko 25 milioi euro transferitu ala ez bozkatuko dute konferentzian. Rego ministroak kritikatu du 25 milioiko kreditu horren aurka eginda Haurtzaroko karterak Voxek daramazkien PPko presidente autonomikoek "Vox aukeratzen dute, eta bazter uzten dituzte Ceuta eta (Juan Jesus) Vivas presidentea".
Eusko Jaurlaritzak urte politiko berriari ekin dio, etxebizitza, osasuna eta autogobernua ardatz dituela
Legegintzaldiaren bigarren zatirako Jaurlaritzaren lehentasunak abiarazteko balio du Miramarko Gobernu Kontseiluak. Irailean Politika Orokorreko Osoko Bilkura egingo da, eta Pradales eta Pedro Sanchez biltzea ere aurreikusten da.
Eusko Jaurlaritzak ostegunean hasiko du urte politiko berria
Besteak beste, etxebizitzaren prezioak, Osakidetzako itxaron-zerrendek, transferentziek eta erreforma fiskalak markatuko dute agertoki politikoa udazkenean.
Patxi Lopez CNIren Ceutako jardueraren inguruko bertsioei buruz: "Posible da bi gauzak egia izatea aldi berean"
Patxi Lopez PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak asteazken honetan adierazi duenez, Defentsa eta Barne ministroek emandako bi bertsioak "egia izan daitezke aldi berean"; izan ere, berretsi du egon zitekeela sareetan zegoen mugimenduei buruzko abisua, jendeak itsasoz pasatzeko zuen asmoei buruz, baina, bere hitzetan, "agian ez zen kalibratu edo ez zegoen izango zuen ezohiko dimentsioari buruzko informaziorik".