Zarauzko Udalak 'Txiki' eta Otaegiren erakusketa udal aretoan jartzea debekatu du
Udaleko iturriek EITBri azaldu diotenez, erakusketa "partziala, ideologikoa eta ez anitza" delako hartu dute erabakia.
Zarauzko udalak Txiki eta Otaegiri buruzko erakusketa udal aretoetan jartzea debekatu du. Udaleko iturriek EITBri azaldu diotenez, Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioek martxan jarri duten erakusketa ibiltariak "errelatoaren ikuspegi bakarra" eskaintzen du, ezker abertzalearen ildokoa, hain zuzen ere.
Udalak argudiatu du erakusketak ez dituela Gogora Institutuak ezarritako egia, justizia eta erreparazioaren printzipioak betetzen.
Txiki eta Otaegi bi ETAkideak frankismoak fusilatu zituela 50 urte betetzen diren honetan, Iratzat eta Olaso Dorrea fundazioek Gipuzkoako hainbat herritan jarri duten erakusketa ibiltaria dagoeneko ikusgai dago Azpeitian, Otaegiren herrian, udal areto batean. Handik, Txikiren herrira, Zarautzera eramatekoan dira, baina ezingo dute udal areto batean jarri, udalak horretarako baimenak ukatu baitie.
EAJk eta PSE-EEk gobernatutako Zarauzko Udaleko iturriek argudiatu dutenez, erakusketak errelato "partziala eta ez inklusiboa" eskaintzen du.
Erabaki honen aurrean, EH Bilduk Zarautzen duen egoitza eskaini du erakusketa egin ahal izateko. Irailaren 22tik aurrera izango da ikusgai, beraz, alderdiaren Zarauzko egoitzan.
Zure interesekoa izan daiteke
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"