Espainiako Estatuko aire-espazioan sartzea galarazi diete Irango gerran parte hartzen ari diren hegazkinei
Morongo basearen kontrol-dorrea. Argazkia: Europa Press.
Espainiako Gobernuak herrialdeko aire-espazioa ixtea agindu du, eta Estatu Batuek eta Israelek Iranen aurka otsailaren 28an abiatutako Amorru epikoa operazioan parte hartzen ari diren hegazkinak ezin izango dira Estatuko aire-esparruan sartu.
Debeku horren ondorioz, hegazkin horiek ezingo dute Estatuko lurretik aireratu eta lur hartu. Horrez gainera, Erresuma Batuko eta Frantziako baseetatik irteten diren hegazkinak ere ezingo dira Espainiako aire-eremuan sartu.
Gobernuak ukatu egin zion AEBlo armadari operazio horretarako Rota eta Morongo baseak erabiltzeko aukera. Erabaki horrek Donald Trump AEBko presidentea haserretzea eragin zuen eta Espainiarekiko merkataritza-harremana moztuko zuela mehatxu egin zuen.
Hala ere, Espainiako Gobernuak tinko eutsi dio "gerrari ez" leloari. Margarita Robles Defentsa ministroak jakinarazi duenez, "hasiera-hasieratik argi eta garbi" helarazi zioten AEBri Estatuko Gobernuaren jarrera, eta berretsi du gerra hori "erabat legez kanpokoa eta bidegabea" dela.
PSOEk "neurri koherente" gisa defendatu du aire-espazioa ixtearen erabakia. Enma Lopez Batzorde Exekutibo Federalaren bozeramailearen ondokoak adierazi duenez, "azken ondorioetaraino" eramango dute emandako ezezkoa.
Bestalde, Alicia Garcia Alderdi Popularrak Senatuan duen bozeramaileak "itxurakeriaz" eta "inprobisazioz" jokatzea leporatu dio Gobernuari.
Zure interesekoa izan daiteke
Zenbat kobratuko dut hauteskunde-mahai batean parte hartu behar baldin badut?
Behin-behinean espetxera bidali ditu epaileak terrorismo delitua egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak
EAJren oinarriek asteazkenetik aurrera bozkatuko dituzte Batzar Nagusietarako hautagaitzak, Mendoza, Bengoetxea eta Gonzalez ahaldun nagusigai direla
Hondamendi eremu izendapena iragarri du Sanchezek Valentzian eta “herrialde mailako akordioa” eskatu du etorkizuneko larrialdietarako
Bizikidetzarako bidera batzeko deia egin die Jaurlaritzak "zor morala" dutenei
Anduezak ez du uste Irungo atxiloketen atzean "Euskadira indarkeria itzultzeko hazia" dagoenik