Hauteskundeak Katalunian
Gorde
Kendu nire zerrendatik

PSC gailendu da boto kopuruan, baina independentismoak gehiengo absolutua indartu du

PSCk eta ERCk 33na eserleku eskuratu dituzte. Alderdi independentistek botoen % 50eko langa gainditu dute lehen aldiz. Vox 11 ordezkarirekin sartu da Parlametuan. Ciudadanosek porrot handia jaso du.
18:00 - 20:00
PSCk irabazi ditu bozak, baina ERCk presidentzia lortzeko gehiengoa batu lezake

PSCk irabazi ditu Kataluniako hauteskundeak botoetan, baina ERCrekin berdindu egin du eserleku kopuruan: 33na ordezkari izango dituzte. JxCatek, berriz, 32 parlamentari izango ditu.

Vox 11 ordezkarirekin sartuko da lehen aldiz Kataluniako Parlamentuan, eta CUPek bederatzi eserleku izango ditu, aurreko legealdian baino bost gehiago. En Comu Podem koalizioak bere zortzi diputatuei eustea lortu du.

Ciudadanosek, berriz, porrot egin du: 2017ko hauteskundeetan 36 eserlekurekin nagusitu ostean, oraingoan sei eskuratu ditu. PPk hiru parlamentari izango ditu, bat gutxiago, eta Artur Masek sortutako PDeCAT alderdia ordezkaririk gabe geratu da.  

Duela lau urte PSCk eskuratutako eserleku kopurua bikoiztea lortu du Salvador Illak, baina alderdi independentistek gehiengo absolutua indartu dute.

(Pere Aragones eta Oriol Junqueras. Argazkia: EFE)

Independentismoak botoen % 50eko langa gainditu du lehen aldiz

Parlamentuan duen gehiengo absolutua indartzeaz gain, alderdi independentistek botoen % 50eko langa gainditzea lortu dute lehen aldiz.

ERCk, Juntsek eta CUPek 74 ordezkari izango dituzte legealdi berrian, inoiz baino gehiago. Duela lau urte 70 eserleku eskuratu zituzten; eta 2015ean, 72, baina orduan ERC eta CDC elkarrekin aurkeztu ziren JxSi koalizioan.

Boto kopuruari erreparatuz gero Alderdi Sozialista gailendu bada ere, eserleku kopuruan 33na lortu dituzte PSCk eta ERCk. Hirugarren indarra Junts izan da, 32 diputatuarekin, eta CUP lau ordezkari izatetik bederatzi izatera igaro da.

Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, ERCk eta Juntsek eserleku bat galdu dute (66 zituzten bien artean), baina CUPek izan duen emaitza onari esker, talde independentistek gehiengoa areagotu dute Parlamentuan.

Horrez gain, botoen erdia baino gehiago eskuratzeko helburua bete dute; izan ere, ERC, Junts, CUP, PDeCAT eta Primaries alderdiek botoen % 51,11 lortu dute, azken bi horiek Parlamentuan ordezkaririk izango ez badute ere.  

2017ko hauteskundeetan botoen % 47,5 lortu zuen independentismoak.

Bestalde, En Comu Podem koalizioak orain arte zituen zortzi eserlekuei eustsi die, eta Podemosek Euskal Autonomia Erkidegoan eta Galizian izan duen beheraka gelditu du.

Hala ere, emaitzak hobetzea zuten helburu, eta 12 ordezkari eskuratu zitzaketela aurreikusten zuten inkestek. Ez da hala izan, eta, gainera, Voxek aurrea hartu die.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Gobernua osatzeko balizko itunak

(Carlos Carrizosa eta Ines Arrimadas. Argazkia: EFE)

Ciudadanosek eta PPk elkarrekin baino boto gehiago lortu ditu Voxek

Eskuineko alderdiek beherakada nabarmena izan dute, eta botoen % 18 baino ez dute lortu, duela lau urte baino 12 puntu gutxiago. Halaber, Vox Ciudadanosi eta PPri gailendu zaie, eta Santiago Abascalen alderdiak 11 ordezkarirekin estreinatuko da Parlamentuan.

Ciudadanos izan zen nagusi 2017ko hauteskundeetan, botoen % 25,25 eta 36 diputatu eskuratuta. Alabaina, oraingoan sei ordezkari lortu ditu, eta, beraz, hondoa jo du, Voxek mesedetan.

PPk, berriz, eserleku bat galdu du, eta talde propioa osatzeko aukerarik gabe geratu da.

Bestalde, koronabirusaren pandemiaren eraginez, hauteskundeetako parte-hartzea 25,67 puntu jaitsi da, 2017ko bozekin alderatuta.

Hain zuzen ere, bozkatzeko eskubidea zuten 5.624.044 pertsonetako % 53,42k eman dute botoa. Duela lau urte, parte-hartzea % 79,09koa izan zen.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eneko Andueza: “Osasun Ministerioari elkarrizketa gehiago izatea eskatu behar zaio, grebari amaiera emateko”

Eneko Andueza PSEren idazkari nagusia kritiko agertu da Monica Garcia Osasun ministroarekin, medikuen grebaren harira. Adierazi duenez, Osasun Ministerioak “elkarrizketa gehiago eta lankidetza” sustatu behar ditu grebarekin amaitzeko. Bestalde, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan adierazi du ez duela “inolako aukerarik ikusten” EH Bildurekin akordio batera heltzeko euskara Administrazioan arautzen duen legearen inguruan. “EH Bildurekin ez dago tarterik, eta, EAJrekin, ikusteko dago”. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier De Andres: "Euskararen exijentzia maila euskal gizarteak benetan eskain dezakeenaren gainetik dago"

Euskadiko PPren presidentearen arabera, "eskatzen den euskara maila euskal gizarteak benetan eman dezakeena baino handiagoa da. Ez dago abokaturik, ez dago osasun-langilerik, ez dago gai jakin batzuetan eskatzen den kualifikazio profesionala duen langilerik, eta, gainera, euskara eskakizuna egiaztatuta duenik", eta horrek langile publikoen behin-behinekotasun tasak areagotzen ditu. Haren ustez, "arazoa da nazionalismoaren eskakizun ideologikoak euskal gizarteak Administrazioan euskararen arloan benetan bete dezakeenaren gainetik" daudela.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Marisol Iparragirre "Anboto"-ri espetxe araudia aplikatu zaiola esan du Ubarretxenak

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azaldu duenez, Iparragirrerekin gainerako presoekin jokatzen duten moduan jokatu dute, eta adierazi du dela inolako neurri berezirik hartu. Aipatu du ulertzen dutela ETAren biktimei eragiten dien mina. Hala ere, gogorarazi du neurri horrek gizarteratzea duela helburu. Marisol Iparragirre Martuteneko kartzelatik atera da astearte honetan, erdi-askatasuneko erregimenean: astean zehar egunez irten ahal izango da espetxetik, lan egiteko, eta gauean itzuli beharko du. Asteburuetan ez da aterako.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X