Etxebizitza legearen proiektua onartu dute batzordean
Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordeak gaur eman dio onespena etxebizitzaren lege-proposamenari. PSE-EEk proposatutako testuak, EH Bildu eta UPyDren babesa jaso du. EAJ eta PP arau berriaren kontra agertu dira. Besteak beste, bankuei aldi baterako etxeen jabetza kentzea, etxe hutsak kanon batez zigortzea eta etxebizitza edukitzeko eskubide subjektiboa aitortzea jasotzen du lege berriak.
Bixe Itxaso PSE-EEren legebiltzarkideak esan du proposamenak ez doala "konstituzioaren izpirituaren kontra". Itxasoren ustez, gainera, Konstituzioak 47. Artikuluan jasotzen duen etxebizitza "duina" izateko eskubidea da gauzatu nahi dutena.
Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren legebiltzarkideak "anbizioz" jokatzeko deia egin du, herritarrek etxebizitzarako duten eskubidea bermatzeko. Gainera, argudio ekonomikoekin ekimena errefusatzen dutenak kritikatu ditu, eta osasunak eta hezkuntzak ere kostu handia dutela eta ez direla zalantzan jartzen gogorarazi du.
UPyDren aldetik, berriz, Gorka Maneirok azpimarratu du lege "justua eta aurrerakoia" dela. Era berean, testuak "aurrera atera ahal izateko baldintza guztiak" betetzen dituela adierazi du.
EAJ proposamenaren kontra dago, eta Norberto Aldaiturriagak ohartarazi du "segurtasun juridiko gabezia" eragin dezakeela. Hala ere, banketxeek dituzten etxebizitzak desjabetzearen alde agertu da, baina hori arautzeko eremua Diputatuen Kongresua dela esan du.
Laura Garrido PPren legebiltzarkideak uste du Konstituzionalak agerian utzi zuela "Estatuaren eskumena" dela.
Izan ere, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, atzoko agerraldian, gogora ekarri zuen Andaluziako Etxebizitza Legearekin gertatutakoa; Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du lege andaluziarra, Espainiako Gobernuaren eskumenak urratzen dituelakoan.
Duela bi urtetik Legebiltzarrean lanean ari den lantaldeak maiatzaren hasieran amaitu zuen ekimen honi buruzko txostena, eta hainbat aldaketa egin dituzte PSE-EEren lege-proposamenean oinarrituta.
Eusko Legebiltzarrak legea behin betiko onartzeko, hala ere, osoko bilkuran egin beharko dute bozketa; EAJ eta PP kontra dauden arren, PSE-EEk, EH Bilduk eta UPyDk ez dute arazorik izango proposamena aurrera ateratzeko, gehiengo osoa baitute.
Testuan, etxebizitza edukitzeko eskubide subjektiboa aitortzen da, eta euren baliabideekin etxebizitza alokatu ezin dutenek auzitegietan eskatu ahal izango dutela Administrazioak bizitoki bat jartzea.
Hori bideratzeko zailtasunak direla eta, eskubidearen aplikazioa mailakatua izatea proposatzen dute testuan. Hala, legea indarrean jarri eta lehen hamabi hilabeteetan, eskubide subjektiboa hiru kide edo gehiago dituzten familiei aplikatuko zaie, 15.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte, eta erregistro ofizialean alokairurako izena emanda badute duela lau urtetik gutxienez.
Bigarren urtean, bi kideko familiek ere eskuratu ahalko dute etxebizitza lege hau baliatuz, 12.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak badituzte, eta erregistroan izena eman zutenetik gutxienez lau urte pasatu badira.
Hirugarren urtetik aurrera, norbanakoen eskubidea izango da, 9.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenen kasuan, eta, aurreko bietan bezala, erregistroan izena emanda urte horiek badaramatzate.
Eskubidea baliatzeko, gutxieneko soldata baino gutxiago irabazten dutenei ezingo zaie alokairua ordaintzeko errentaren % 15 baino gehiago eskatu. Kopuru hori % 30era igoko litzateke legeak aurreikusitako gainerako kolektiboetan.
Hutsik dauden pisuengatik zigor ekonomikoak jartzea ere jasotzen du lege-proposamenak. Isun moduko hori etxebizitzak bi urte hutsik daramanean jarriko da, eta 10 eurokoa izango da metro koadroko. Kanona % 10 garestituko da hutsik jarraitzen duen urte bakoitzeko, eta gehienez ere hirukoiztu egingo da hasierako kanona.
Halaber, hutsik dauden etxeak alokairuan jarri beharra aurreikusten du legeak. Gainera, EAEn eraikitzen diren etxebizitza publikoen % 80 alokairura bideratuko dira lehenengo bost urteetan, eta, ondoren, guztiak bideratuko dituzte horretara.
Zure interesekoa izan daiteke
Milaka gazte independentista bildu dira Abadiñoko Gazte Topagunean
Gaurtik igandera bitartean, mahai inguruak eta kontzertuak izango dira ekitaldi nabarmenenak. Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramaileak esan du "Euskal Herrian ditugun erronken aurrean gazteok dugun paperaz gogoeta egiteko" balioko duela topaguneak eta ondo pasatzeko deia egin die parte-hartzaile guztiei.
Otegik dio estatus berriaren inguruan akordioa badago, jauzi kualitatiboa emateko izango dela
(Naiz-ek utzitako irudiak). Arnaldo Otegik dio ezin duela ziurtatu estatus berriaren inguruan akordioa egongo denik jeltzale, sozialista eta beraien artean, baina egotekotan urrats kualitatibo bat emateko izango dela. Halaber, EH Bilduk gero eta boto gehiago jasotzen dituen alderdia dela nabarmendu du, eta ziurtatu du denbora kontua dela agintera iristea.
'Aberria bizi' lelopean ospatuko du EAJk Aberri Eguna igandean, Bilbon, "garena aldarrikatzeko"
"Euskadi lurralde bat edo izen bat baino gehiago izatea" eskatu dute jeltzaleek, nazioarteko ordena kolokan dagoen testuinguruan, "aberri bizia garela eta egunero bizi dugula aldarrikatzeko".
Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko
Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.
Zergatik ospatzen da Aberri Eguna? Jatorria, non eta Irlandan… eta Sizilian
Lehen Aberri Egunaren atarian argitaratutako Jesus Zabala buruzagi jeltzalearen artikulu batek data hautatzeko arrazoiak jaso zituen. Mikel Aizpuru historialariak ospakizunaren jatorria aztertu du.
Manuel Hernaez Ruidiaz milizianoaren gorpuzkiak identifikatu dituzte Zornotzako hilerrian
Matutekoa (Errioxa) jaiotzez, Bilboko bizilaguna zen eta Izquierda Republicanako Zabalbide batailoian borrokatu zuen Gerra Zibilean. Haren 91 urteko alabak emandako DNA laginari esker lortu da identifikazioa.
Baxoa euskaraz egiteko aldarrikapena Asanblea Nazionalera eraman dute Seaskako ikasleek
Peio Dufau eta Paul Molac diputatuek gonbidatuta, entzunaldi batean parte hartu dute euskal ikasleek Bretainiakoekin batera.
Lemoako alkatearen aurkako pintadak gaitzetsi ditu Udalak, eta, mehatxuen aurrean, "elkarrizketaren eta bizikidetzaren alde" egin du
Udal taldeek "elkarbizitzarekin, errespetuarekin eta parte-hartze demokratikoarekin" duten konpromisoa berretsi dute, eta "Lemoaren izaera ireki eta pluralaren alde" egin dute, "herri gisa" batzen gaituzten "balio komunitarioak indartzeko".
Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"
Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara.
Pradalesek euskararen ofizialtasuna Europan defendatuko du, Frantziako Senatuan euskaraz egingo duen hitzaldian
Lehenengo aldiz izango da lehendakari bat Frantziako goi-ganberan, eta agertoki sinboliko hori baliatuko du, euskararen ofialtasunaren defentsan babes instituzional zabalagoa eskatzeko.