Elkarrizketa Radio Euskadin
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Aitor Esteban: "Harritu egin ninduen Korrikaren azken mezua Bilduren munduari oso lotuta dauden zazpi gaztek egin izanak"

EAJko EBBren presidenteak euskarak Administrazioan izango duen pisuaz akordio bat lortzea espero du, eta euskarari "segurtasun juridikoa" ematearen alde agertu da.

Korrikaren mezua idatzi zuten gazteak.

Aitor Esteban, EAJren presidentea, Radio Euskadin.

Aitor Esteban EAJko EBBren presidentea pozik agertu da Korrikaren aurtengo edizioak izan duen atxikimendu handia dela eta, baina amaierako ekitaldia kritikatu du.

Harritu egin ninduen Korrikaren azken mezua sigla batzuekin oso lotuta dauden zazpi gaztek egin izanak. Bilduren munduari lotuta daude, eta ez dira izan gure herriaren aniztasuna ordezkatzen duten zazpi gazte. Harritu egin ninduen, erakundeak berak adierazten dituen nahien kontra doalako, hein batean”, adierazi du.

Hala ere, Estebanek nabarmendu du herria “bere hizkuntzarekin dagoela, euskararekin”, eta euskararen inguruko polemikak saihestearen alde agertu da.

“Euskarak polemiketatik kanpo egon behar du, konfrontazioetatik kanpo, benetan etorkizuna izan dezan nahi badugu. Eta hor, iruditzen zait jendeak erantzun handia eman duela herrialde osoan, eta kalera atera diren gehienak kolore zehatzik gabe atera dira. Hori positiboa da, eta pozteko modukoa”, azpimarratu du.

Euskarari buruzko akordioa, Administrazioan

Buruzagi jeltzaleak, gainera, uste du posible izango dela PSErekin akordio bat lortzea euskarak deialdi publikoetan duen pisuaren inguruan. Haren ustez, denek egon behar dute “konbentzituta” beharrezkoa dela “segurtasun juridikoa ematea baliogabetzen ari diren EPE guztien inguruan”, epaile batzuen “jarrera harrigarriaren” aurrean.

“Orain arte ez da polemikarik egon legearen aplikazioarekin eta ereduak interpretatzeko moduarekin, baina argi dago jurisprudentziaren aldetik ezegonkortasun-eremu bat ireki dela, eta hori ez zaio inori komeni, ez euskara-maila baxuagoa duenari, ez maila altuagoa duenari”, azaldu du.

Horregatik, uste du lehentasuna izan behar dela euskarari “segurtasun juridikoa ematea”.

De Andresen erantzuna

Bitartean, Euskadiko PPren presidenteak, Javier de Andresek, kritikatu egin du Korrika “hasieratik amaierara” garatu dela “ezker independentista erradikalaren mezu sorta” gisa.

Haren iritziz, “leku guztietan gertatzen da” ezker abertzaleak “espazio publikoa bereganatu du eta”. Gainera, EAJri eta PSEri aurpegiratu die “aurre egin ez izana”.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X