O23aren paperak

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Informatzaile batek CESIDi jakinarazi zion Juan Carlos I.a militar kolpistekin bildu zela, epaiketak Errege Etxea kaltetu ez zezan

Dokumentuak jasotzen duenez, erregea Milans del Bosch kolpistarekin bildu zen. Zerbitzu sekretuek sinesgarritasuna eman zioten informazioari, eta “goi-mailako ezagutza” gisa sailkatu zuen.

Espainiako Gobernuak desklasifikatutako agiri bat. Argazkia: Moncloa

Otsailaren 23ko estatu-kolpearen inguruko dokumentazio mardula zabaldu da, eta denbora beharko da sakon aztertzeko; hala ere, zenbait dokumentuk nobedadeak ekar litzakete. Desklasifikatutako agirietako batek, esaterako, jasotzen du Juan Carlos I.a otsailaren 23aren ondoren estatu-kolpeko arduradun nagusietakoa zen Jaime Milans del Boschekin bildu zela. Bilera prozesu judiziala hasi baino lehen izan zen, eta helburua zen prozesu judizialak Errege Etxea ez kaltetzea.

Dokumentua oinarritzen da informatzaile batek inteligentzia-zerbitzu nagusiari, CESIDi alegia, helarazitako informazioan. Honako izenburua du: ‘Sobre entrevistas de S.M. el Rey con militares implicados en el 23-F’ (Erregeak O23an inplikatutako militarrekin izandako elkarrizketei buruz). Gainerako dokumentazioarekin batera Moncloaren webgunean argitaratu da.

Bertan jasotzen denez, “Erregea modu konfidentzialean elkarrizketa izan du T.J. Milans del B.rekin”. Gaineratzen duenez, “ororen gainetik nahi dena da Koroa prozesutik kalteturik ez ateratzea”. Bilera hori estatu-kolpe saiakeraren ondoren gertatu omen zen, informatzaileak CESIDi helarazi zionez. Agiria 1982ko otsailaren 5ekoa da; egun batzuk geroago hasiko zen kolpisten aurkako prozesua. 

Bilera Armadarekin

Dokumentuak ez ditu iturriak zehatz aipatzen: “Hiriburuko giro militarrak” eta “Kantabriako iritzi-nukleo kualifikatuak” aipatzen ditu. Milans del Boschekin izandako ustezko bileraz gain, jasotzen da “Errege Etxeko pertsona oso garrantzitsu batek" elkarrizketa izan zuela Alfonso Armada jeneralarekin.

Dokumentuak, halaber, azpimarratzen du informazio kualifikatua dela, eta “ez zurrumurru bat”.

Horrela, nabarmendu behar da CESIDek “goi-mailako ezagutza” gisa sailkatu zuela Juan Carlos I.a erregearen eta Jaime Milans del Bosch jeneralaren arteko ustezko harreman hori, helburu zuena Koroa prozesutik "kaltetuta atera ez zedin”. Hau da, Espainiako inteligentzia-zerbitzuak sinesgarritasuna eman zion informazioari.

Dokumentuan jasotzen denez, informatzaileak ez ziren edonor (“ez dira sasijaunak”); haietako batzuk “sektore militarrean integratuta” zeudela jasotzen da.

Zure interesekoa izan daiteke

20201116133500_javier-remirez_
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Javier Remirezek Montejurrari, Mikel Zabalzari eta Sanferminei buruzko dokumentuak desklasifikatzeko eskatu du

Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordeak prentsaurrekoan adierazi duenez, "demokraziarako beti da positiboa" informazioa desklasifikatzea, "iraganeko gertaerak hobeto ulertzeko aukera" ematen baitu, "demokrazia helduei dagokien gisan". Nafarroako Gobernuak sekretu ofizialei buruzko araudi berri bat egiteko eskatu du, indarrean dagoena 1968koa baita, "diktadura frankista garaikoa".

Gehiago ikusi
Publizitatea
X