Kataluniaren eguna
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bartzelonako Meridiana gainezka, Kataluniako Errepublikarako bidean

Laugarren urtez jarraian, ehunka mila lagunek Bartzelonako kaleak bete dituzte, Kataluniaren independentzia eskatzeko.
18:00 - 20:00
Meridiana bete dute milaka lagunek, Kataluniako Errepublikarako bidean

Beste manifestazio izugarri bat egin dute Bartzelonan, Kataluniaren independentzia eskatzeko, Diada  eguna aprobetxatuta. Ehunka mila lagun elkartu dira eta Meridiana etorbidea gainezka izan da, 'Eman bidea Kataluniako Errepublikari' lelopean egindako mobilizazioan.

Manifestazioa Kataluniako Asanblada Nazionalak (ANC) deitu du eta bertan izan dira Junts pel Si eta CUPeko hautagaitzetako ordezkariak.

Antolatzaileen arabera, bi milioi pertsona izan dira mobilizazioan; Bartzelonako Udaltzaingoak emandako datuak aintzat hartuta, berriz, 1,4 milioi.

Aurretiaz, 500.000 pertsonek eman zuten izena Meridiana etorbideko zati ezberdinak beteta egoteko. Erdigunean sei metroko zabalera zuen tartea utzi dute, eta, 17:14ean manifestazioa abiatu da, aurretik zenbait kirolarik gezi erraldoi bat zeramatela. Sinbolo horren bitartez Kataluniako Errepublika eraikitzeko bidea zein den adierazi nahi izan dute.

Diada guztiak dira bereziak Katalunian, baina aurtengoak Kataluniako historian izan den hauteskunde kanpaina garrantzitsuenaren hasierarekin bat egin du, eta, ondorioz, gaurko mobilizazioak hauteskunde kutsua izan du.

Raul Romeva Junts pel Si hautagaitzako zerrendaburuak Kataluniako herritarren gehiengoarenganako ?errespetua? eskatu du eta gogora ekarri du laugarren aldia dela Bartzelonako kaleetan jende oldea biltzen dela. Era berean, ?hauteskundeetako emaitza errespetatzea ezinbestekoa da, hau behetik gora doan mugimendua baita?, erantsi du.

?Beste urte betez erakutsi dugu mobilizaziorako ahalmen izugarria daukagula?, nabarmendu du.

ANCk eta Omniumek ?leialtasuna? eskatu diete diputatuei

Manifestazio bukaeran egindako ekitaldian, ANCko Jordi Sanchezek eta Omnium Culturaleko Quim Torrak hartu dute hitza. Irailaren 27ko hauteskundeen ostean diputatu izango direnei emaitzekiko ?leialtasuna? eta oztopoen aurrean ?amore ez emateko? eskatu diete.

Sanchez ziur agertu da hauteskundeetan independentziaren aldekoak nabarmen nagusituko direla. ?Hauteskundeetan erabakitakoaren aurrean leialak izan beharko dira diputatu berriak, ausartak izatea eta guri hutsik ez egitea eskatzen diegu?, adierazi du.

Horrez gain, ?Katalunia berria munduari irekia, eskuzabala eta ustelkeriarik gabekoa? izan behar dela aldarrikatu du.

?Prozesu independentistaren hasiera aldarrikatzen duzuenean zuen ondoan egongo gara; une zailak iristen badira, zuen ondoan izango gara; eta Errepublikaren Konstituzioan idazten duzuenean, zuen ondoan izango gara?, azpimarratu du Torrak.

Agertoki nagusiaren aurrean alderdi soberanistetako ordezkariak izan dira, besteak beste, Josep Rull (CDC), Oriol Junqueras (ERC), Antonio Baños (CUP) eta Raul Romeva eta Lluis Llach (Junts pel Si).

Bestalde, hainbat pertsona ezagunek hartu dute parte gaurko manifestazioan, hala nola, Gerard Pique FC Bartzelonako jokalaria, Xavier Sala i Marti ekonomialaria, Joan Laporta FC Bartzelonako presidente ohia eta Juanjo Puigcorbe aktore eta ERCko zinegotzia Bartzelonako udaletxean.

Gaurkoa ANCk antolatzen duen laugarren manifestazio erraldoia da. 2012ko Diadan jendetza bildu zuten Bartzelona erdigunean; 2013an, giza-kate batek Katalunia iparraldetik hegoaldera zeharkatu zuen; eta iaz, Bartzelonako Kale Nagusia eta Diagonala betetzea lortu zuten.

Masek Espainiako Gobernuari: ?Irudei erreparatu diezaietela?

Artur Masek ez du manifestazioan parte hartu, baina ondoren, 20:00ak inguruan, harrera egin die antolatzaileei, Jordi Sanchezi (ANC) eta Quim Torrasi (Omnium Cultural), Generalitateko Jauregian.

Bileraren ostean egindako agerraldian, Generalitateko presidenteak ?harrotasuna? eta ?ilusioa? adierazi ditu, arratsaldeko mobilizazioa izugarria izan delako, eta Estatuari ?harrotasun inperiala? albo batean uzteko eta ?lege berriekin mehatxurik ez? egiteko exijitu dio.

Espainiako Gobernuari eta Estatuko erakundeei manifestazioko irudiak aintzat hartzeko eskatu die. ?Gaurko irudiek ez dute hitzik behar?, azpimarratu du.

?Utzi albo batean miopia politikoa eta harrotasun inperiala; utzi legeekin mehatxu egiteari eta gu gaizkileak baikina bezala tratatzeari. Pertsona normalak gara, lasaiak, baketsuak eta ilusioz beteak. Legeak elkarrizketaren zerbitzura jarri, demokraziaren zerbitzura, eta uneren batean legeren bat aldatu behar bada, alda dezagun guztion artean, ez da ezer gertatuko, mundua ez da hondoratuko?, azaldu du.

Kataluniak mobilizatzeko duen ?ahalmen handia? ere nabarmendu du. ?Mezu ikaragarria bidali diegu Europari eta mundu guztiari?, erantsi du.

Amaitzeko, Katalunian ?abian? dela esan du, eta prozesu soberanista ez dela inoren aurkakoa, ?ezta Espainiaren kontrakoa ere?, gogoratu du.

Lore-eskaintzak

1714an, Espainiako Oinordetza Gerran, Bartzelona erori zenekoak gogoan hartzeko ekitaldiak goizean hasi dira, Rafael Casanova orduko alkatearen monumentuaren aurrean, lore-eskaintzak eginez. Artur Mas Kataluniako presidentea, gobernuko kontseilariak ondoan zituela, izan da eskaintza egiten lehena. Ondoren etorri dira gainerako erakundeen, alderdien eta elkarteenak ere.

Euriak tregoarik eman ez duen goizean, Ada Colau Bartzelonako alkateak edo Nuria de Gispert Parlamentuko presidenteak izan dira, besteak beste, lore-eskaintza egiten. Erakundeetako ordezkariak ez ezik, hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagaitzak ere izan dira ekitaldian: Junts pel Si, Catalunya Si que es Pot, PSC eta Unio. PPk eta C'sen ez dute lore-eskaintzarik egin.

Horrez gain, euskal ordezkaritza zabala izan da Bartzelonan, besteak beste, EAJ eta Sortuko presidenteak edo EAko buruzagiak.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago eskatu behar zaio grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEko idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroa jokatzen ari den paperaz medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko Faktoria saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta EAJrekin ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia mailak euskal gizarteak benetan eskain ditzakeenen gainetik daude"

Euskadiko PPko presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Bere ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik daudela".

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre 'Anbotori' espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrek beste edozein presoren tratamendu bera jaso du, eta ez da inolako neurri diskrezionalik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragin ahal izan dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek birgizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Diez Antxustegik beharrezko ikusten du Tubos Reunidosen "zorra berrantolatzea", eta industria indartzeko deia egin du: "Gure babes soziala da"

EAJren Eusko Legebiltzarrerako bozeramaileak, Joseba Diez Antxustegik, Radio Euskadin azpimarratu du Tubos Reunidos enpresaren zorra “berrantolatzeko” beharra, irtenbidea emateko. “Merkatua badu, baina likidezia arazoak ditu”, adierazi du. Horrekin batera, nazioarteko egoera zailaren aurrean industria bultzatzearen beharra nabarmendu du: “Euskadin, gure babes soziala gure babes industriala da”. Azkenik, euskararen kudeaketaz enplegu publikoaren eskaintzetan, alderdi politikoek arau berri bat adosteko “ardura” dutela adierazi du, eta "segurtasun juridikoaren" beharraz mintzatu da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X