Catalunya Radio
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Otegi: 'Katalunia erreferentea da eta lezioa ematen ari zaigu'

Bake prozesuaz galdetuta, buruzagi independentistak berretsi du PPk ez duela bakerako borondaterik, horrek eskenatoki berri bat ireki eta independentziaren eztabaida zabalduko lukeelako.
18:00 - 20:00
'Katalunia erreferente bihurtu da eta lezio bat ematen ari zaigu'

Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusiak Kataluniako prozesu independentista eredugarria dela esan du Euskal Herriarentzat: "Katalunia erreferentea izaten ari da eta lezioa ematen ari zaigu", esan du.

Catalunya Radio irrati-kate publikoan, gaur goizean, egindako elkarrizketan, Otegik nabarmendu du ETAk armak utzi izanak aldaketa nabarmenak ekarri dituela, eta hor kokatu du Katalunian zabaldu den aro berria.

"Indarkeria bertan behera utzi izan ez balu ETAk, Estatuak indarkeria hori erabiltzen jarraituko luke, arazo guztien gainetik, Estatu Espainiarraren diskurtso politikoa artikulatzeko", esan du.

Gaur bertan Kataluniako Parlamentura, CUPek gonbidatuta, egingo duen bisitaren harira, dei berezia egin die Kataluniako PSCko eta PPko buruzagiei, bisita onar dezatela esanaz, euren alderdiek ere, bere garaian, hala egin zutela gogora ekarrita.

Bake prozesua bideratzeko elkarrizketetan, bai Jesus Mari Eguiguren sozialistak eta bai Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohi popularrak berekin hitz egitea ontzat eman zutela adierazi du ezker abertzaleko buruak. Horren aurrean, kezka agertu du, egun, bi alderdi horiek erakusten ari diren jarrera dela eta: "batzuk proposamenekin gatoz, eta beste batzuk zarata egitera datoz", esan du. 

Ekaineko hauteskunde orokorrak ere izan dituzte hizpide. Otegiren iritzian, koalizio handi bat izatetik gertuago dago Espainiako Gobernua, gobernu progresista bat izatetik baino. Sortuko idazkari nagusiarentzat, ez Podemosek eta ez EAJk ez dute lagunduko Euskal Herriaren eta Kataluniaren independentzia lortzeko bidean.

Estatua "aldatzera" doazela sinestarazi nahi diote gizarteari, eta itxaropen horri bizirik eustea da bi alderdi horien helburua, "bizirauteko",  Otegiren aburuz.

Bake prozesuaz galdetuta, buruzagi independentistak berretsi du PPk ez duela bakerako borondaterik, horrek eskenatoki berri bat ireki eta independentziaren eztabaida zabalduko lukeelako.

Nazioarteko komunitatean Espainiako Gobernuak Euskal Herriarekin eta Kataluniarekin duen jarrera ez duela inork ulertzen ziurtatu du. Etxean negoziazio eta elkarrizketa bide orori uko egiten ari den bitartean, Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko elkarrizketak bultzatzen ari dela Espainia azpimarratu du Otegik.

ETAk eragindako zauriei buruz, berriz, ezker abertzaleak indarkeria hori desagerrarazteko egindako ekarpena jarri du mahai gainean. "Iraganarekin lotu nahi gaituzte, etorkizuneko figura bihur ez gaitezen", esan du.

Ildo horretan, iragana ezin dela ahaztu eta zauri horiek sendatzea dela erronka nagusietako bat esan du.

Bisita Parlamentura

15:00etan, buruzagi abertzalea Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearekin bildu da.

Bilera "instituzionala" izan da. Izan ere, Ganberako presidenteak "alderdi demokratikoen idazkari nagusi guztiak hartu ohi ditu, eskatzen dutenean", Parlamentutik azaldu dutenez.

Topaketa "adeitsua" izan da, eta, bukatutakoan, aldeek ez dute adierazpenik egin. Hori bai, Otegik prentsaurrekoa eskainiko du arratsaldean.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X