AUZITEGI GORENA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Epai zain geratu da fiskal nagusiaren aurkako epaiketa

Azken saioan, Garcia Ortizen defentsak berretsi du Alberto Gonzalez Amador enpresaburua dela "benetako filtratzailea". Akusazioek, berriz,  salatu dute fiskal nagusiak prentsa erabili zuela, herritarren artean iritzi bat sortzeko. 

alvaro garcia ortiz
Álvaro García Ortiz, Auzitegi Gorenean. Argazkia: EFE

Epai zain geratu da Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal nagusiaren aurkako epaiketa Auzitegi Gorenean. Sekretuak argitara ematea leporatzen diote, iaz, Alberto Gonzalez Amadorri —Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen bikotekidea— buruzko mezu elektroniko bat ustez filtratu zuelakoan.  Mezu horretan,  Ogasunaren aurkako bi delitu egin izana aitortzen zuen Gonzalez Amadorren abokatuak,  akordio bat ixtea helburu.  

Gaurko azken saioan,  fiskal nagusiaren defentsak bere bezeroaren errugabetasuna defendatu du eta Gonzalez Amador  jo du "benetako" filtratzailetzat. Akusazioek, berriz, Ministerio Publikoaren buruari leporatu diote hedabideak "erabiltzea",  enpresaburuaren aurkako iritzia zabaldu eta "herri-epai" bat ezartzeko. 

Sei saiotan banatuta,  40 lekukok baino gehiagok deklaratu dute Andres Martinez Arrieta buru izan duen epaimahaiaren aurrean. Sei urteko espetxea, 12 urterainoko inhabilitazioa eta 400.000 euroko kalte-ordaina eskatzen dituzte auzipetuarentzat. 

Defentsaren izenean, Jose Ignacio Ocio Estatuko abokatuak hartu hitza: "Fiskal nagusia errugabea da", berretsi du, azken txostena aurkeztu duenean. Bere hitzetan, Ayusoren bikotekidea bera da filtrazioaren "benetako"  egilea. Kazetari batekin hitz egin omen zuen, filtrazioa argitaratu zeneko goiz hartan (martxoaren 13an), eta fiskaltzarekin akordioa negoziatzen ari zirela jakinarazi zion. 

Akusazioek, berriz, bereari eutsi diote. Esan dute "zantzuak" badaudela, joan den urteko otsailaren 2an, Garcia Ortizek mezu elektronikoa hedabide bati filtratu ziola baieztatzeko. Helburua ei zen, gaineratu dutenez, hurrengo egunean ohar bat kaleratzea, Gonzalez Amadorrek delitu fiskalak aitortu zituela esanez. 

Fiskal nagusiak ez du baliatu, gaur, hitza hartzeko azken aukera.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Torresek ontzat jo ditu itunak, eta "Konstituzioa, Estatutua eta legedia" errespetatzen dituztela esan du

Angel Víctor Torres ministroak Aldebiko Batzordearen bilera "produktiboa" izan dela esan, eta aurrez egin den "lan handia" nabarmendu du. Bi administrazioek, gainera, etorkizunean industria, energia, osasun eta immigrazio alorretan, besteak beste, akordioak lortzeko negoziazioen ildoak ireki dituztela aurreratu du. Horren ustez, "akordioan, askatasun instituzionalean eta kudeaketa publikoaren eraginkortasunean" oinarritutako lankidetza eredua finkatzen ari da.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X