Ahal Dugu - Herri Asanblea
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pablo Iglesias Podemoseko lehen idazkari nagusia, babes zabala jasota

Iglesiasek prozesu eratzaile bati ekitearen alde egin du, “78ko giltzarrapoa zabaltzeko”.
18:00 - 20:00
Pablo Iglesias, Podemos alderdiko idazkari nagusia

Pablo Iglesias Podemos alderdiko idazkari nagusi izendatu dute, botoen % 88, 6 jasota (95.311 boz), Herri Asanbleak egindako bozketan, eta, halaber, alderdiak izango duen lehenengo Zuzendaritzako kideek ere babes zabala jaso dute alderdikideengandik.

On line egindako bozketan (aurreko astelehenean hasi eta bart gauerdi pasatxoan bukatuta) 107.488 lagunek parte hartu dute, Asanblean izena eman zuten 250.000etatik, Podemosek Madrilgo Nuevo Apolo antzokian egindako ekitaldian jakinarazi duenez.

Iglesiasek prozesu eratzaile bati ekitearen alde egin du, "78ko giltzarrapoa zabaltzeko" eta erabakitzeko eskubidearen alde, "herritarrei erabili behar duten hizkuntza eta sentitu behar dutena agintzen dien Espainia oldakor" baten irudia aldatzeko.

Podemoseko buruak alderdiaren programaren ildo nagusien zertzeladak izan ditu mintzagai, egindako hitzaldian. Zorra berregituratzea eta aberatsenek gehiago ordaindu dezaten zerga sistemaren erreforma egitea dira horietako batzuk.

"Kokoteraino nago Espainiaren irudiarekin. Herrialde erasokorra, herritarrek erabili behar duten hizkuntza eta izan beharreko sentimenduak agintzen duen herrialdearen irudia da. Espainia zenbait herrialdek osatutako herrialde bat da, zenbait nazioek osatutako herrialdea", esan du Iglesiasek. Gainera, PPri legea behar duela gogorarazi dio, Kataluniako kontsulta dela eta.

"Haiek legea zorroztasunez betetzen dutelako izango da, bai zera", Podemosen buruaren esanetan. PPk eta CiUk "kastako alderdiak dira, elkar elikatzen dutenak", adierazi du.

"Hauteskundeak irabazten ditugunean, datorren urteko abenduan, benetako zailtasunak izango ditugu. Badakigu zaila izango dela, baina ez daukagu beldurrik", Iglesiasen esanetan.

Beldurra eta irria bandoz aldatzen hasi dira, esan du: "Iraintzen, oihukatzen gaituztenean, gezurra esaten dutenean, irri egin ezazue, irabaziko duzuelako", esan die militanteei.

Halaber, ‘Noski Ahal Dugula’ deitutako taldeko kideak dira 62 hautagaietatik boto gehien jaso dituztenak eta, gaurtik aurrera, Iglesiasekin batera, Herri Kontseiluko kide ere izango dira. Bertan, erabaki garrantzitsuak hartuko dituzte, esate baterako, hauteskunde programak garatu eta beste alderdi politikoekin itunak egin.

Zuzendaritzaren kide izateko ia mila hautagai aurkeztu dira, horien artean Podemoseko sortzaileak eta Pablo Iglesiasen kolaboratzaileak: Iñigo Errejon izan da Herri Kontseiluko kide izateko boto gehien jaso duena (90.800 baino gehiago), eta horrekin batera Juan Carlos Monedero, Carolina Bescansa eta Luis Alegre (Herri Asanblea antolatu duen taldeko koordinatzailea izan da) aukeratu dituzte.

Gainera, Carlos Jimenez Ustelkeriaren aurkako fiskal ohia, Tania Gonzalez eurodiputatua, Rafa Moral Hipotekadunen Plataformako kidea eta Jaume Asens abokatu katalana ere, besteak beste, talde horretako kide izango dira.

Horrez gain, "Noski Ahal Dugula" taldekideen artean, Berme Batzordea osatuko duten lagunak ere hautatu dizute. 248 lagun izango dira guztira, eta idazkari nagusiaren eta Herri Kontseiluko kideen jarduera aztertuko du.

Bost emakumek eta bost gizonek osatuko dute organoa, alegia, bost pertsona titular eta beste bost ordezko. Nabarmenen artean, Gloria Elizo Oleguer Pujolen kontrako kereilako sustatzaile eta Podemosen zuzenbidearen gaineko taldeko kidea, eta Manuel Maroto Zigor Arloko Zuzenbideko irakaslea daude.

Podemos "ustelen eta lotsabakoen" babesleku ez bilakatzea izango da Berme Batzordearen egitekoa, Luis Alegreren esanetan. Alegrek eman du emaitzen berri Nuevo Apolo antzokian, eta eskerrak eman dizkie Asanblearen antolatzaileei eta bertan parte hartu duten alderdikideei.

Prozesu eratzailea

Gaurko ekitaldian (11:30etatik aurrera) ‘Ahal dugu Herri Asanblea’ prozesu eratzailea amaitutzat emango dute, bi hilabeteren ostean. Prozesuan, alderdiaren oinarri politiko eta etikoak zehaztu dituzte, eta hemendik aurrera proiektua gidatuko duten kideak aukeratuko dira.

Urtarrilaren 17an, Pablo Iglesiasek, eta Podemosen gainerako sortzaileek, Lavapieseko Teatro del Barrio antzokia -130 lagunentzako lekuarekin- aukeratu zuten eztabaida egiteko eta, oraingoan, Nuevo Apolon egingo dute, 1.200 pertsonarenentzako lekuarekin.

Alderdia sortu eta hamar hilabetera, Podemosek bost eurodiputatu ditu dagoeneko, 1,2 milioi boto jaso zituen hauteskunde europarretan, eta hauteskunde orokorrak irabaztea da helburu nagusia.

"Ez gara konformatuko honaino heltzearekin, hauteskunde orokorretan bigarrenak izatearekin. Irabazteko atera gara, eta horren beldur dira", esan zuen Iglesiasek urrian Vistalegre Jauregian, 7.000 lagun baino gehiagoren aurrean, egindako hitzaldian.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X