ESKUMENAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Aireportuetan 13.000 milioi euroko inbertsioa ekarriko duen Aenaren egitasmoan parte hartzen ahaleginduko da Jaurlaritza

Ubarretxenak defendatu du Euskadiko hiru aireportuen inguruko plan estrategikoan Jaurlaritzak zer esana izan behar duela.

Bilboko aireportua. Argazkia: EITB

Maria Ubarretxena Gobernantzako, Administrazio Digitaleko eta Autogobernuko sailburua Madrilen bilduko da gaur, Aireportuen Kudeaketarako eta Azpiegituretarako Aldebiko Azpibatzordearen esparruan, erkidegoan dauden interes orokorreko aireportuak Euskadira eskualdatzea aztertzeko. Bilera Lurralde Politikako Ministerioan izango da, eta, bileraren ondoren, sailburuak agerraldia egingo du emaitzaren berri emateko.

Azpibatzorde hori eratzea Imanol Pradales lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak adostu zuten, iazko uztailean egindako Bitariko Lankidetza Batzordean. Helburua da Euskadik aireportuen kudeaketan, konektibitatean eta lehiakortasunean parte hartzeko formulak eta bideragarritasuna aztertzea, Gernikako Estatutuan aurreikusitakoaren ildotik.

Azpibatzordea azaroaren 1ean eratu zen formalki, Madrilen egindako estreinako bileran. Ordutik, Saileko iturrien arabera, maila teknikoan lan egin da, azpiegitura estrategiko horien gainean Euskadik duen kudeaketa-gaitasuna handitzea ahalbidetuko duen formula juridiko eta administratiborik onena definitzeko.

Bestalde, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak Espainiako Gobernuari helaraziko dio Espainiako Gobernuak onartutako migratzaileen erregularizazio-prozesua babesteko eta Euskadin izango dituen inplikazioak aurreratzeko beharra. Gainera, Euskadi igarobidean dauden migratzaileen funtsezko puntu gisa aitortzea eskatuko du.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Euskadi dagoeneko aritzen da iparraldeko muga gisa; 2018tik, 40.000 pertsona baino gehiago artatu dituzte, eta horietatik % 90 igarobidean daude. Hori dela eta, Melgosak eskatuko du tresnak eman diezaiotela Jaurlaritzari migratzaileen harrera modu eraginkorragoan, koordinatuagoan eta gizatiarragoan kudeatzeko.

Aenaren diseinu-planean parte hartzeko ahalegina

Ubarretxenak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzaren asmoa dela Aenaren dokumentuaren "behin betiko diseinuan" parte hartzea. Hain zuzen ere, Aenak aurreikusi du hurrengo urteetan 13.000 milioi euroko inbertsioa egitea Espainiako Estatuko aireportuetan. Hori horrela, defendatu du Jaurlaritzak zer esana izan behar duela Euskadiko hiru aireportuen inguruko plan estrategikoan.

Radio Euskadin goizean egindako adierazpenetan, adierazi du gaurko bilerara ez duela formula itxirik eramango. Edonola ere, zehaztu du Jaurlaritzak dokumentu hori diseinatzen parte hartzeko ahalegina egin egingo duela.

"Ez dugu formula itxirik planteatuko, nahiago dugu dokumentu horren inguruko erabakiak hartzeko aukera izan. Euskadirentzat garrantzitsua da egitasmo horretan parte hartzea. Halaber, gure hiru aireportuei buruzko plan estrategikoan esku hartu nahi dugu, Loiu, Foronda eta Hondarribia artean lotura egon dadin. Hiru aireportu horietako batean hegazkin batek lur hartzeko arazoak dituenean, Euskadiko beste aireportu batera bideratu ahal izatea da gure helburua. Aukera hori mahai gainean jarri nahi dugu", erantsi du.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pradalesek euskara hutsean esku hartu du Parisko Senatuan, euskal autogobernua aldarrikatzeko

Lehendakariak goi-mailako bilera batean parte hartu du Frantziako Senatuan, Regions de Francek antolatuta, Frantziako eskualdeetako ordezkarien aurrean, lurralde-ereduari eta eskualdeek Europan duten zereginari buruz eztabaidatzeko. Bertan, autonomia finantzarioa defendatu du, ardatz atlantikoa indartzearen alde egin du eta euskal eredua aurkeztu du Europako desafekzio politikoaren eta ultraeskuinaren gorakadaren galga gisa.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Maria Ubarretxena: "Aenako funts pribatuaren interesekin zerikusi gutxi dute gure eskakizunek, guk zerbitzu publikoaren alde egin nahi dugu"

Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin egindako akordioari Aenak jarritako helgitearen aurrean, Gobernu-bozeramaileak esan du ulertu egiten duela "beste aldearen jarrera"; izan ere, Aenaren % 51 Estatuarena bada ere, gainerako partean (% 49) funts pribatuak daude, eta horiek etekinak nahi dituzte. Azpimarratu duenez, euskal aireportuetarako inbertsioak azpiegiturak hobetzera eta "hegaldi eta konexio gehiago lortzera" bideratu nahi lituzke Jaurlaritzak, eta ez funts pribatu horiei etekin handiagoak ekarriko lizkeketeen kafetegi eta dendetara. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X