Memoria historikoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

'Ez gaude mehatxu faxistatik salbu', ohartarazi dute Artxandako omenaldian

Urtero 'La Huella-Aterpe 1936' eskulturaren aurrean egiten den omenaldian parte hartu dute gudarien eta milizianoen senideek, lagunek eta ordezkari politikoek.
Gudariei eta milizianoi omenaldia Artxandan (Bilbo).
Gudariei eta milizianoi omenaldia Artxandan (Bilbo). Argazkia: EFE/JAVIER ZORRILLA

Artxandan (Bilbo) Gerra Zibilean borrokatu zuten miliziano eta gudariei omenaldia egiten diete urtero. Ekitaldiko antolatzaileek "memoria egitea" eskatu dute igande honetan. Antolatzaileen hitzetan, iragana gogoratu beharra dago, "berriz suspertu den faxismoaren mehatxutik salbu ez gaudelako".

Urtero 'La Huella-Aterpe 1936' eskulturaren aurrean, Artxanda mendian, egiten den omenaldian parte hartu dute gudarien eta milizianoen senideek, lagunek eta ordezkari politikoek, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak.

Era berean, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Eusko Jaurlaritzako sailburu batzuk eta EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak omenaldian izan dira.

Besteak beste, EAJ, PSE-EE, ANV, PCE-EPK alderdiek, ELA, UGT eta CNT sindikatuek eta Sabino Arana eta Ramon Rubial fundazioek antolatu dute ekitaldia. Alejandro del Amo Meabe Batailoiko milizianoa eta Jose Moreno San Andres Batailoiko gudaria omenaldian izan dira.

Ekitaldian, bi gaztek euskaraz eta gaztelaniaz testu bat irakurri dute. "Berpiztutako faxismo garaikidearen mehatxuaz" ohartarazi dute. "Diktadorea hil zenetik 40 urte baino gehiago" pasa direnean, oraindik "baso eta arekatatik gorpuak" ateratzen jarraitzen dutela deitoratu dute.

"Epaitegiak oraindik diktadorearen gorpua Erorien Haraneko mausoleotik ateratzeko luzamendutan dabiltza, eta frankismoaren inguruko edozein gai auzitara ematen dute", salatu dutenez.

Milizianoei eta gudariei omenaldia Artxandan (Bilbo). Argazkia: EFE/JAVIER ZORRILLA

"Genozidio frankistaren biktimek egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak behar dituzte", azpimarratu dute. Horregatik, haien "memoria eta eskubideak" aldarrikatu dituzte antolatzaileek.

"Gure gudarien, milizianoen, eta hasiera batean diktadura eragozten saiatu zirenen, eta beranduago, gure herriko ia txoko guztiak 40 urte luzez estali zuen faxismoaren ankerkeriari aurre egin ziotenen idealak zapuztu ditzakeen ahanzturari ezin diogu lekurik utzi", nabarmendu dute.

"Oraindik frankismoaren kontrako prozedura judizial orokorrik izan gabe jarraitzen dugu"

"Oraindik frankismoaren aurkako prozedura judizial orokorrik izan gabe jarraitzen dugu", deitoratu dute.

"Bilboko oroitzapenen egutegiak egun argiak eta ilunak ditu", adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. "Tropa frankistek Bilbo okupatu zutenek eguna iluna izan zen, askatasun faltari, aurkakoen jazarpenari eta oinarrizko eskubideen urraketari bide eman zien epe luzeegian", gaineratu duenez.

Horregatik, urtero erakundeetako ordezkariak, politikariak, sindikatuak eta elkarteak Artxandan biltzen dira, "epe ilun hori zabaldu nahi zutenen kontra borroka egin zuten pertsonak omentzeko".

Elkarte zein erakunde demokratikoen konpromiso bat da, "etorkizunean halakorik berriro ez errepikatzeko", esan du Erkorekak.

Milizianoei eta gudariei omenaldia Artxandan (Bilbo). Argazkia: EFE/JAVIER ZORRILLA

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X