Tentsioa Nafarroako Gobernuan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Itunpeko ikastetxeen harira sortutako krisia bideratzen saiatzeko bilera egingo dute arratsaldean Nafarroako Gobernua sostengatzen duten alderdiek

Gimeno Hezkuntza kontseilariak itunpeko ikastetxeetan 14 ikasgela ixteko zuen asmoa bertan behera utzi zuten osteguneko bozketan Geroa Baik eta EH Bilduk. Abstenitu egin ziren, eta UPNren lege proposamena atera zen aurrera.

Nafarroako Gobernuko hainbat kide, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria erdian dela, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Nafarroan egun garrantzitsua dute gaur Gobernuko alderdiek. Itunpeko ikastetxeen harira gobernukideen artean izandako zatiketaren ostean, batzarra egingo dute Foru Gobernua osatzen duten hiru alderdiek (PSN, Geroa Bai, eta Zurekin Nafarroa), 16:00etan, Nafarroako Parlamentuan. 

Gimeno kontseilariak itunpenko 14 ikasgela itxiko zituela (erdiak, ikastoletan) iragarri ostean abiatu zen krisia. Negoziatzeko epea azken minutura arte baliatu zuten arren, gobernukideen artean ez zen akordiorik egon eta ostegunean, Geroi Baik ez zuen PSNren asmoa babestu, EH Bildurekin batera abstenitu zen, eta UPNk aurkeztutako foru lege proposamenak egin zuen aurrera Nafarroako Parlamentuan

Horrenbestez, luzamendu bat onartu zen egun indarrean dauden itunpeko eskoletako ikasgela guztiak urtebetez mantentzeko. Hala, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak iragarritako itunpeko 14 ikasgelak ez dira 2026-2027 ikasturtean itxiko. 

Gaurko bilerak legealdiari geratzen zaion urtebetean gobernukideen artean koalizio gobernuari eusteko konpromisorik ba ote dagoen argitzeko balioko du.

Atzo, Maria Chivite Nafarroako presidenteak, auzia zuzenean aipatu gabe, "ezberdinen arteko elkarlana beharrezkoa" dela adierazi zuen.

Larunbatean, Uxue Barkos Geroa Bairen ordezkariak esan zuen "hezkuntzaren kalitatea, euskararen aldeko politikak eta akordioa ardatz, gobernu programa defendatuko" dutela.

Bestalde, LABek deituta, manifestazioa egin zuten larunbat goizean Iruñean, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria kargugabetzea eskatzeko, "hezkuntza komunitatearen eta sindikatuen aldarrikapenen aurrean entzungor" agertu dela iritzita.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X